Javi Castro. Aranzadi elkarteko etnografoa

«Udalek itsas ondarearen aldeko apustua egin beharko lukete»

Itsasertzeko ondarea galduz doa gutxika. Berreskuratzea ezinezkoa denez, kontserbatu eta ezagutarazi beharra dagoela dio Castrok.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRES.
Bilbo
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Gaur arratsaldean Ondarea, Lekeitio bideratzen duen itsasargia jardunaldiaren bosgarren ekitaldia egingo dute Lekeitioko kultur etxean. Bertan jardungo du hizlari Javi Castro etnografoak; marea errotei eta itsasertzeko ondareari buruz jardungo du.

Zergatik da interesgarria gure itsasertzeko ondarea ezagutzea?

Lehenengo eta behin, oso ezezaguna delako, eta ezezaguna den oro, interesgarria da. Ondarea benetan urria da, eta erraz gal daiteke.

Itsasertzeko ondareari buruz hitz egiten duzunean, elementu materialei ala immaterialei buruz ari zara?

Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia sailekoa naiz, eta elementu materialak aztertzen ari naiz orain, begiekin ikus dezakeguna. Dena dela, elementu immaterialak ere badaude; esaterako, arrantzarako usadioa. Ondare materiala zein immateriala garrantzitsuak dira; baina azken hori errazago galtzen da, ahozko tradiziozkoa delako. Elementu materialak, bestalde, fisikoki grabatuta geratzen dira gure ingurunean: errotak, baselizak...

Zein da zure lana Aranzadi elkartean?

Ondare materiala konturatu gabe topa dezakezu; esaterako: pertsona bat mendira doa osteratxo bat egitera, errotarri bat ikusten du, eta, beharbada, gauza bitxia irudituko zaio; baina jakin-minik eduki ezean, oinez jarraituko du, eta ez da konturatuko harriaren balioaz. Nik egon badauden gauza horien balioa azaleratu edo nabarmendu egiten dut; hori egiten saiatzen naiz.

Bizkaian, Mendexako Artzabalgo harrobia horrela aurkitu zuten ezta?

Iragan uztailean, Lekeition uda pasatzen duen gizon batek, errotarrien harrobia aurkitu zuen, hark, Lekeitioko Atabaka kultur elkarteko Guillermo Ruiz de Erentxuni esan zion, eta azken horrek niri deitu zidan. Landutako harri bat aurkitu zuen, errotarria, 133 zentimetroko diametroa duena eta 800 kiloko pisua, eta esango nuke duela 300 urte baino gehiagokoa dela. Lea erreka bazterrean 30 errota baino gehiago izan ziren, baina harrobirik zegoela, ordea, inork ere ez zekien. Marea arteko harrobia da, beraz, mareak behera egiten duenean baino ez da ikusten.

Zer egingo duzue ondare horrekin?

Oraingoz, dagoen moduan utzi. Kartelen bat jarri bertan errotarria dagoela esanez, bisitak egiteko bidezidor bat egokitu... Hori ez da nire lana, nik ahal den guztia kontserbatzeko proposamena egingo nuke. Errotarriak, hortik ateraz gero, esanahia galtzen du, bertan baitago harrobia, harrobia ez da harria, lekua baizik.

Ondarea galduz doa gutxika...

Ondarea zerrenda batetik gauzak ezabatuz joatea bezala da. Oraingoan, Mendexako harrobia zerrendara gehitu dugu; sekulako zortea izan dugu, horrelakoak oso gutxitan gertatzen baitira. Bizkaiko ondarean elementu bat gehitu dugu, eta pozten naiz zinez, horren balioa azaleratzen lagundu dudalako.

Marea errota bat ere badago Mendexan.

Bai, Marierrota, eta, 1980ko hamarkadan, eraitsi eta zaharberritu egin zuten, erreplika bat egin zuten, orduko makineria errespetatuz, lau errotarri jarri dituzte. Euskal Herriko kostan oso marea errota gutxi zeuden, errota guztien %3 baino ez ziren. Gainera, ziur nago aurretik aipatutako harrobiak eta errotak lotura badutela; oso hurbil daude. Oso ondare ahula dira marea errotak, eta zaindu egin behar dira.

Zer konponbide edo proposamen planteatzen duzu itsas ondarea mantentzeko edo gehiago gal ez dadin? Zertan lagun dezakegu?

Galdutakoa ezin da berreskuratu, baina geratzen den ondarea ezagutarazi eta kontserbatu egin behar dugu. Marierrotarekin egin dutena, esaterako, oso egokia iruditzen zait. Museoa eta interpretazio zentroa jarri dituzte, eta jendeak errotaren funtzionamenduaren eta historiaren berri jakin dezan, eta garai bateko ofizioa ezagutzera emateko. Zaharberritze lanak egitea erabaki ona da, baina hori Kosta Legeak baldintzatzen du. Galarazita dago norberak erabakitzea, legez ondarea estatuarena delako. Udalek esnatu eta ondarearen aldeko apustua egin beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.