Txertaketa
Nahasmen handia sortu da Covid-19aren txertoa dela eta ez dela. Txertorik ez azken bi hilabeteetan positibo eman dutenei, txerto bakarra aurretik gaixotasuna pasa dutenei eta gainontzekoei bi dosi.
Hainbeste gorabeheren erdian, bat ez, zortzi txerto ezberdin hartu genituen. Batzuk beharrezkoak, beste batzuk badaezpada. Pentsa dezakezue nola ibili ginen.
Batzuk Donostian dagoen Txertaketa zentroan hartu genituen, beste batzuk anbulategian. Batzuk dosi bakarrekoak, baina bi eta hiru dosikoak ere bazeuden. Batzuk txertaketa zentroan lortzen ziren, baina anbulategian bertan edo farmazian lortu beharrekoak ere bazeuden. Emaitza: sekulako buruhaustea.
Hitzez guzti hau garbi azaltzea zaila edo ia ezinezkoa denez, jarraian azaltzen den irudian azalduko dizuegu zein izan diren hartutako txerto guztiak eta bakoitzaren ezaugarriak. Prezioan azaltzen dena bakoitzak dosi guztiengatik ordaindutakoa da.
Erregistro hau txertaketa liburuxka batean gordetzen da dokumentu ofizial modura. Orrialde bakarra erakusten da irudian, baina hiru bete ditugu txerto guztiekin!
Sukar horiaren txertoak pare bat egunetan ondoeza sortu zigun arren (ez handia), gainontzeko txertoekin ez dugu arazorik izan.
Malaria gaitzaren prebentzioa kasu berezia da. Ez dago txertorik. Egunean pastila bat hartuta babes zaitezke, baina horrek bidaia laburretarako baino ez du balio, hilabeteetan egunero pilula hori kontsumitzeak gibela kaltetzen baitu. Alegia, guri ez zetorkigun ondo.
Gure kasuan, malaria ekiditeko aukeratu dugun metodoak prebentzioa du oinarri. Arriskua dagoen eremuetan manga luzedun arropa erabiliko dugu, batez ere egunsenti eta ilunabarretan. Eremu arriskutsuenetarako burua babesteko sarea ere badugu. Azken aukera gisa, dendaren barruan atera gabe egotea dago! Guzti honekin hozka egitea lortzen baduteā¦ Meritu galanta!
Bromak alde batera utzita, gaixotzen garenerako malaria test azkarrak lortu ditugu, eta emaitza positiboa baldin bada, gaitzak okerrera jo ez dezan hiru eguneko tratamendua. Bitarte horretan, gure esku egongo da ahalik eta gertuen osasun zentro bat topatzea eta hara iristea.
Bukatzeko, Covid-19aren txertoa ere jaso behar genuen. Pellok jaso zuen berea, baina Jonek abuztu hasieran emandako positiboa dela eta txertoa hartu gabe hasi behar izan du bidaia. Ea arazorik ez dugun izaten honekin.