Ezarian. Zientzia. Lydia Zapata. Arkeobotanikaria

«Zer haragi jaten zuten badakigu, baina landareei buruz ez dakigu ezer»

Iberiar penintsulako eta Marokoko aztarnategietan Paleolitoko landare fosilak aurkitzea du helburu Lydia Zapata EHUko ikertzaileak, neanderthalek eta lehen 'Homo sapiens'-ek horiek nola baliatzen zituzten argitzeko; Europako Ikerketa Batzordearen beka bat jaso berri du, proiektuarekin aurrera egiteko.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Amaia Portugal.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Europako ikertzaileei ematen zaien beka handiena jasoko du Lydia Zapata (Bilbo, 1965) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) arkeobotanikariak. Ondo bidean, 1,9 milioi euroko finantzaketa lortuko du bost urterako, Europako Ikerketa Batzordeak ematen duen ERC Grant bekari esker. Lehenbizikoz, consolidator kategoria sortu dute deialdian, doktore tesia duela bost eta hamabi urte artean defendatu duten ikertzaileentzat, eta hor lortu beka Zapatak (duela hamabost urte defendatu zuen berak, baina luzapena dagokio ama izateagatik). Mendebaldeko mediterraneoko landareen erabilera Paleolitoan du izena aurkeztu duen proiektuak. Diruhorri esker, lan horretarako kontratazioak egingo ditu aurten.

Historia ikasi zenuen, arkeologo izateko. Baina zergatik aukeratu zenuen arkeobotanika, zehazki?

Kasualitatez. Zortea izan nuen, Londresko University Collegen aritzeko beka bat jaso nuelako. Horra heldu nintzenean ez nuen oso garbi zer egin. Une horretan unibertsitateko Arkeologia Institutuan oso indartsu zebiltzan ingurune arkeologiaren alorra jorratzen, eta pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela halako espezialitate batean lan egiteko. Garai hartan egur-ikatz asko nuen, Londresera joan aurretik egindako indusketetatik hartua, eta horrekin hasi nintzen lanean. Material hori eskura neukalako eta Londresen espezialitate horretan ikerketa polita egiten ari zirelako aukeratu nuen.

Gero EHUn egin zenuen doktore tesia. Arkeobotanika ikertzen lehenengoetarikoa izango zinen, ezta?

Letren Fakultatean ez geneukan laborategirik. Beti pentsatzen da Giza Zientzietan ez dela horrelakorik behar... Doktore tesiarekin hasi nintzenean ez geneukan txorrotarik ere. Hamabost urteotan lan handia egin dugu horretan, materialak erosten eta mikroskopioak eta erreferentzia bildumak lortzen. Erreferentzia bildumak oso inportanteak dira guretzat. Adibidez, hazi bat edo egur zati bat identifikatzen badugu eta pinu batena dela uste badugu, gaur egungo materialarekin konparatu behar dugu, zuzen gaudela ziurtatzeko. Horretarako behar ditugu material modernoa duten erreferentzia bildumak.

ERC Consolidator beka eman dizute. Zer izan du kontuan epaimahaiak?

Ikertzailea zein proiektua izaten dute kontuan. Bikaintasunari erreparatzen diotela esaten dute. Orduan, begiratzen dute ea ikertzailea ondo egokitzen zaion proposatutako ikerketa motari, eta gero, ideia zein den. Nire kasuan, uste dut curriculumak baino garrantzi handiagoa izan duela proposatutako gaiak. Berriak izan behar dira; gai horretan ezaguera hutsunea egon behar dela diote. Eta arriskutsuak, beste deialdi mota batzuekin ordaindu ezin direnak; hori ere oso gustuko dute.

Arriskutsuak?

Adibidez, nik azaldu dut Paleolitoko landareak bilatuko ditudala, eta arkeobotanikari guztiok dakigu zaila dela; indusketa asko egingo ditugula, laginak hartu... eta agian ez dugula ezer aurkituko. Hori da arriskua: emaitzak ez daude ziurtaturik, eta hori atsegin dute. Gaia arriskutsua izatea, baina emaitzak lortuz gero, gure diziplinari aurrerakuntza handia ekarriko diona. Orduan, horiexek dira irizpideak: arrisku handia, gai berria, ezaguera hutsunea eta bikaintasuna. Nik banekien gai honek baldintzok betetzen zituela. Arkeobotanikari batek hau irakurri eta ados egongo zela; Paleolitoan landareen ustiaketa nolakoa izan zen, horri buruz ez dakigula ezer, eta emaitzak lortzen baditugu oso aurrerakuntza handia izango dela gure diziplinarako. Nekazaritzaren sorrera askotan landu dugu, baina landare bilketan ia inork ez du serio lan egin, eta Europako mendebaldean baditugu horretarako aztarnategiak. Iparraldean ez, Paleolitoko aro hotzetan izotzez estalita zegoelako. Baina hemen badauzkagu sekuentzia arkeologikoak, luzeak eta interesgarriak.

Paleolitoko periodo zehatzen bat aztertu behar al duzu?

Neanderthalak Erdi Paleolitoaren azken zatian bizi izan ziren; orduan, azken Erdi Paleolitoa hartuko dugu, baditugulako hori aztertzeko aztarnategiak, eta gero, Goi Paleolitoa. Interesgarria da, neanderthalak eta Homo sapiensak (gu) sartzen direlako hor. Saiatuko gara ikusten ea landareen erabilpena desberdina ote zen. Agian neanderthalek ustiapen oportunistagoa edo ez hain planifikatua egin zuten, eta agian Homo sapiensen artean beste erabilpen mota bat ikusiko dugu. Bestalde, orain dela 10.000 urte inguru Pleistozenoa amaitu zenean, Holozenoa hasi zen, gaur egun bizi dugun aroa. Klima hobekuntza izan zen, eta ingurumena asko aldatu zen, bat-batean klima epeldu eta izotz aroa desagertu zelako. Landareak eta baliabideak asko aldatu ziren, eta ea aldaketa hori ere ikus dezakegun.

Zergatik aukeratu dituzu mediterraneoko aztarnategiak?

Proiektuari izen hori jarri diogu, baina berez Iberiar penintsula osoa eta Maroko izango ditugu aztergai. Euskal Herria ere bai: Dimako Axlor eta Baltzola aztarnategiak sartu ditugu. Horrez gain, Valentzia aldeko aztarnategi batzuk, Andaluziakoak, Portugalgoak eta Maroko iparraldekoak. Aztarnategi onak geneuzkalako aukeratu ditugu leku horiek, eta bertako ikerketa taldeak prest zeudelako inplikatzeko eta landareak ondo berreskuratzeko.

Non aurkitzen dira landare fosilak?

Askotariko materialak aztertuko ditugu. Adibidez, egurra normalean ikaztuta kontserbatzen da aztarnategietan, orduan, egur-ikatzak aztertuko ditugu, eta mikroskopioan identifikatuko dugu zer arbola den. Horrela ikusiko dugu zer arbola eramaten zituzten aztarnategietara, erregai bezala erabiltzeko. Haziak ere inportanteak dira, dietarekin lotura izan ohi dutelako. Aztarnategietara eramaten zituzten haziak eta fruituak jateko izaten ziren askotan. Orain arte gehiegi aztertu ez diren aztarna berriak ere ari gara bilatzen. Adibidez, tuberkuluak eta sustraiak, pentsatzen dugulako oso inportanteak izan zitezkeela ehiztari biltzaileen dietan. Zailak dira identifikatzen, baina saiatuko gara berreskuratzen eta izendatzen. Gero, polena ere saiatuko gara ikertzen; aztarnategietaraino heltzen da eta berreskuratu daiteke, identifikatu eta inguruko landare paisaia nolakoa zen aztertzeko.

Besterik?

Oso txikiak diren beste aztarnak batzuk ere badaude: fitolitoak. Silize bihurtutako zelula zatiak dira; ez-organikoak dira, eta horregatik, ondo kontserbatzen dira. Almidoiak ere berreskuratu ahal dira, aztarnategietan eta tresnerian. Adibidez, landareak txikitzeko harriak erabili bazituzten, hor almidoiak berreskuratu daitezke. Tresneria bera ere begiratuko dugu; harri tresneria, sukarria eta hezur tresneria. Tresnak erabiltzen zituztenean mikroskopikoak diren aztarna bereziak geratzen ziren, eta sukarria mikroskopioan begiratuz, adibidez, aditu batek zehaztu dezake ea tresna landare bat txikitzeko erabili ote zen.

Landare bakoitza zehazki zertarako erabiltzen zuten jakin al dezakezue?

Aztarnaren arabera. Adibidez, ikaztuta dagoen egurra normalean erregai bezala erabiliko zuten, baina erregai hori berotzeko edo lehengaiak eraldatzeko ote zen, zaila da... Bestalde, fruituak eta landare asko jateko zirela pentsatzen dugu. Agian medikuntzarako ere bai, baina zailagoa da hori zehaztea. Ezkurrei dagokienez, adibidez, sutan manipulatu zituztela ikusten dugu, eta orduan bai, jateko izango zirela interpretatzen dugu. Hain zuzen, informazio etnografikoa ere sartuko da gure proiektuan. Batez ere adineko jendeak badakielako landare batzuk zertarako erabili izan diren, eta informazio hori jasotzea oso inportantea da guretzat. Garrantzitsua da ikustea gaur egungo gizarteek nola manipulatzen edo tratatzen dituzten landareak, ikusteko manipulazio horrek, antzina ere egiten bazen, zein ondorio arkeologiko utzi zitzakeen. Dena dela, askotan zaila da jakitea, landare batek erabilpen asko izan ahal dituelako. Erabilpen sinbolikoak ere izango zituzten akaso, baina horrek ihes egiten digu. Errazena dieta da. Eta guretzat oso gai inportantea da, oso gutxi dakigulako horri buruz.

Ba al dakigu noiz hasi ziren ereiten?

Hori Neolitotik aurrera gertatu zen. Oso interesgarria da, baina hobeto ezagutzen dugu, eta horregatik Paleolitoan bakarrik zentratuko gara gu. Paleolitoan basa ustiaketa egiten zen; bai animaliena, bai eta landareena ere. Animalien artean, oreina ehizatzen zuten, basurdea, basa zezena... zer haragi jaten zuten badakigu gutxi gorabehera, eta arrantza egiten zutela ere bai, baina landareei buruz ez dakigu ezer. Paleolitoan klima hotza izan zenez nagusiki, sarritan arkeologook pentsatzen dugu ia ez zela landarerik egongo. Baina etnografikoki, badakigu adibidez inuitek landareak erabiltzen dituztela, nahiz eta leku hotzetan bizi. Gure dietan behar ditugu; gure espezieak karbohidratoak behar ditu, landareak behar ditu, bestela hiltzen gara. Orduan, nahiz eta klima oso hotza izan eta landare baliabideak eskasak izan, zer edo zer erabili behar zutela uste dugu.

Klima aldatu zenean landareak asko aldatu al ziren, orduan?

Bai, aldaketa hori nahiko ondo ezagutzen dugu; Pleistozenoa amaitu eta Holozenoa hasi zen garai hori. Sekulako beroketa gertatu zen, eta itsas maila ere igo zen, planetako izotza asko urtu zelako. Badakigu, adibidez, garai hartan basoak asko hedatu zirela Europan zehar. Lehen pinu batzuk, urkiak, ipuruak... besterik ez zegoen. Tenperaturak epeldu zirenean hurritzak, haritzak eta beste basoak agertu ziren, eta horri esker landare baliabide eta janari askoz gehiago zegoen. Adibidez, ezkurrak oso inportanteak izango ziren, Europan batez ere hariztiak hedatu baitziren. Baina ez dugu frogarik. Horretan ere lan egingo dugu.

Orain arte, zer dakizue proiektuan aztertuko dituzuen Euskal Herriko bi aztarnategiei buruz, Baltzola eta Axlorri buruz?

Aspalditik dira ezagunak Euskal Herrian, batez ere aita Barandiaranek egindako lanarengatik. Axlor izan zen, hain zuzen, berak induskatu zuen azken aztarnategia, eta Baltzolan, ikerketa txiki bat egin zuen 36ko gerra hasi baino lehen. Informazio handirik ez zegoen, eta horregatik indusketa arkeologiko bat egitea erabaki genuen; 2006an hasi ginen, eta sei urte eman ditugu hor. Interesgarria izan da, neanderthalen aztarnak agertu direlako bietan. Giza aztarnarik ez, baina Axlorren ehizatutako animalien hezurrak daude, eta Baltzolan, tresneria. Flotazioa egin dugu bietan, hau da, induskatutako sedimentuak uretan jarri ditugu, haziak flotarazteko. Beraz, tratamendu berezia egin dugu landare aztarnak berreskuratzeko.

Bost urterako beka eman dizute. Zer itxaropen duzu?

Espero dut emaitzak izango ditugula, ikusteko landare baliabideak nola aldatu ziren 50.000 urte hauetan, eta batez ere gizakiek nola ustiatzen zituzten. Era berean, espero dut ikusi ahal izango dugula zer metodo diren onenak gai hauek ikertzeko. Orduan, landareen erabilerari buruz emaitza konkretuak izatea espero dut, baina emaitza metodologikoak ere bai, gure landa lanean baliatzen ditugun teknikak hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.