Bederatzi urte inguru dira Joseba Madina (Oñati, Gipuzkoa, 1988) bere jaioterritik atera zela. Londresen bizi izan zen hiru urte eta erdiz, eta handik Singapurrera joan zen. Ostalaritzan aritu izan da beti. «Ez zitzaidan asko gustatzen fabrikako lana; beti gura izan dut jendearekin tratua eduki, eta ostalaritza horretarako bide bat izan zen». Urtarril amaieran, txinatarren Urteberri egunarekin batera, jatetxe propioa zabaldu du sukaldari espainiar batekin. «Justu koronabirusaren kontu hau guztia hasi zen garai berean».
Nolakoa izaten ari dira jatetxearen lehen hilabeteak? Koronabirusaren krisiaren erdian hasi izanak ez zuen asko erraztuko lana...
Lehen bi hilabeteak oso onak izan dira. Berritasuna ginen; inguruan ez geneukan beste jatetxe espainiarrik, eta, jende dena etxeetan zegoen arren, oraindik kalera irten zitekeen. Horregatik, hasiera ona izan zen. Baina, kasuak ugaritzen hasi zirela ikusita, neurriak zorrozten hasi ziren, konfinamendu gogorragoa jarriz. Duela astebete eta erditik, jatetxe denak itxi dituzte, baina zerbitzatzen jarraitzen dugu oraindik. Batzuk janariaren bila etortzen dira, edo bestela guk eramaten diegu etxera. Lehen genuen salmentaren %60-80 inguru galdu dugu.
Jatetxeen jarduera etenda, nola ari zarete egoerari aurre egiten?
Ahal den moduan. Egia da gobernua laguntza asko ematen ari dela. Alokairuaren zati handi bat gobernuak ordaintzen du, eta, langileak kaleratzea eragozteko, soldaten %70 inguru ere itzultzen digute gobernutik. Laguntza horiek nahikoak dira guk soldatak ordaindu ahal izateko. Epemuga maiatzaren 4ra artekoa da, baina, egunetik egunera errekorrak apurtzen ari direnez, ikusi beharko da gehiago luzatzen ote duten.
Euskal Herrian konfinamenduan dagoen jende asko inoiz baino gehiago ari da sukaldean jateko bereziak prestatzen. Singapurren ere hala gertatzen da? Eraginik sumatzen duzue alde horretatik?
Egia esan, hemen ez daukate janaria etxean prestatzeko kulturarik. Pentsa, etxe batzuetan askok ez daukate sukalderik ere. Ohitura handia dago kanpoan jateko, edo etxean jaten dute kaletik eramandako jana. Kultura hori dagoenez, guretzat ez da hain txarra. Ez dugu saltzen lehengo bolumen berean, baina ezin gara kexatu.
Espainiako janaria prestatzen duzue zuen jatetxean. Zer da hango herritarrek gehien eskatzen dizueten jatekoa?
Paella. Hemen arroza besterik ez dutenez jaten, batez ere paella eskatzen dute.
Singapurrera joan zinenean, zerk eman zizun atentzioa?
Janaren inguruko kontu guztiak; haientzat obsesio bat da. Alde horretatik, nahiko antzekoak gara; izugarri disfrutatzen dute janarekin. Horrez gain, sekula ez naiz egon hainbeste kultura ezberdin elkartzen diren leku batean. Hainbeste tradizio, hizkuntza, kultura daude! Hori ikustea, eta gainera zeinen ondo moldatzen diren elkarrekin... Kuadrillak askotarikoak dira, eta hori bada gauza bat ez dena hainbestetan ikusten.
Singapurrek garbia izateko sona ere badauka. Halakorik ikusten duzu?
Bai; hemen apenas dagoen zikintasunik. Apur bat artifiziala ere ematen du batzuetan! Horrez gain, ez dago kriminalitaterik; jendeak ez du osten.
Euskal Herritik hain urrun egonda, zeren falta sumatzen duzu? Nola egiten diozu aurre herriminari?
Ba, ondo, egia esan. Ez naiz sekula oso etxekoia izan; han nengoenean ere beti kalean egoten nintzen. Lagunen falta sumatzen da, bai, eta familiarena... Baina sarri samar egoten naiz etxekoekin mezu bidez, baita lagunekin ere. Badakit zer egiten duten egunerokotasunean. Hala ere, egia da askotan besarkada baten falta izaten dudala, gertukoagoa den zerbaitena. Saiatzen naiz urtean behin astebete gutxienez etxean egoten. Ez da denbora asko, baina etxekoekin eta lagunekin egoteko, behintzat.
TXAPELA BURUAN. Joseba Madina. Singapurren bizi den oñatiarra
«Singapurren izugarri disfrutatzen dute janarekin»
Bost urte inguru dira Madina Singapurren dagoela, eta jatetxe bat ireki berri du lagun batekin. Han janariarekin daukaten harremana obsesio bat dela dio: «Alde horretatik nahiko antzekoak gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu