Etnografoa zen ofizioz, eta Euskal Herriko kultura aztertzeari, ikertzeari, jasotzeari eta zabaltzeari eskaini zion bizitza Antxon Agirre Sorondok (Donostia, 1946-2014). Haren anaia Juan Agirre Sorondoren arabera, ondarearen defentsara, sentsibilizaziora eta sozializaziora emana bizi izan zen. Hainbestekoa zuen «pasioa», azken-azkenera arte eutsi baitzion. Gipuzkoako ontzigileen gainean urte luzez egindako lana amaitzen ari zela zendu zen, duela lau urte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bazuen Agirreren ikerketaren berri, eta, egilearen heriotzaren ondotik, haren anaia Juan Agirre Sorondorengana jo zuen argitalpenaren ardura har zezan. «Ni erabat ezjakina naiz gaiaren inguruan, baina sekulako pena litzateke Antxonek egindako lan guztia alferrik galtzea». Hala sentitzen duenez, berriro hartu zuen anaiaren lana, eta hark «informazio iturri» izandako bi itsas arotz ohirekin batera— Luis Loinaz eta Manuel Sorondo— eman dio behin betiko liburu forma Antxonek ia-ia argitaratzeko prest utzitako testuari. Gipuzkoako ontziolak izenarekin plazaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak; ele bitan atera dute, euskaraz eta gaztelaniaz.
Azken itsas arotzen historia, teknika eta bizimodua darama liburuak azpiizenburu, eta horretan datza barruko mamia: 1930-1980 bitarteko praktikak eta ontziolak bildu zituen Agirrek,betiere hamabi itsas arotzen lekukotasunetan oinarrituta. Etnografoak hitzaurrea ere idatzita utzi zuen, eta lekukotzen balioa azpimarratzen du bertan: itsas arotzek euren lanbideaz emandako testigantza xehea. Ikerketa, berez, 1988-1993 bitartean egin zuen Agirrek, eta 2013an hasitako berrikuspen lanean orraztu eta osatu zuen.
Arrantza ontziak, traineruak, batelak, txalupak, arraste ontziak... Denetariko ontziak egiten zituzten iragan mendeko itsas arotzek, lan talde oso baten eskulanean oinarrituta soil-soilik. «Itsasoko ontziez nahiz ibaietakoez ari gara. Arotz horiek ezaugarritzen dituena da ur gainerako ontziak egiten zituztela, egurrarekin eta lehengo eran», argitu du Agirrek. Ofizioaren inguruan bizimodu bat eta ofizioaren ezagutza zehatza jaso zituen Agirrek, eta bi aldeak datoz liburuan. «Lehen atala antropologikoa da, eta hori edonorentzat izan daiteke gozagarri irakurtzeko; lanak sortzen zuen egunerokoa, siesta ordukoak... langile horien bizitza; atal humanoa, azkenean».
Zehazki, ondorengo ontziolen historia jasotzen da: Goldaracena (Lezo-Pasaia), Luxiano (Errenteria), Urumea (Donostia), Loiola (Donostia), Mapil (Usurbil), Galarraga (Orio), Lazkano (Getaria), Bedua (Zumaia), eta beste zenbait.
«Bigarren atala lanaren deskribapena bera da, liburuaren ekarpen nagusia», Agirrerentzat. Egileak hitzaurrean aitortzen duenez, lanaren erronka nagusia «deskripzio eta definizio teknikoen konplexutasunean» izan zuen; nola transmititu ontzi bat eskulanez eraikitzeko prozesu osoa, lehen ideiaren zirriborrotik uretaratzeko ordura arte.
Miresmena kutsatu
Erronka horixe izan du eginbehar «zailena» Agirre anaiak ere. «Ulertzea eta lan teknikoa ondo ekartzea; bere partikularizazioak ditu, eta sartu egin behar da mundu propio horretan». Agirrek, gainera, luze eta zabal utzi zuen jasota informazioa, eta, anaiak dioenez, haren ikerlana erdira murriztea erabaki dute azkenean. «Antxon asko luzatzekoa zen, eta ni, berriz, asko sintetizatzekoa. Orri mordo bat kentzeko lizentzia hartu dut; halakoetan gertatu ohi denez, amaigabeak baitziren horretan buru-belarri ibili denak erakutsi nahi dituen xehetasunak eta ñabardurak».
Horretan lagundu diote gehien Loinazek eta Sorondok; Donostia inguruan itxi zen azken ontziolakoa izan zen Sorondo. Martutenen zegoen Urumea ontziola, eta 1984an itxi zuten.
Euskal Herriko urertzetan aurkituarekiko lilura transmititu nahi zuen egileak, orobat. Hala dio hitzaurrean: «Irakurleari kutsatu nahi nioke, nire barnean itsas arotzen edo ontzigileen lanbidearengana piztu eta hazi zaidan miresmenaren puntatxo bat; izan ere, mendeetan zehar metatutako jakintzatik abiaturik, zurezko egitura flotagarriak sortzen edo birsortzen dituzte haiek, bai lanerako eta kirolerako, bai laketerako, eta askotan harmonia eta edertasun paregabeko pieza teknikoak lortzen dituzte, gainera».
Aurretik, Agirrek urte ugari pasatu zituen erroten gaineko azterketarekin, eta hortik iritsi zen itsas arotzengana; erroten ondoan zeuden errekak, eta erreken ondoan, arotzak. Gainera, ikuspuntu etnografikotik ontzigileak aztertzen zituzten lanak oso bakanak zirela ikusteak are gehiago bultzatu zuen lanbideko azkenen testigantzak jasotzera. Horien artean, Juan Agirre anaiak Goldaracena ontziola nabarmendu du. «Gipuzkoako urertzetan egon den azken arotz leinuetako bat da».
Behin eta berriro aipatzen da azken berba liburuan, eta Juan Agirrek behin eta berriro berretsi du azken itsas arotzak direla liburukoak.
Iaz, Albaolak Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskola ireki zuen Pasaian, eta, Agirrek dioenez, «bere ñabardurekin, baina garai bateko teknika artisaua berreskuratzen ari dira hor ere. Onartu behar, halere, garai batzuk joan direla».
Ur ertzeko eskulanaren testigua
Antxon Agirre Sorondo etnografoak Gipuzkoako ontziolez eta itsas arotzen lan egiteko teknika zehatzez egindako ikerketa argitaratu du Foru Aldundiak, egilea hil eta lau urtera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu