Deba eta Zumaia arteko tartean, nabarmena da baserri munduaren eta nekazaritzaren kinka larria
Xabier Aranguren
Ibilbidearen abiapuntua Deban dago. Trenetik atera eta zumarditik hasiko gara ibiltzen hondartza aldera. Errepidearekin bat eginda, pixkanaka goraka joango gara; itsasoaren bista paregabeak, ezkerrean, eta kotxeen burrunba hotsak, eskuinean. Bihurgune batean begiraleku batera helduko gara, apain eta dotore, gure kostaldeko irudi zoragarriak ikus ditzagun... amildegi ertzera hurbildu eta bertan pilatzen den zaborra ikusi arte.
Aurrera jarraituta, 150 metro ingurura, Gipuzkoako GR biraren marra zuri-gorriak topatuko ditugu, eta errepidetik ezkerrera hartuko dugu, trenbidera heldu arte. Orain GR-ren markak atzean utzi eta 200 metro egingo ditugu trenbidearen gainetik, ezkerretara dagoen tunel zahar batera sartzeko. Garai bateko trenaren bidea zen tunela. Pixkanaka, Atxuri mendira hurbilduko gara, bere labar txuri eta leize moduko hiru begiekin. Atxuri mendia beste tunel batetik zeharkatuko dugu, eta langa bat pasatuta, berriro topo egingo dugu trenbidearen zati berriarekin. Hortxe dago (edo zegoen, hobeto esanda) Mendata baserria, tunel berriaren gainean. Mendata eta Iturritza baserriak 70eko hamarkadan desjabetu zituzten, zentral nuklearra egiteko. Azkenean, hutsik geratu ziren eta Gipuzkoako Aldundiak berreskuratu zituen.
Mendata baserriaren hondakinak atzean utzi, eta berriro GRko ibilbidea segituko dugu, trenbidea beste tunel batean sartzera doala. Gure bidezidorra muinora igotzen da mendi hegitik. Bidezidorretik desbideratu eta Iturritza aldera segituko dugu, hondakinekin topo eginez mendi lepo baten ondoren eskuinera.
HAINBAT AUKERA. Hiru baserrietatik hori zen egoera txarrenean zegoena; Mendata erdia eroria zegoen eta Urberu, aldiz, oso-osorik zegoen. Ibilbidearekin jarraituz, gure ezkerrean Uzkanga baserrira doan errepidea hartu, eta bidegurutzean, eskuineko lepoa zeharkatuko dugu Errotaberriko sakonera heltzeko. Trenbidea topatuko dugu berriro eta oraingoan tren karrilera igoko gara.
Handik segituz, trenbidearen gainetik pasatzen den errepide batera iritsiko gara. Laster utziko dugu trenbidea Urberuko orubean sartzeko. Gertu dagoen zelaitik dugu sarbidea, eta maldan gora zeharka egingo dugu. Zelaia pinudiarekin tartekatzen da. Urberuko hondakinetatik pasatuko gara, eta pista batek aterako gaitu Sagarbide gainera. Han harrobi zahar bat dago, eta baita errepidea ere. Elorriagara joateko bidea ere bertan dago. Aurrera egiteko aukerak ugariak dira bertan. Horietako bat Elorriagara igo eta Zumaiara iristea. Beste bat izango litzateke Txindurriturri sagardotegirako bidea hartu eta Mardari deritzan baserri auzotik Arroa Beheraino heltzea. Hemen ere industria gune bat eraikitzeko sei baserri bota zituzten. Zelai eta landak birrindu egin zituzten betiko. Noraino helduko gara?
MENDIA. IBILBIDEAK. MENDIA
IBILBIDEAK. Baserri galduen peskizan. Deba eta Zumaia arteko tartean, nabarmena da baserri munduaren eta nekazaritzaren kinka larria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu