«New York». Bilboko Unamuno plazako Euskal Museoan turista talde bat leihatilan, nongoak diren erantzuten. Dohainik daukate sarrera 65 urte baino gehiago dituztenek, eta gurutzatu dute ataria. Museo barrutik jende hotsak entzuten dira. Zerbait hastekoa dela igartzen da klaustroan: solasaldi animatuak eta festa hasi aurreko giro hori. XIX. mendeko jantziekin, pertsona multzo bat dago bertan; Txikiteroen Eguna handik hasi da aurten, eta egun osoko festa izan zuten atzo Zazpikaleetan. Turistek ez zuten halakorik espero. Kamerak atera dituzte poltsetatik.
«Bizkaiko txakolin egileentzat oso egun garrantzitsua da gaurkoa», esan du Aritza Antolinezek. Bilbon dagoen upategi bakarreko arduraduna da, eta atorra zuriz jantzita doa, gainerako txakolin egile guztiak bezala. Gizonak dira guztiak, zuriz jantziak, eta mahatsez betetako otzarez inguratuta daude. Eskuetan, Bizkaiko hainbat eremutako mapak dituzte: Enkarterri, Lea-Artibai, Durangaldea, Nerbioi, Urdaibai eta Uribe ikus daitezke, besteak beste. Denboraldiko lehen txikitoa Begoñako Ama Birjinari eskaintzeko elkartu dira denak, eta ekitaldi nagusi horren bueltan antolatzen da festa.
Dantzariarena izan da anekdota. Done Jakue plazan egin duten lehenengo geldialdian, Mahaigaineko izeneko pieza eskaini dute Trabudu dantza taldeko dantzariek. Antzerkia eta dantza uztartzen ditu ikuskizunak, eta, besteak beste, apaizaren eta alkatearen rolak jokatzen dituzte. Ikusmina handia da, eta bildutako jendetzan urtu da New Yorkeko turista taldea. «Horra hor goiko ariztitxo baten, kukuak umiak egin dozak aurten», abestu dute dantzariek, eta justu orduan mahai gainetik lurrera jausi da dantzarietako bat. «O!». Ezustekoa hartu du jendeak, baina musikariek ikuskizunarekin jarraitu dute, altxatu da dantzaria, itzuli da mahaira, eta txalo publikoak.
Festa giroa hasita dago taldea Ama Birjinaren parera iritsi denerako. Bozgorailuetatik, bilbainadak, eta kalea gurutzatu nahi duenen bat ezker-eskuin erantzun bila: «Zer gertatzen ari da?».
Kalitate ona, kantitate urria
Mikel Garciak Txakur kalearen ertzean du loreak saltzeko bere salmahaia, eta berehala joan zaio jendea gainera. «Andreak eta gizonak etortzen dira lore sortak erostera ama birjinari eskaintzeko», azaldu du. Kalearen erdialdean ardoa egiteko prentsa jarri dute. Hor dabil biraderari ekin eta ekin Unai Solabarria Bizkaiko Txakolina elkarteko presidentea, jendea begira duen bitartean. Beste turista batzuek hartu dute lekua, orain maleta eta guzti, dena ondo ikusteko.
Urte oparoa aurreikusi dute txakolingileek, Antolinez Bilboko upategiko arduradunak dioenez: «Txakolinaren kalitatea azken urteetako onenetarikoa izango da». Kantitatea ez da nahi luketen bezain oparoa izango, ordea.
Ohartzerako eman dituzte loreak, eta Agur, jaunak doinuari ikusleen ahotsak gehitu zaizkio. Momentu batez, hileta baten antza hartu du ekitaldiak. Segundo batzuk bakarrik izan dira, berriro txalo zaparrada entzun den arte. Hainbat kantu abestu eta gero, Begoñako Ama Birjinaren kanta hasi da. Aldarea ikusteko zailtasunak dituen andre batek ozen kantatzen du, serio, noizbehinka hitzak ahazten zaizkion arren.
Turista maletadunek ezin dute ezer galdu; harrapatuta daude eskaintza gunera ematen duten hiru kaleen artean. Eta zaildu egin zaie irteera, gainera, eskaintzaren ostean antolatzaileak doako janaria eta edaria banatzen hasi direnean. Besterik egin ezin, eta telefonoa atera dute, dena grabatzeko.
ATZEKOZ AURRERA
Txikitero artean harrapatuta
Txikiteroen eguna ospatu dute Bilboko Zazpikaleetan. Txakolin egileak izan dira festako protagonistak, eta azken urteetako produkturik onena izango dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu