Mendiko bizikleta

Tolosaldeko erriberatik, ikusmira bat bizikletaz

Tolosaldeko erriberatik, ikusmira bat bizikletaz.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Alegia, Tolosa, Anoeta, Zizurkil, Villabona, Andoain, Oria ibaia
  • Distantzia: 22 km.
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Ingurunea: Alegia eta Andoain arteko ibilbidea bizikletaz osatuko dugu, eta bailara baten bilakaera ezagutu.
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mendien partez, nolanahikoa ez den bailara bat ezagutuko dugu oraingoan. Ez dugu Artikutzako pagadi lerdenaren esnatzea ikusiko, ezta Leitzarango bidegorriko isiltasuna entzungo ere. Ez ditugu Oriaren altzoan Tolosaldea hornitzen duten baratze emankorrak ikusiko, ezta ibai gardenetako arrain eta izadia ere.

Mendi eta txoko bakarti eta ezkutatuetara jotzen dugu gehienetan: Aralar, Ernio, Intxur... Oria bailaran aipatutako osagai erakargarriak ez ditugulako ikusi nahi izango da, agian. Mendi ibilbideen atal honetan, mapetan zuriz agertzen diren guneetan askotxo ibili gara. Zirriborroetan zehar ibiltzeko ordua dela uste dut. Gauza dezente ikusi eta ikasi baitaitezke horietan ere. Kaleak miazten, haurtzaroko oroimen pozgarriak etortzen zaizkit burura; sagarrak eta txermenak lapurtzen ibilitako garaiak, errekako kolorezko urarekin kimikari gisa egindako jokoak... Nola aldatzen diren gauzak... kamarada.



ALEGIA ABIAPUNTU. Hara iristeko trena bikain datorkigu, Irun eta Brinkola artean bizi garenoi. Trenetik txirringarekin jaitsi eta herritik bueltatxo bat emango dugu. Oria eta Amezketa errekak bat egiten duten parajetik, maldan behera abiatuko gara, Altzoko bidegurutzea alde batera utziz, trenbide eta autobidearekin bat egin eta Tolosarako bidea hartuz. Hor, zati arriskutsuena, Olarrain auzora iristen garenean aurkituko dugu. Ez dago ez bidegorririk, ez eta beste ezer ere. Gorriak pasa ditzakegu kilometro eta erdiko autobide zati honetan. Tolosako Olarrain auzorantz joko dugu errepide zaharretik, bidegorri bat abiatzen baita bertatik. Nondik nora doa, ordea? Auskalo. Egiten dituzten bidegorriak, denbora pasa soilerako dira, ez benetako komunikazio alternatibak. Azpeitiko bidegurutzean, Benta-haundin, ubide zaharra dagoen zati horretan, Araxes ibaiak Oriarekin bat egiten du. Hiriburu zaharrean sartu gara. Espaloi eta bidegorritik jarraituta hiria erditik zeharkatzen da. Triangulo plaza eta Zerkausi azoka, orain moldatuta, aro moderno hauetako baserritarrentzat. Gehienak erretiro bidean, azokan bizpahiru postu gazte jendearekin.

A ze etorkizuna. Nork esaten zuen Orain herria, Orain azoka? Teoriatik praktikara, Kamerungo Iñaki baino urrutiago gaude. Oiarbide hotelaren parean errepidea gurutzatu eta bide zaharretik Anoetara joko dugu. Hor, kontuz eta adi-ibili ibiltari eta kotxeekin. Non dago bidegorria? Zati horretan, industrialdeak besterik ez ditugu ikusiko. Ez baserririk, ez baratzerik. Laster, Anoeta eta Irura. Bata eta bestea Oriaren alde banatan. Errepide zaharra utzi eta Villabonara iristeko, bide alternatibo bat erabiliko dugu. Anoetan, Oriaren ertzetik doan bidexkatik sartu, eta trenbide paretik joanez iritsiko gara Villabonara. Tolosaldean lur azpitik doa AHTren trazatua, azalera, alboetako bailaratan ateraz; Salubita, Hernialde, Alkiza, Asteasutik jaisten diren ibaiadarrak.

Anoeta eta Villabonako zati horretan dagoen lasaitasun apurra eskertzen dugu. Trafikoa urrun xamar, baserri batzuk, baratzaren bat... Baina lehen esandakoa, baserritarrik gabeko nazio txiki honetan, nork nahi du atxurrean jardun? Horrela bada, Villabonako Legarreta auzora hurbiltzen ari gara; lurrak urrituz doaz, progresoari begira pabiloi berriak. Bat-batean, tren bat abiadura bizian pasatzen da, zalantza bat sortuz: trena aurrera edota atzera doa? Non dago trenaren aurrealdea, non dago trenaren atzealdea? Ondorioz, herri hori aurrera al doa? Villabonan sartuko gara. Kale luze batek zeharkatzen du herria.

Asteasuko bideak eta errekak, paper fabrika zaharberrituaren ondoan bat egiten dute. Asteasuko bidea hartuko dugu, eta hortik 2 kilometrora Zizurkilgo elizarantz joko. Asteasu eta Antzibarko bailarak, AHTren zubi luze eta erraldoiek zeharkatuko dituzte. Egun, industrialde eta txaletak dira horko ondare kulturalak. Altzibarretik Oriara itzuli, errepidearekin bat eginez. Azken zatia gelditzen zaigu.

Oriako lautadan, bioaniztasuna nonahi: zuhaitzak, sakelakoen antenak, parabolikoak, tentsio handiko lerroak, makal batzuk... Hitz gutxitan, tradizioa eta modernitatea. Sorabilla auzoa dugu begi-bistan. Gune zibilizatuan sartu gara. Duela urte batzuk Sorabillako biztanleak autobidearen kutsadura akustikoaren aurkako aldarrikapenak egiten zituzten, baina trena Belkoain azpitik joango omen da. Andoainera joko dugu, zuzenean.

 

AHTren kontrako martxa igandean



AHTrik ez lelopean, Abiadura Handiko Trenaren kontrako bizikleta martxa antolatu dute igandean. Bi adar aterako dira: Donostiako Bulebarretik bat, 10:30ean, eta Alegiatik bestea, 09:30ean. Iblbidean AHTak kaltetuko lituzkeen inguruak ezagutaraziko dituzte, eta bi martxek Andoainen egingo dute bat. Han bazkaltzeko aukera izango dute nahi dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.