GTX BANDA LEHIAKETAREN IRABAZLEAK

Laztana Laztana: «Mezu aproposa bidaltzea artistaren ardura da, ez musika motarena»

Musika estilo asko nahastea gustuko dute Laztana Laztana taldeko kideek. Gasteizko jaietan jo dute lehen aldiz, baina bertan joko dituzten kontzertu askotako lehena izatea espero dute.

Karla Velarde, Sandra Vargas eta Jorge Larrakoetxea, kontzertu batean. BERRIA
Karla Velarde, Sandra Vargas eta Jorge Larrakoetxea, kontzertu batean. BERRIA
Maixa Utrera Puelles.
2024ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun

Laztana Laztana taldeak girotu zuen Gasteizko jaietako lehenengo gaua. GTX Gasteizko Txosnen banda lehiaketa irabazi zuten martxoan, eta abuztuaren 4an oholtzara igotzea izan zen sarietako bat. Jendez beteta zegoen txosnagunea, eta hemendik aurrera entzule berri asko izatea espero dute. «Aukera paregabea izan zen entzule berriak erakartzeko», azaldu du Sandra Vargas (Barakaldo, Bizkaia, 2001) abeslariak. Harekin batera, Karla Velarde biolinistak (Amurrio, Araba, 2001) eta Jorge Larrakoetxea musikariak (Queretaro, Mexiko, 1994) osatzen dute taldea.

Ibilbide hasi berria izateko, kontzertu handiak egin dituzue jada: iaz Bilboko Aste Nagusian, eta aurten Gasteizko jaietan. Zer izango da hurrengoa?

SANDRA VARGAS: Donostiako Aste Nagusia ondo legoke, ez?

KARLA VELARDE: Badakigu ez daukagula oso ibilbide arrunta hasi berriak izateko, baina guk aukera oso polit eta handi bat bezala hartu dugu.

Uste duzue beharrezkoa dela jai handiek horrelako aukerak ematea artista hasi berriei?

VARGAS: Bai, eta uste dut bozgorailu hori izateak jende askorengana iristeko aukera ematen dizula.

Beldurra ematen dizue horrenbeste jenderen aurrean jotzeak?

VARGAS: Niri gustatzen zait. Egunerokoan oso lotsatia naiz, baina oholtzara igotzean transformatu egiten naizela esaten didate, eta asko gozatzen dut. Alter ego moduko bat aktibatzen dugu.

VELARDE: Hori da. Eszenatokira igotzean, beste pertsona batzuk garela uste dut, eta jende asko ikustea oso motibatzailea da. Kontziente gara asko ez direla etorri gu ikustera, baina aukera aprobetxatzen dugu.

Nolakoa izan zen igandeko kontzertua? Zerbaitek harritu zintuzten?

VELARDE: Giro ederra egon zen. Hemengo lagunek beti esan digute Gasteizko jaiek identitate propioa dutela, eta egia zela ikusi genuen.

JORGE LARRAKOETXEA: Publikoak harritu ninduen gehien. Asko hunkitzen nau jendeari gure materiala gustatzeak eta gurekin batera gozatzeak.

Estilo ugari nahasten dituzue zuen abestietan. Zergatik ez estilo bakarrarekin geratu?

VARGAS: Entzuten dudan musika egitea gustatzen zait. Ikasketa klasikoak ditut, baina, klasikoaz gain, folka, pop rocka eta beste generoak ditut gustuko. Uste dut estilo nahasketa hori dela gure marka.

Zuzeneko musikak garrantzi handia du zuen kontzertuetan, beraz.

LARRAKOETXEA: Zuzenean jotzea sentipen paregabea da alor guztietan. Niri, bereziki, publikoa gure erritmora mugitzen ikustea gustatzen zait. Hasierako adrenalina ere paregabea da; lan handia dago atzean.

VELARDE: Kontzertuetan abestien berdin-berdinak ez diren bertsioak egiten saiatzen gara. Zeozer gehitzen diogu beti.

Zuen abestiek mezu indartsuak dituzte, baita reggaeton musika egin duzuenean ere. Uste duzue musika mezuak bidaltzeko erabili behar dela? 

VARGAS: Musika hizkuntza unibertsala da, eta gustatzen zaigu haren bitartez mezu feministak eta bestelako mezuak bidaltzea, noski. Hala ere, abesti guztiek ez dute zertan mezu zehatz bat izan behar.

VELARDE: Nik uste dut batzuetan generoei eraso egiten diegula, zerbaiten errua izango balute bezala, eta generoak, azken batean, generoak dira. Mezu aproposa bidaltzea artistaren ardura da, ez musika motarena.

Zerbaitetan lanean ari zarete orain? 

VARGAS: Bai, eta ilusio handia daukagu, baina ezin dugu askoz gehiago kontatu.

Gasteizko jaietara itzuliko zinatekete?

VELARDE ETA VARGAS: Bai, noski!

LARRAKOETXEA: Inongo zalantzarik gabe. Espero dugu aurtengoa kontzertu askotako lehena izatea Gasteizko jaietan.

LOTSABAKO

Jaietako beste kontzertu bat?
Guztiak.

Festa egunez ala gauez?
LARRAKOETXEA: Arratsaldetik aurrera.

VELARDE: Egunez.

VARGAS: Gauez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.