Zazpi urtez aritu da Maite Artola Euskadi Irratiko Albiste faktoria gidatzen, eta urte kopuru bera egin du Monica Terribas kazetariak katalanezko irrati publikoaren goizak gidatzen. El matí de Catalunya Radio uztea erabaki du Terribasek, eta agurrean iradoki du Catalunya Radio irratiaren bidean dena ez dela urre. «Saioa uztea erabaki dut uste dudalako makinaren engranajeak karranka egiten duela, eta ezin da halakorik onartu. Orain, behintzat, karranka egiten du». Kazetariak hau gaineratu du: «Konfiantza dut irratiaren zuzendaritzak beste ingeniari bat aurkituko duela, motorrak haiek nahi duten moduan funtziona dezan».
Kazetariak ostiralean egin zuen azkeneko saioa, eta nabarmendu zuen bere bizitza profesionalaren parte handi bat hedabide publikoei eskaini diela. «Hazten ikusi ditut, nabarmentzen, sufritzen, seinalatuak izaten eta ikusi dut nola instrumentalizatzen dituzten. Diren moduan mate ditut, eta hala maitatuko ditut, noan tokira noala». Izan ere, Kataluniako kazetariak ez du argitu datorren denboraldian non arituko den.
Agurrean, sabelean korapiloa izan duela aitortu du Terribasek. Ondoan izan duen lantaldea goraipatu du. Baina hau ere esan du: «Bizitzako momentu batzuetan, lan egiten duzun tokiko kalitatearen aldeko hautua egin behar duzu. Eta hau une horietako bat da».
Saul Gordillo Catalunya Radioko zuzendariak kazetariaren lana goraipatu du sare sozialetan: «Zorroztasuna zara, konpromisoa eta zerbitzu publikoa». Gordilloren lanarekin, aldiz, oso kritiko azaldu da Kataluniako talde publikoko gobernu kontseiluaren behin-behineko presidente Nuria Llorach (JxCat). Kargutik kentzeko bozketa egin zuten atzo kontseiluan, baina bi hereneko gehiengoa behar da horretarako, eta Llorachek ez zuen bozketa irabazi. Gordillori «konfiantza galera larria» leporatu dio Llorachek, baita Terribas mantentzeko «borondate eza» ere.
Terribasen agurraren berri izan dutenean, zenbait politikarik urteotan egindako lana eskertu diote kazetariari; besteak beste, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Carles Puigdemont presidente kargugabetuak. Zenbait hedabide digitalek argitaratu dute Puigdemontek bere zerrendarako bigarren tokian jarri nahiko lukeela Terribas. Kazetariak ez dio eskaintzari baietzik esan, argitaratutako informazioen arabera.
Entzule askok estimatu du urteotan El matí de Catalunya Radio —500.000 entzule baino gehiago ditu, goizero—. Baina ez du RAC irrati pribatuko El mon de RAC1 saioa gainditu 700.000 entzule inguru ditu.
Albert Segura kazetariak hartu du aste honetan Catalunya Radioko goizetako saioaren gidaritza, baina ez dute jakinarazi irailetik aurrera nork gidatuko duen.
Terribasek Catalunya Radioko goizak utzi ditu
Makinaren engranajeak «karranka» egiten duela esan du kazetariak. Catalunya Radioko zuzendaria kargugabetzeko eskatu du JxCatek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu