Jaiak. Sanfaustoak Basaurin

Tradizioaren loturari eutsiz, Txikiteroen Eguna antolatu dute gaur Bilbon

Begoñako Ama Birjinari lore eskaintza egingo diote eguerdian, eta arratsean bilbainadak abestuko dituzte

Erredakzioa
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bilboko txikiteroak harro aterako dira gaur kalera. Alkandora koadrodun berriena eta mahoizko galtza txukunenak jantzita, txapela buruan dutela gozatuko dute beren egunaz. 1964tik, Begoñako Ama Birjinaren eguna Txikiteroen Eguna ere badelako. Bilbotar izaera suspertzea eta txikiteoaren ondare kulturala bultzatzea du xede Txikitero Artean elkarteak antolatu duen egunak.

Horretarako bi ekitaldi nagusi prestatu dituzte. Eguerdian Bizkaiko zaindariari lore eskaintza egingo diote Pelota eta Andra Maria kaleak elkartzen diren izkinean. Izan ere, Zazpikaleetatik Begoñako basilika ikus daitekeen den leku bakarra da. Parte hartzaile guztiei Bizkaiko Gozodenda Korporazioak eginiko Begoña tartaren zati bat eskainiko diete Txikitero Artean elkarteko kideek.

Iluntzean leku berean elkartuko dira txikiteroak. Kantuan hasiko dira 20:00etan, txikiteroen salbean. Bilboko Zazpikaleak bilbainadaz betetzeko asmoarekin, kuadrillen lankidetza eskatu dute antolatzaileek. Bertaratu eta ohitura den bezala talde txikitan kantatuz ondo pasatzeko deia egin dute.

Eguna borobiltze aldera, ostalarien laguntza ere eskatu dute. Tabernetan arrautza gogortuko pintxoak egitea galdegin diete horretarako. Pintxo horri iraganean txikiteroen arrautzak esaten zitzaion, eta hartara, antolatzaileek Txikiteroen Eguneko usadio bihurtu nahi dute arrautza pintxoa jatea.

Tradizioari hertsiki lotuta, ekitaldietara txapela jarrita azaltzeko eskatu dute; jantzi hori txikiteroen idiosinkrasiaren parte delako. Gaurko festaren ikur bihurtu nahi dute txapela.

Caritas eta Junkera omenduak

Aurreko ostiralean, gaurko egunaren atarian, Ohorezko Txikitoa saria eman zioten Kepa Junkerari eta Caritas Bizkaiari Txikitero Artean taldekoek. Euskal ohiturak eta balioak munduan zehar hedatzeagatik saritu zuten musikaria, eta erakunde solidario baten eredu dela goraipatu zuten Gobernuz Kanpoko Erakundearen kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.