Pasaian da 'La Fortuna'

Alejandro Amenabar zinemagilea bere lehen telesaila ari da zuzentzen. XIX. mendeko gerraontzi bat eraman dute Pasaiako portura, eta han zenbait sekuentzia grabatzen ari dira.

Pasaiako portura eraman duten gerraontzi batean ari dira grabatzen La Fortuna telesaila. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Pasaia
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Astearen hasieran, Pasaiako (Gipuzkoa) herritar askoren harridura sortu zuen badiara iritsi zen gerraontzi ederrak. Pasaiako portuan da, eta bertan ari dira grabatzen La Fortuna telesailaren zenbait sekuentzia. Alejandro Amenabar zinemagileak zuzentzen duen aurreneko telesaila da —Movistar Plusen eta AMCren arteko koprodukzio bat da—, eta atzo izan zuten grabaketen lehen eguna Pasaian. Gaur, bihar eta etzi, han jarraituko dute.

1804. urtean girotutako pasadizoak jasoko dituzte kaiko eszenetan. Pasai Donibaneko zenbait herritar figurante lanetan ari dira, XIX. mendeko jantziekin. Gerraontziaren parean, bost garabi daude bost kroma berde erraldoiekin. Lantaldeko hogei lagun baino gehiago, jaka horiekin. Halako batean, bi aktore masta batetik igotzen hasi dira —zailtasunagatik, bi espezialista izan daitezkeela pentsa daiteke—.

Lantaldekoa izan gabe, zaila da xehetasunak antzematea. Pasaiako portua itxita dago, sarrera murriztuta. Baina Herreratik (Donostia) Buenavista hiribidera (Pasai Antxo) doan pasealekuan badira zenbait herritar grabaketari begira. Maite Aranak biloba arraunlariaren bitartez izan du gerraontziaren berri, eta senarrarekin joan da ikustera. «Zerbait originala da hau; ederra da, ez dira egunero ikusten halakoak». Eduardo Perez Trintxerpetik joan da, eta «zoragarria» iruditzen zaio gerraontzia: «Duela gutxi, Iciar Bollain zinemagilea ere etorri zen inguru honetara grabatzera». Begoña Rodriguezek Facebook bidez izan du grabaketaren berri, eta berariaz joan da bertara. «Apur bat urrun gaude, baina giroa ikusten ari gara, behintzat. Hain da ederra inguru hau, eta hain ahaztuta dago...».

Herritarretako batek esan duenez, lantaldeko kide bat gerturatu zaie esatera Amenabarren partez argazkirik ez ateratzeko. Ez da erraza izango, ordea. Handik pasatzen diren ia guztiek ateratzen dute argazki bat edo beste.

Altxor baten bila

Telesailaren argumentuari dagokionez, Alex Ventura diplomatiko gaztearen gorabeherak dira abiapuntua. Frank Wild piratak lapurtutako altxor bat urpean geratu da, eta Venturak altxor hori bilatzeko misio zaila gidatuko du. Emakumezko funtzionario grinatsu bat eta AEBetako abokatu abenturazale bat izango ditu bidaide. Maitasuna, adiskidetasuna eta norberak sinesten duen horren alde borrokatzea izango dira fikzioan azalduko diren gaietako batzuk. XIX. mendeko abenturak gaur egungo garaikoekin nahastuko dituzte fikzioan.

Alvaro Mel aktoreak jokatzen du rol protagonista. Haren alboan daude Ana Polvorosa eta Stanley Tucci. Beste honako aktoreek parte hartzen dute: Karra Elejalde, Clarke Peters, T'Nya Miller, Pedro Casablanc, Blanca Portillo eta Manolo Solo.

Ekoizleak Fernando Bovaira (MOD Pictures) eta Domingo Corral (Movistar Plus) dira. Azken horrek idatzi ditu gidoiak, Alejandro Hernandezekin batera. Koldo Zuazua produkzio lanetan ari da.

Iazko abuztuan hasi zituzten grabaketak, eta udaberri honetan amaituko dituzte. Okerrik ezean, Movistar Plusek udazkenean estreinatuko du; Amerikan, AMCk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.