Ezarian. Argazkilaritza

Naturako sekretuak

European Wildlife Photographer of the Year lehiaketako irabazleen irudiak ikus daitezke Donostiako Kutxa Boulevard aretoan, otsaila bukatu bitarte.

Ilargi Agirre.
Donostia
2013ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ezagutzen dena gehiago estimatzen da. Naturan edonoren begietara erdi ezkutuan geratzen diren altxorrak erakustea du helburu Donostiako Kutxa Boulevard aretoan ireki berri duten erakusketak: Naturaren argazkilariak. European Wildlife Photographer of the Year argazki lehiaketako irabazleen irudiak bildu dituzte, izadia ezagutarazi eta jendea natura babesteko kontzientzia dadin.

Alemanian antolatzen dute txapelketa, eta Europako natura argazkilaririk onenek parte hartzen dute. Iazko abenduan izan zen lehiaketa, eta 1.182 argazkilariren lanak jaso zituzten. Hainbat mailatan banatuta dago lehiaketa, eta sail bakoitzeko irabazleen eta ohorezko aipamenen lanak ekarri dituzte erakusketara. Irudi ikusgarriak dira guztiak, deigarriak, haiei begira denbora pasatzekoak. 81 argazkitan, hegaztiak, ugaztunak, landareak, mundu osoko paisaiak, urpeko animaliak eta naturaren eta gizakiaren arteko harremana ikus daiteke. Margolanak dirudite batzuek; izugarri errealak dira beste zenbait.

Txapelketaren irabazlearen irudia ere ikus daiteke erakusketan. Tommy Vikars finlandiarrak ateratako Izarrei begira izeneko argazkia. Buztan zuriko bi orein ikusten dira jaten, erdi ilunpetan. «Lehen begiratuan, ez da agian ikusgarriena, baina teknikoki badauka zailtasuna», azaldu du Agurtzane Iztuetak, Kutxa Boulevard aretoko arduradunak. Argazki kamera elur azpian sartu behar izan zuen Vikarsek, hezetasunetik kutxa hermetiko batekin babestuz, eta 50 metroko distantziatik kontrolatu zuen. «Izarrez betetako zeruaren handitasuna, iluntasuna, bakardadea, lasaitasuna eta abar transmititzen ditu».

Baldintza bakarra bete behar izan dute argazkiek: landu gabeak izatea. Iztuetaren arabera, ipuin txiki bat da irudi bakoitza, bitxikeria ugari baitituzte atzean. Naturaren argazkilariek batez ere pazientzia behar izaten dutela esan du, orduak pasatzen baitituzte objektiboaren atzean lortu nahi dutenaren zain, esperoan.

Panel handietan jarritako argazki horietako bakoitzak txartel bat du azpian. Irudiaren izenburua, argazkilaria, azalpena eta kameraren ezaugarriak azaltzen dira. Horrez gain, aurreko urteetako irabazleen irudiak erakusten dituen pantaila bat dago aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.