Xabier Arrazola. Psikologoa

Olentzero hastear da erosketetan

Krisiaren eragina nabaria izanagatik, aurreko urtean baino jostailu gehiago saltzen ari dira dendariak egunotan. Joerak horrela segitzea nahiko lukete

2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Abenduaren 24ko gaua gerturatzen doan eran, Olentzerori zakua betetzeari ekiteko garaia iristen ari zaio. Dendetan argi eta bolez beteriko apalak suma daitezke jadanik. Parkeetako pinudiak apaintzen hasi dira zenbait lekutan, eta kaleko argiek hirietako gauak koloreztatzen dituzte dagoeneko. Gabonak gainean ditugun honetan, etxeko txiki asko eskutitzak idazten hasita daude. Olentzerori, berriz, ikatza egiteari utzi eta Euskal Herriko umeen ametsak betetzen hasteko garaia iritsi zaio.

Telebista kateek abiatu dute amuz beteriko iragarki uholdea. Postontzia saltokietako propagandez beterik dago. Dendetako erakusleihoetan adin eta gustu orotarako jolasak atera dituzte. Eskaintza zabala da aurten ere, baina ezin ahaztu Olentzero ere krisiak harrapatuta dabilela. Trikimailu asko egin beharrean izango da, iazko eran, haur guztiak gustura utzi nahi baditu. Salneurriari begiratzeaz gain, aukeraketa lan bat egin beharko du, haurraren heziketan garrantzia izaten baitute jostailuek. Nolako jolasa, halako heziketa izaten dute txikienek, jolastuz ere hazi eta hezi egiten baitira.

Eskaintza zabalaren artean, jostailu hezitzaileak daude; haurraren adimena, afektibitatea, prestasuna eta lanari lotzeko gaitasuna lantzen dituzte horrelakoek. Urte asko darama Ikastolen Elkarteak halako eskaintzak merkaturatzen. «Testu liburuak bezala, jolasak ere saltzen ditugu, betiere pedagogikoak edo hezkuntzan lagungarri izateko helburuarekin. Ingelesean eta matematiketan sakontzeko lanak, gorputz atalak ikasteko liburuak, orduak ikasteko puzzleak, eta abar. Gai hezitzailea eta euskalduna eskaintzen dugu». Hala azaltzen du Xabier Etxeberria Ikastolen Elkarteko kideak.

Euskarazko produktuak

Badira haurraren sortzeko gaitasuna lantzen duten jostailuak ere: marrazketa eta eskulanetarako trebezia indartzen dituztenak, hain zuzen. Bestalde, mahai joko eta liburuetan ere aukera zabala izaten da. Halakoek, haurraren adimena lantzeaz gain, logika, kalkulua, memoria eta erreflexuak lantzen dituzte.

Haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera zabala eskaintzen du euskarazko produktuen katalogoak. Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso desberdineko 200 herritako udalek baino gehiagok egiten dute bat euskarazko produktuak sustatzeko ekimen horretan.

Musikari dagokionez, besteak beste hor daude Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen diskoak, Txirrina kantari, Asko maite zaitut nik, Txirri, Mirri eta Txiribitonenak eta Bilintxen CDak. DVDen sailean berriz, aurretik aipatutako pailazoen ikuskizunez gain, Barriola San Adriango azeria, Bazen behin baso bat, Hipo eta Tomax, Ikasgela hegalaria, Hartz txiki eta beste hainbat lan topa litezke katalogoan. Informatikarekin lotutako joko andana eta zakukada bat liburu ere eskaintzen dituzte euskaraz.

Jostailuei dagokienez, Asmatu arte, Mihiluze, Basajaun binaka-bilaka, Badakit eta Argitxorekin jolasean mahai jokoak daude, adibidez. Gurasoentzako ere zenbait material eskaintzen da. Produktu gehiago ere badira katalogoan, horretarako www.katalogoa.org webgunean kontsulta egitea gomendatzen da.

«Oro har, jendea iaz baino lehen mugitu da, eta aurreko urtean baino jostailu gehiago ari gara saltzen, nahiz eta oraindik krisiaren eragina nabaria izan», dio Getxoko Marigorringo jostailu dendako arduradunak.

Gehien saldutako jostailua

Aurten gehien salduko den jostailua zein izango den jakitea zaila den arren, saltzaileak hasiak dira aurreikuspenak egiten. Krisiaren eraginak direla medio, Ikastolen Elkarteak iaz baino produktu berri gutxiago kaleratuko ditu. «Zootropo sailaren barruan, Txirri, Mirri eta Txiribitonen abestietan oinarritutako marrazki bizidunen DVDa dago salgai. Horrekin batera, ipuinak ere badatoz eskaintzan. 3 urtetik 6-8 urte dituzten haurrentzako dira, eta prezio egokian dago salgai. Aurten gehien saldutako produktua hauxe izango dela pentsatzen dugu».

Arrasateko Zur Lur jostailu dendako saltzaile batek dioenez, «Gormitiak izan daitezke produkturik arrakastatsuenak, bai joko gisan bai panpina gisan. Telebistak eragin handia izaten du haurrengan, eta Gormitien telesailak arrakasta handia du». Gasteizko Afede dendan ere hasiak dira salmentekin. «Aurtengo gorakadak Beyblade eta Monster High panpinak izango dira», hango dendariaren arabera.

Bideojokoen eta ordenagailuarentzako azken berrikuntzak ere asko salduko dira, urtero legez. Egun, aginte botoirik behar ez duten jolas berritzaileak nagusitzen dira. Bideojoko berritzaileek, ordea, joko bortitzak dakarzkie, eta azkenean, gurasoen amesgaizto bihurtzen dira etxe askotan.

Olentzerok jostailua hautatu ahal izateko, gurasoen oniritzia jaso behar izaten du. Adinaren eta haurraren nortasunari erreparatzea garrantzitsua izaten da, jostailu bat haurrek sarritan gustuko izan arren, duten adinarentzat ez baita egokia izaten.

Hainbesteko eskaera eta eskaintza ikusita, nahiko lan izango du aurten ere ikazkinak etxeko txikienen nahiak betetzen.



Xabier Arrazola.Psikologoa

«Haurrari zein bideojoko emango diogun jakitea garrantzitsua da»

A. Altuna.

Haurrei oparitzen zaizkien jostailuen inguruko gogoeta egin du Xabier Arrazola psikologoak. Publizitate uholdeari muzin egin, eta gurasoen egitekotzat jotzen du haurrarentzako jostailuak hautatzea

Gaur egun, zer da jostailu bat, eta zer izan beharko luke?

Jostailu batek izan behar du, batetik, haur edo gazte bati ongi pasarazteko balioko dion tresna bat; bestetik,balio behar du imajinazioa, sormena, heziketa eta beste hainbat prozedura lantzeko ere. Informazio asko daukagun gizarte batean bizi gara, eta zer erosi behar dugun ere bideratzen digute. Moda kontuek, esaterako, asko eragiten digute erosteko garaian. Lagunen artean hitz egiten da, eta, azken finean, modan dagoena gehiago saltzea lortzen dute merkatariek.

Gabonak gerturatzen ari diren honetan, zer irakurketa egiten duzu jostailuen inguruan egiten den bonbardaketari buruz?

Dirua da guztia. Etxe batek, jostailu bat saltzeko, publizitate ikaragarria egiten du komunikabideetan edo propaganda bidez. Gurasoak, berriz, sarritan ez dira pentsatzen jartzen beren seme-alabek zer behar duten, zertan pasatu behar duten denbora eta nola hezi behar diren. Iragarkietan ikusitako jostailu edo bideojokoa eskatzen dute seme-alabek, eta zuzenean, sorpresa eta heziketa alde batera uzten ditugu, eskatzen dutena erosita.

Zer-nolakoa iruditzen zaizu jostailuen aurtengo eskaintza?

Saltzaileek badakite zer saldu behar duten eta zerk handitzen dituen salmentak. 14 urte inguruko gazteentzat hor daude bideojokoak, eta hainbat promoziorekin produktua saltzea lortzen dute. Txikienei dagokienez, urtero, gauza bertsuak jartzen dituzte salgai.

Sarritan, haurrak aukeratzen du jostailua. Egokia al da haurraren esku uztea hautua?

Haurrak zer erabakitzen duen baldin badaki, egoki ikusten dut berak hautatzea. Haurrak dituen irizpideetan izaten da arazoa. Libre al da haurra erabaki hori hartzeko? Azken batean, lagunak badituelako edota telebistan ikusi duelako aukeratuko du jostailua.Ordea, telebistan ikusten dutena eta gero eskuen artean dutena, asko aldatzen da jostailua.

Zer aholku emango zenioke haurrentzako jostailu egokiak erosi nahi dituenari; hau da, nola egin behar da aukeraketa?

Aukeratzeko garaian, adinaren arabera bere haurrak zer egin dezakeen eta bere aisialdia zertan pasa lezakeen begiratu behar da. Agian, liburu bat edo seme-alabaren sormena landu dezakeen gauza bat erosteko aukera izan liteke. Bideojokoak asko saltzen dira, eta haurrak teknologikoki aurreratuagoak datozela ikusten da, baina imajinazioan eta sormenean ahulago datoz. Azken batean, bideojoko batek arauak jarri eta nola jolastu behar duzun agintzen dizu. Beste jostailuekin, berriz, beste hainbat trebezia lantzen dira.

Neskari panpina eta mutilari bideojokoa. Askok sexuen bazterketa egin ohi du erosteko orduan. Nola aukeratu beharko litzateke, bazterketarik ez izateko?

Ipuinak eta mahai jokoak izan litezke aukerak; jolas neutroak hautatzea egokia da. Hala ere, publizitateak agintzen du zer erosi. Horri aurre egitea garrantzitsua da. Beti daude jostailu neutralak, urdinak edo arrosak ez direnak.

Jolas bortitzek indar handia hartu dute bideojokoak nagusitu direnetik. Nola tratatu beharko lirateke horrelako jolasak?

Garrantzitsua da haurrari zein bideojoko emango diogun jakitea. Garrantzitsua izaten da gure seme-alabek zerekin eta zertan jolasten diren jakitea. Lehenbiziko gauza izango litzateke, beraz, jokoen transferentzien berri izatea. Horrek, ordea, denbora eskatzen du, eta gurasook dugun denbora ez dugu horretarako erabiltzen. Azken batean, haurrak bere inguruko lagunek edo lehengusuak duen jolasa nahi izaten du sarritan, eta zer den jakin gabe eman egiten diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.