DLC Kultur plataformako kidea

Ane Aldaia: «Musika komertzialetik at jarduten dugu; hori ez da gure proposamena»

Bertze formatuetara zabaltzeko asmoz, musikatik harago doazen saioak ere emititzeko hautua egin dutela azaldu du Aldaiak. Orotariko berrogei saio emititzen dituzte, streaming bidez.

(ID_13698764) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2024-03-13, Iruñea. Ane Aldaia DLC kultur-eko kidea
Ane Aldaia, aste honetan, Iruñeko San Frantzisko plazari so dagoen leihoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Handia da leihoa, gorriz pintatua. «DLC Kultur» ageri du goiko partean. Egurrezko azalak kendu dizkio plataformako kide Ane Aldaiak (Iruñea, 1994) eta ireki egin du segidan. Izan ere, leihoa da lokalaren bereizgarria. «Kalera begira egiten ditugu sesioak, eta edonork ikusi eta entzun gaitzake». Lokala iragan ekainean mustu bazuten ere, pandemia garaian hasi ziren DJ sesioak emititzen Twich bidez. Egun, webgunetik egiten dute, eta orotariko berrogei programa igortzen dituzte.

Ikusia izateko, leihotik aritzea onena.

Ba bai. Hasieran uste genuen Internet bidez lortuko genuela ikusgarritasun handiagoa, baina, kokaleku fisikoa jarrita, ikusi dugu interesa piztu dugula jendearengan.

Nori zabaltzen diozue leihoa?

Iruñerriko kolektiboen bozgorailu izan nahi dugu, musika arlokoak izan edo ez. Edozein proposamen entzuteko prest egoten gara beti, eta, printzipioz, edonori ematen diogu aukera.

Jende asko gerturatzen zaizue?

Bai [barrez]. Mertzeria bat zegoen hemen lehenago, eta auzoko andreak hurbiltzen ziren kuleroez eta halakoez galdezka. Eguraldi ona egiten duenean, leihoa irekita izaten dugu, eta jendea aurrealdean batzen da musika entzuteko, udan bereziki.

Apropos bilatu zenuten lokala?

Bai. Nahi genuen gure jarduna kaletik ikus zedin, eta ezin hobea da tokia.

Baina Cintruenigon (Nafarroa) sortu zen ideia.

Dios Los Cria kolektiboaren akronimoa da DLC. Duela urte batzuk, bertako DJ kuadrilla bat hasi zen jaiak-eta antolatzen, eta, ondoren, Iruñera bizitzera etorri ziren horietako batzuk. Hala ezagutu genuen elkar.

Irrati lizentziarik ba al duzue?

Momentuz, ez. Irrati lizentzia moduko batzuk atera zituen Nafarroako Gobernuak pandemia hasi baino lehentxeago, eta horrekin hasi ginen. Oraindik lizentziaren zain gaude.

«Nahi genuen gure jarduna kaletik ikus zedin, eta ezin hobea da tokia»

Nolakoa da programazioa?

Astelehenetik larunbatera emititzen dugu. Etortzen diren pertsona edo kolektiboek badituzte programa propioak edo kolaborazio puntualak, eta pixkanaka egiten ari gara ehoziri lana. Egunean lauzpabost orduz emititzen dugu.

Elektronikoa izan behar du musikak?

Ez bereziki. Badaude elektronikoak ez diren saioak, baina betiere musika komertzialetik at jarduten dugu. Hori ez da gure proposamena.

DJ sesioak eskaintzen dituzue soilik?

Formatu desberdinak lantzen ditugu, ez soilik musikalak. Izan ere, nahiago genuke musika gutxiago eskaini, DJ sesioak murriztuz; programazioa zabaldu nahi dugu. 

Ikusgarritasuna behar du musika elektronikoak?

Bai, horregatik gaude hemen. Iruñean betidanik egon da kultura handia, baina ez da gure estilokoa. Clubbing kultura da gurea, lokal txikietan pintxatuz, apur bat underground.

Aldatu da musika elektronikoaren eszena?

Bai. Oso eszena maskulinizatua zen lehen, eta musikalki oso purista. Belaunaldi berriak eklektikoagoak gara, hitz horri abegi handirik ez badiot ere. Hainbat erritmoren artean mugitzen gara; Londresko edo Parisko clubbing berriaren kutsuak ailegatzen hasiak dira, Donostiako Dabadabara bereziki.

Iruñean ez da halakorik?

Adin bateko gizonezkoek antolatzen dituzte beti musika elektronikoko festak, eta egiten duten proposamena nostalgikoendako da, ez gazteondako. Gainera, ez diete kolektibo minorizatuei so egiten.

DJ Señora da zure izen artistikoa.

Betidanik izan naiz señora: arduratsua, zorrotza... inork ez dit adarrik jotzen.

Programa propioa ere baduzu elkartean.

Bai, Las señoras de Señora. Beste hirietako lagun DJak gonbidatzen ditut.

lotsabako

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.