Saregileen lehen eskola

Saregileek lan egiteko pabiloi berria ireki du Eusko Jaurlaritzak Getarian. Lan baldintza egokiak lortzeko lehen urratsa daEuskadiko Saregileen lehendabiziko eskola izango da bertan. Ofizioa irakatsiko dute

Ilargi Agirre.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Getariako saregileek eguraldi txarra egiten duenean babesteko leku egoki bat izango dute hemendik aurrera. Saregileek lanean jarduteko pabiloia inauguratu zuen atzo Pilar Unzaluk, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. Eskola funtzioa ere izango du lokalak; hura izango da Euskadiko Saregileen lehendabiziko eskola.

«Espazio duina emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko saregile talderik handienari», adierazi du Pilar Unzaluk. Getarian (Gipuzkoa), 24 saregile daude gaur egun, emakumeak guztiak. Hamabost itsasontziren sareak konpontzen egiten dute lan.

Pabiloi berriak 1.000 metro koadro ditu, eta Getariako saregileen lan baldintzak hobetzeko lehen urratsa da: «Erosotasun, segurtasun eta higiene irizpideak betetzen ditu lokalak». Prestakuntzak ere lagunduko du lanbidea normaltzen. Izan ere, Euskadiko Saregileen Eskolak egun lanean diharduten pertsonentzako eta hasiberrientzako heziketa eskainiko du. Gazteak hurbildu nahi dituzte lanbidera, belaunaldi aldaketa posible izateko. Gaur egun, 64 emakume saregile daude Hego Euskal Herrian, eta batez besteko adina 50 urtekoa da.

Herrialde osora begira

Getariako irekiera, ordea, ez da herri horretako ekimen soila. Orion, orain dela aste batzuk inauguratu zuten beste lokal bat, saregileek erabiltzeko, eta Ondarroan eta Bermeon (Bizkaia) ere pentsatua du Eusko Jaurlaritzak tokiak prestatzea.

Lokal berriak egin eta haietan hezteaz gain, jakitun da Unzalu saregileen jarduna «profesionalki» aintzat hartu behar dela. Bide horretan jarraituko dutela lanean adierazi du sailburuak.

Horretaz gain, saregileek ikasteko duten borondatea eta kemena eskertu ditu: «Ahaleginarekin indartzen dituzue lanbidea hobetzeko beharrezkoak diren aldarrikapenak».

Saregileek jasaten dituzten gaixotasunak ere ekarri ditu gogora. Laneko gaixotasun modura onartzea da helburua, eta, zehazki zein gaixotasun diren jakiteko, ikerketa bat hasi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.