Takoen ordez, amantala

Pilota utzi ostean, taloak egiten aritzen da Sebastian Gonzalez. Pozik dago, enpresa zabaltzen ari baita pixkanaka-pixkanaka. Taloa edozein unetan jan daitekeela dio.

Sebastian Gonzalez, sukaldean, taloak prestatzen. Sekretua lehengai onak izatea dela dio. GAIZKA IROZ.
ainara arratibel gascon
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Eskuak pilotari jotzeko erabiltzetzen zituen lehen; orain, taloak egiteko. Gerrikoa eta takoak jartzen zituen lehen; orain, amantala. Bi hilabetean, nabarmen aldatu da Sebastian Gonzalezen egunorokoa. Frontoiak alde batera utzi, eta sukaldean murgildu da. Izan ere, Asperekin zuen kontratua eten ostean, buru-belarri ari da lanean iazko udaberrian sortu zuen taloak egiteko enpresan: «Oso gustura nago. Lana daukat, eta, pixkanaka-pixkanaka, enpresa zabaltzen ari da Iparraldean. Hegoaldean ere leku bat egitea gustatuko litzaidake. Horretarako ari naiz lanean», azaldu du Gonzalezek.

Goi mailako kirolari gehienen antzera, Gonzalezek maiz pentsatzen zuen zertan jardungo zuen pilota uztean. Horri bueltaka, okin moduan aritzeko aukeran pentsatu zuen orain urte batzuk. «Pilotan aritu naizen urte hauetan, maiz egokitu zait etxetik kanpo bazkaltzea, eta ia ez dago ogi ona ematen duen jatetxerik. Lehen aukera hori izan zen». Baina, ordutegiengatik, ezinezkoa zen. «Okinek gauez lan egiten dute, eta nik, entrenamenduak nituenez, ezin nuen». Hala, lagun batekin hizketan, talo enpresa bat sortzea erabaki zuen. «Garai batean, esaten zen taloa tristeen ogia zela, eta begi txarrez ikusten zen; batez ere, gerra garaietan. Gaur egun, berriz,jai giroarekin eta ospakizunekin lotzen da. Dena den, jai ez denean ere jan daiteke, eta hori bultzatu nahi dut nik: edozein egunetan jan ahal izatea». Pixkanaka, jendea ari da horretaz jabetzen. «Iparraldean, adibidez, gero eta ohitura handiagoa dago afaltzeko jateko. Askok erosten didate, elkartera eraman eta lagunekin afaltzeko».

Etxeko beheko solairuan sukalde moduko bat atondu, eta han egiten ditu taloak. Amonak erakutsi zion egiten. Hasieran, amonaren errezeta izan arren, ez zitzaizkion ateratzen hark nahi bezala. Baina, pixkanaka, bere errezeta propioa landuz joan da. Bi urte behar izan ditu horretarako. «Nire taloek ez dute zerikusik garai batekoekin; goxoagoak eta finagoak dira. Horrela, jendeari ez zaizkio pisutsuak egiten. Gustura nago emaitzarekin, eta uste dut jendeari ere gustatzen zaiola». Hasieran gehiago kostatzen bazitzaion ere, egun, talo bakoitza egiteko bost minutu behar izaten ditu.

Bereizgarri bat dute Gonzalezen taloek: ekilore pipitak. «Hortik aparte, sekretua lehengai onak izatea da; batez ere, irina». Ohitura txorizoarekin, txistorrarekin, gaztarekin edo txokolatearekin jatea bada ere, beste produktu askorekin bete daitezkeela azaldu du Gonzalezek. «Solomoarekin, arrainarekin edo sagarrarekin, adibidez, oso goxoa geratzen da».

Ontziratuta saltzen ditu, bost taloko paketeetan. Hiru euroko prezioa dute. «Behin irekita, astebete eduki daitezke hozkailuan.Gainontzean, onena izoztea da. Irekitzen ez bada, hilabete eduki daitezke hozkailuan; bestela, izoztu egin behar dira. Bi edo hiru hilabete iraun dezakete horrela». Talo txikiak ere egiten ditu.

Pilota buruan

Hilabete hauetan asko sufritu duela onartu du. «Ez nuen behar bezala agurtu afizioa». Orain gutxi arte, ez du pilotarik ukitu. «Fisikoki eta psikikoki atseden hartzeko aprobetxatu dut, eta familiaz eta lagunez disfrutatzeko». Duela aste batzuk hasi zen berriro ere lagunekin jokatzen eta entrenatzen. «Gaztea naiz, eta jokatzen jarraitu nahi dut. Baina, oraingoz, ez dago ezer lotuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.