Zirkuak kritikatzeko ere balio du

Koblakari antzerki taldeak antzezlan berria aurkeztuko du etzi. Pertsonen egoismoa izango da gai nagusia

Koblakari antzerkikoek Bilboko Campos Eliseos antzokian taularatuko dute euren lehen antzerki emanaldi propioa. NARAE KIM.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Gizartea bakarrik bizi diren pertsonen multzoa da», zioen behin eta berriz kalean bizi den pertsona batek. Negarrez ari zen, eta alboan kartoiak oheak balira bezala prestatzen ari ziren bi kide zituen. Edozein hiritako zubipean egon zitekeen hirukotea, baina Bilboko Campos Eliseos antzokian zeuden, eta Koblakariren Sueños de cemento lanaren aurrerapen txiki bat eskaini zuten. Koblakari Bizkaiko Malabaristen Elkarteak bere lehen antzerki emanaldi propioa estreinatuko du ostiralean aipatutako antzoki horretan, eta horren aurkezpena egin zuten atzo. Zirkuaren diziplina alde batera utzi gabe, gizarte indibidualistari eginiko kritikarekin antzezlan garaikide bat eskaintzea da haien helburua, non norberak eginiko interpretazioak animo egoera jakin batera eramango duen. Dena den, kritikotasunari helduko diote lehen minututik, askatasunera eramango gaituen bide bakarra desobedientzia dela oihukatuz hasiko baitute ikuskizuna.

«Antzezlanaren sorkuntza kolektiboki egin da, eta kolektiboen indarra goraipatzea da guri gehien atsegin zaigun ideia», azaldu zuen Xabier Larrea aktoreak. Elkartea bera kolektibotasun horren isla da, sorreratik Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea izan baita bere ekintzen kokalekua. 2001ean sortu zen elkartea, lagun talde bat Bilboko Plaza Berrian eskujokoak egiteko batzen hasi zenean. Dena den, leku fisiko baten beharraz jabetu eta Kukutza gune autogestionatura igaro ziren, 2011. urtean hura jendez hustu eta eraitsi zuten arte. Orain Deustuko auzoko Zirkozaurre izeneko zentroan daude, eta beren lana «profesionalizatu» dela azpimarratu zuten aktoreek. Zirkozaurre bi antzerki konpainiak kudeatzen duten gune pribatu bat da, eta Koblakarik haien instalazioak erabiltzeko baimena lortu du. Astelehenero batzen dira elkarteko kideak, eta zentroa zirkuaren arte eszenikoen batuleku bihurtu nahi dute.

Larrearen ustez, «garai onak dira sorkuntza aldetik. Gainean daukagun krisi edo iruzur honek bizitza era batera edo bestera ateratzera behartzen gaitu, eta horrek jendea beste bide berri batzuk bilatzera behartzen du. Zirkua aproposa da momentuan pasatzen den jendea harrapatzeko, eta kale antzerkian lan egiten duen jendea horren bila dabil». Aipatu bezala, antzezlanak antzerki garaikidea besarkatuko du, baina ez ditu zirkuan ohiko bihurtu diren diziplinak alde batera utziko, horiek baitira Koblakariren nortasun ezaugarriak. «Jendeak zirku hitza entzuten duenean animaliez betetako karpa bat etortzen zaio burura, baina hori ez da guk egiten dugun zirku mota», gaineratu zuen Larreak.

Ekitaldi asko, bertan behera

Aipatu bezala, Koblakarik herritarrei zuzendutako hainbat ekitaldi egin izan ditu bere ibilbidean. Urteetan zehar, adin ezberdinetako jendeari zuzendutako tailerrak, kalejirak eta ikuskizunak antolatu izan ditu, eta elkarteko kideetako askok bere kabuz egiten dute lan zirkogintzan. Dena den, urte luzeetan fama handia lortu zuen Eskuketari eta Zirko Artisten Topaketak bertan behera utzi dituzte, Kukutza desagertzeak ekintza horiek aurrera eramatea baldintzatu dielako. Arazoa leku apropos bat lortzerakoan izan dute, Udalak ez baitie behar zuten bezalako instalaziorik utzi. «Ekitaldi nagusiak Euskalduna, Ayala edota La Casilla aretoetan egin dira, baina gero baditugu espazio txikiagoa behar duten ikuskizunak, eta Kukutzak baldintza guztiak betetzen zituen. Kukutzarik gabe geratu garenean, esfortzu handiago bat egitea suposatu zigun, kudeaketa aldetik askoz gestio indartsuagoa behar genuelako », azaldu du Larreak.

Nahiz eta Koblakariko hainbat kide beste proiektu ezberdinetan egon, Pirineos de Circo izeneko proiektua da Koblakariren egitasmo nagusia. Egitasmo horrek Pirinioen bi aldeetara dauden hainbat zirku eskola batzen ditu, eta horien arteko elkarlana bultzatzea du helburu. Baionako Harri Zurik eta Iruñeko Oreka Zirku Eskolak ere hartzen dute parte proiektuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.