Ibilbidearen aukeraketa

Ibilbidearen aukeraketa

Aipatu izan ditugun hasierako txantxek mundua zeharkatzearekin zuten zerikusia. Phileas Foggen abentura moduko bat bizi nahi genuen baina 80 egunetan izan beharrean urte beteren bueltan. Hala ere, gure hasierako ideiak beste bi baldintza ere bazituen. Batetik, bizikletak izan behar zuen gure garraiatzeko modua. Bestetik, ez genuen presaka ibili nahi, alegia, bidaian inprobisaziorako eta lasaitasunerako malgutasuna bilatzea genuen helburu. Hau horrela, munduaren bira gure errealitatera egokitu behar izan genuen, ibilbide motzago bat aukeratuz.

Lurraldeetan pentsatzen hastean, Afrika etorri zitzaigun burura lehenengo. Bertako herrialdeen inguruan ezer gutxi genekien, izena ere ez batzuen kasuan. Gainera, bertako errealitatean pentsatzen jartzean antzekoak diren irudiak etortzen zitzaizkigun burura. Herrixka txikiak, sabana eta animaliak. Ondorioa argia zen. Ezin genuen Afrika nolakoa zen imajinatu. Horren handia den kontinente batean gauza gehiago egon behar dutela iruditzen zitzaigun eta ezagutu nahi genituen.

Asiaren kasuan beste hainbeste. Gainera, Europako eta Afrikako kulturekin alderatuz, desberdintasun handia dagoela iruditzen zitzaigun. Horrez gain, inguru horiek zikloturismo gisako bidaiak egiteko aproposak direla entzunda genuen. Horrela, kontinente hau bisitatzeko gura ere piztu zitzaigun.

Bizikletak askatasun handia ematen duen moduan bere mugak ere baditu. Horiertako bat eguraldia da. Ibilbidea pentsatzean, zuhur aritu behar genuen urtaroak, klima eta herrialdeak aukeratzerako orduan. Zorionez, gure planetako hemisferio bakoitzean kontrako urtaroa izaten da eta horrek aukera ematen zigun urtea negua ekidinez igarotzeko. Gurean izaten ditugun uda laburrez aspertuta urte osoan eguzkia bidelagun izan nahi genuen!

Behin bisitatuko genituen kontinenteak erabakita eta klimak errespetatuko gaituen eremuak identifikatuta, herrialdeen aukeraketan ez genuen lan handirik izan. Gatazka politiko edo segurtasun arazorik ez zegoela ziurtatu eta aurrera!

Azkenean, jarraian ikusten den mapako ibilbidea zehaztu genuen, bidaia bi bloke nagusitan banatuz. Lehenengoan Hegoafrikatik Kenyara joateko asmoa dugu, Zimbabwe, Mozambike, Malawi eta Tanzania zeharkatuz.

Bigarrenenean, Thailandiatik Kirgizistanera, Myanmar, India, Nepal, Pakistan, Txina eta Tajikistan bisitatuz. Bi blokeen arteko trantsizioa hegazkinez egitea dugu pentsatuta.

Lehen kalkuluen arabera 4.500 km inguru izango dira Afrikan eta 9.500 km inguru Asian. Egunean 40 kilometro inguru eginda lau hilabete beharko ditugu lehen blokea egiteko eta bataz besteko horrekin jarraituta, zortzi hilabete bigarrena egiteko. Kontuak aterata, urtebete inguruko bidaia izango dela dirudi, baina, kontu horiek egiterakoan ez ditugu kontuan hartu matxurak, geldialdiak edo ezustekoak, beraz nork daki benetan zenbat iraungo duen honek. Bidaiaren xarmetako bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude