Zuri-beltzaren kolorea

Juantxo Egañak argazki erakusketa bat jarri du Donostiako Alboka tabernan. «Zuri-beltzeko argazkiak koloretakoak baino errealagoak dira», adierazi du. Abuztuaren 15era arte egongo da.

Juantxo Egaña Donostiako Alboka tabernan, joan den ostegunean. JON URBE / FOKU
Juantxo Egaña Donostiako Alboka tabernan, joan den ostegunean. JON URBE / FOKU
Donostia
2024ko uztailaren 17a
05:00
Entzun

Donostiako Easo kaleko Alboka tabernara sartu, eta, kafea eskatzeko denborarik gabe, paretetako argazkiak datoz gainera. Hogei argazki. Guztiak zuri-beltzean. Jorge Oteiza, Julia Otxoa, Pio Caro Baroja, Joxean Artze eta Julia Asins, besteak beste. Juantxo Egañaren erakusketako argazkiak dira. Musika ere aproposa da. Itoizen Clash eta Pistols entzuten da, paretetako argazkien laguntzaile.

Soslaiz ateratako argazkiak dira gehienak. Jose Antonio Sistiaga, Joxean Artze eta Juan Gorritirenak, esaterako. «Agian nire lotsa ezkutu batengatik da, baina askoz erosoago sentitzen naiz argazkia atera behar diodan pertsona soslaiz dagoenean», adierazi du Egañak. Artistaren etxean bere eremuan dagoenean halako argazkiek lasaitasuna ematen diotela gaineratu du. Argazkian ateratzen den pertsonaren gainean ere hausnartu du: «Askotan, argazkia ateratzen diodan pertsona ere bere munduan ikusten da, naturalago, eta bera ere lasaiago sentitzen dela uste dut».

Erakusketa bat jartzeko ezohiko lekua da taberna bat. Egañak, berez, ez zeukan horretarako asmorik. Jon Martinezek deitu zion —tabernako jabeak— erakusketa bat jartzeko asmotan. Lagunak dira, betiko lagunak. Egañari ideia aparta iruditu zitzaion tabernan erakusketa jartzea, leku «alternatibo» bat baita. «Normalean iristen ez zaren pertsonetara iristeko aukera daukazu», zehaztu du Egañak. Erakusketa muntatzeko lanetan ari zirela, pertsona bat joan zen Egañarengana. Pio Caro Barojaren zalea zen. Erakusketako Barojaren argazkiaren eta horren atzeko historiaren gainean mintzatu ziren luzaroan.

Zuri-beltzaren aldeko jarrera erakusten du Egañak. Zuri-beltzaren «izaera» eta «indarra» azpimarratu du une oro argazkilariak. «Zuri-beltza bizitza da», gaineratu du, eta kolorea «transformatzeko» eta «editatzeko» aukera dagoela, «manipulagarriagoa» dela.

Egañaren oihal beltza

Erakusketako argazki askok atzealde beltza daukate, iluna. Juantxo Egañak berarekin eraman ohi du oihal beltz bat, ateratzen dituen argazkien atzealdea beltza izan dadin. «Argazkiari indar handiagoa ematen dio horrek, eta argazkia aterako diozun pertsona gainontzeko gauza guztietatik bakartzen duzu; bera bakarrik geratzen da», adierazi du Egañak. Joxean Artzeren argazkian, esaterako, atzealde beltza ikusten da; oihalarekin ateratako argazkia da. Egañak kontatu duenez, elkarrizketa bat egiten ari zitzaizkion Artzeri. Elkarrizketagileak egin zion lehen galdera 'zer da zuretzat poesia?' izan zen. «Isilik geratu zen, zer erantzun ez zekiela». Oihal beltza prest zeukanez, orduan atera zion argazkia Artzeri.

Erakusketarako hautatu dituen argazkiak 1989tik 2023ra artean ateratakoak dira. Argazkietan agertzen diren artista askori bizitzako «azken urteetan» atera zizkien argazkiak, Joan Mari Irigoieni, esaterako. «Joan Mariren etxetik lur jota atera nintzen; bera ni animatzen zebilela zirudien, alderantziz izan beharrean», azaldu du Egañak [2023ko maiatzaren 17an hil zen Irigoien].

Juantxo Egañaren erakusketako argazki bakoitzaren atzean istorio desberdin bat dago ezkutatuta, bata bestea baino bereziagoa; Alboka tabernako Itoizen doinuen bidelagun diren istorioak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.