Oteizaren gorputz adarrak

Adimen urritasuna duen pertsona talde batekin Oteiza ardatz hartuta egindako lana aurkeztuko dute gaur

Adimen urritasunen bat duten kideek osatutako El Mundo Taconera taldea, Oteiza museoan, artistaren lan batekin lanean. OTEIZA MUSEOA.
Inigo Astiz
2013ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ezaguna da bideoa. Zuzenean mintzo zaio Jorge Oteiza artista kazetariari, zorrotz, indarrez; eta sutuz doa, gainera, azalpenarekin aurrera egin ahala. «Gaur egun arteak ez du egon behar museoetan; egon behar du gizonarengan. Gizonarengan! Gizonarengan!». Balio du esaldiak oriotarrak artea ikusteko zuen modua laburbiltzeko. Eta hain zuzen ere, arteari buruzko ikuspegi humanista hori da Oihane Anduezak bere egin duena. Gorputzera eraman ditu Oteizaren piezak, pertsonarengana. Urtebete eman du horretan adimen urritasuna duten kideek osatutako El Mundo Taconera antzerki taldearekin. Oriotarraren lanekin jarri ditu elkarrizketan, Oteiza gorputzetik izeneko proiektu pedagogikoan, eta gaur aurkeztuko dute egindako lanaren emaitza, Altzuzan (Nafarroa), 19:00etan.

«Oteizak esaten zuen artea gure garapenerako erabili behar zela, eta hori izan da proiektu honen helburuetariko bat. Artearen bidez geure burua hobeki ezagutzea». Sinple azaltzen du Anduezak berez konplexua den proiektuaren funtsa. Haur eta Lehen hezkuntzako irakasle da, idatziak ditu antzerki lan batzuk, eta arte terapiari buruzko master bat egiten dabil orain. Oteiza museoaren beka bati esker eta Atena fundazioaren laguntzarekin garatu du lana, eta pozik dago egindakoarekin. Urtebeteren ostean, gaur dute jendaurreko aurkezpena. «Ikaragarri gozatu dute prozesuarekin, eta igartzen da gure artean sortu den harremanean». Izan ere, prozesuaz gozatzea izan da asmo nagusia, eta Oteizaren zale egin dira bidean.

Gorputz adierazpenaren hizkuntzara itzuli dituzte artistaren kontzeptu eskultorikoak. Dantzarien giharretara moldatu dituzte masa, desokupazioa, espazioa, mugimendua eta hutsunea. Zailtasun bereziak dituzten pertsonak dira proiektuaren oinarria, eta kontuan hartu behar izan dituzte zailtasun horiek proiektuan. Xehe-xehe egin behar izan dituzte ideia abstraktu horiek, gainera, proiektuko kideekin landu ahal izateko. Adibide bat jarri du Anduezak: «Eskultorearen rolean jartzen nuen bat, eta eskulturaren paperean bestea. Masaren kontzeptua landu dugu horrela».

Bideo bat osatu dute urtean egindako lanarekin. Hori da gaur erakutsiko dutena, eta zuzeneko emanaldi txiki bat ere prestatu dute geroko. Museoan gauez dantzan ageri da mutil bat bideo horretan; Nafarroako herriren bateko erraldoi baten argazkia du eskutan. Gaita doinuak entzuten dira. Pertsona eta haren itzala, biak dabiltza dantzan, Oteiza museoko sabaiko metalezko xafla beltzen parean. Zirkuluak marrazten ditu gorputzak, eta hutsune bat irudikatzen du zentroan bira bakoitzarekin. Ederrak dira irudiak, eta piezaz pieza doaz uztartuz dantza eta poesia ikus-entzunezkoan. Lurrean etzanda ageri dira bi mutil, adibidez, bideoko beste une batean; zutitu egiten dira, eta lurrera erori gero. Zutitu eta erori. Piezaren abiapuntu hartu duten Oteizaren poema bat irakurtzen du off-ean ahots batek: «Hiltzea da irtetea / hemendik irtetea baina nora? / Erori eta zutitzen naiz zulo berean / erori eta zutitzen nolatan jarrai dezaket zutitzen saiatzen?».

Eskultura pieza jakinei egiten diete oihartzun maiz El Mundo Taconera taldeko kideen ariketek. Elkarren eskuak gurutzatuta ageri dira bi pertsona haietariko batean, adibidez. Elkarri tira eta bultza ari dira, eta atzean dute mugimendu horiek iradoki dizkien Oteizaren eskultura. Luzexka da, eta xaflari xafla itsatsita osatu du artistak. Bada tentsio puntu bat piezan, baita elkarri tira eta bultzaka dabilen bikotean ere. Parekoak dira biak, egia esan, eta indartu egiten dute simetria jolasa argi-itzalek. Estetikoa da emaitza, baina pedagogikoa xedea. Bidea da helburu. «Gozoa izan da prozesua, eta gozo gelditu zaigu bideoa ere».

Hutsune bilakatzea

Zaila izan dela dio Aitziber Urtasunek; «zaila, baina polita». Oteiza museoko Didaktika saileko arduraduna da, eta Anduezaren ondoan aritu da proiektuan lanean. Laguntzen. Eta ezagutzen ditu prozesuaren argi eta ilunak hark ere, nekeak eta pozak. Dioenez, ohituta daude El Mundo Taconera taldeko kideak jende aurrean antzerki rolak jokatzera, baina berezia izan da proiektu hau. Zailagoa. «Antzerkiarekin lotutako lanak egin dituzte orain arte emanaldietan, eta zailagoa da eskulturarekin lotutako kontzeptuekin lan egitea. Ez da gauza bera antzerki batean lore rola jokatzea, edo hutsune rola jokatzea».

Museoaren proiektu pedagogiko garrantzitsuenetariko bat izan da hau, Urtasunek dioenez. «Oso hurbil dago Oteizak proposatzen zuen hezkuntza eredutik». Halere, Moldatuz joan da hasierako asmoa denborarekin. Zuzeneko emanaldi bat egitea zen lehen ideia, baina bideo bat egin dute azkenean. Urtasunek azaldu du zergatik: «Emanaldian eskulturekiko dagoen harremana galdu egingo zela iruditu zitzaigun, eta horregatik erabaki genuen museora itzuli eta entseguetan egindako ariketak piezen ondoan grabatzea». Lau arratsalde museoan dantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.