Marrazkiak, miresmenetik

Javier Castrok egindako marrazkien erakusketa jarri dute Donostian, Dock of the Bay jaialdiaren harira

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Gaurtik urtarrilaren 31 bitartean Underground ilustratua erakusketa izango da ikusgai Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean. Javier Castro marrazkilariak22 marrazki «musikal» bildu ditu liburu batean, eta, hain justu, liburu horretako marrazkiak aurkeztuko ditu erakusketan. Astelehenetik ostiralera egongo dira ikusgai, 16:00etatik 20:30era.

Liburuan zein talde sartu erabakitzeko bi parametro hartu ditu kontuan Castrok. Batetik, muga bat ezarri du denboran, «atzera gehiegi ez egiteko». Bestetik, marraztutako talde guztiak entzuten ditu, eta gustuko ditu: «Emozio handiak eragin dizkiguten musikarienganako miresmenetik eginiko marrazkiak dira». Liburuan ageri diren talde guztien mireslea da Castro.

Besteak beste, talde hauek marraztu ditu: Triangulo de Amor Bizarro, Klaus and Kiski, Prisma en Llamas, Atomizador... Marrazkilariaren esanetan, erakusketan ez daude bere gustuko talde guztiak, baina asmoa ez zen «obra entziklopediko bat egitea».

Dock of the Bay jaialdia atzo hasi zen Donostian, eta igandera bitartean musikaren inguruko dokumental eta film ugari ikusi ahal izango dituzte ikusleek. Ikus-entzunezkoak ez ezik, antolatzaileek bestelako ekintza batzuk ere antolatu dituzte, ordea, eta horietako bat da Underground ilustratua izeneko erakusketa.

ERAKUSKETA

Noiz. Gaurtik urtarrilaren 31 bitartean.

Non. Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.