Hamabi urte joan dira jada Txolarre Irratiak uhinetako hegaldia Tolosaldean hasi zuela. Ordutik etenik gabe jardun du, euskaraz eskualdearen berri ematen. «Euskarazko hedabideena bidegurutzez eta zailtasunez beteriko bidezidorra da, baina egin beharrekoa», diote irratiko kideek. «Ahalegin horretan beste bultzada bat izango da gaurko bertso saioa».
Tolosako Leidor aretoan punta puntako bertsolariak ariko dira gaur arratsaldean. Laugarren urtea da euskarazko irratiak jaialdia antolatzen duela, Tolosako Udalaren laguntzaz. Aurreko urteetan bezala, gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre bertsolaria ariko da. Txolarre Irratiko lagun eta lankidea ere bada Agirre.
Agirreren esanetara, jaialdian honako bertsolari hauek ariko dira: Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Igor Elortza. Elkar ondo ezagutzen dute sei bertsolariek. Alaia Martin izan ezik, beste bostak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletan aritutakoak dira.
Sarrerak 10 eurotan eros daitezke aurretik. Gaur bertan Leidorreko leihatilan 12 euroan izango dira salgai.
Txolarreko kideek jaialdi arrakastatsua izatea espero dute, «irratiak eskualdean duen babesaren erakusle».
TXOLARRE IRRATIAREN ALDEKO BERTSO JAIALDIA
Noiz. Gaur, 18:00etan.
Non. Tolosako Leidor aretoan (Gipuzkoa).
Txolarre laguntzeko bertsoak
Egaña, Maia, Arzallus, Lujanbio, Martin eta Elortza Tolosako Leidor aretoan ariko dira gaur, 18:00etan hasita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu