Antonio Alvarez Solis (Mieres, Espainia, 1929) kazetaria da. Kataluniako La Vanguardia egunkarian hasi zen, eta Interviú aldizkaria sortu eta zuzendu zuen gero. Asko aritu da, iritzi-emaile gisa, TVEn, COPEn, SERen, zein ETBn eta Radio Euskadin. Lengoiaren boterea eta boterearen lengoaia izenburupean, ostegunera arte Donostian egitekoa den TopASKEtak 2011 ekitaldia zabalduko du gaur, Maddalen Iriarterekin batera, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean.
Kazetari baten semea zara, eta uztailaren 18 batean jaiotakoa. Gauza batzuk idatzita daude?
Hortik datorkit gauzak igartzeko ahalmen ikaragarria.
Datorren urtetik aurrera «iraultza handi bat» gertatuko dela esan duzu berriki. Ez al da arriskutsua Nostradamusena egitea?
Iraultza hasi da dagoeneko, baina oraindik ez du egitura organikorik. Sozialismo hilen pizkundea ikusiko dugu. Beti da horrela iraultzetan: hasieran, gatazka fasea dago. Gero, kontrairaultza nagusitzen da. Eta, azkenean, iraultza itzultzen da, baina ordurako jendearen kultur mekanismoan txertatuta dator, ez lehen fasean bezala. Iraultza dator, sistemarenak egin duelako. Merkelek dio hamar urte beharko duela sistemak bere onera etortzeko... atera kontuak.
Iraultza horrek «demokrazia zuzena» ekarriko duela diozu.
Mundu gerra gertatzen ari da: batzuk erlijioaren izenean matxinatzen dira; beste batzuk, herrien askatasunaren edo sozialismoaren izenean. Hori guztia antolatu egin behar da. Datorren sozialismoan lurra, energia eta bankuak sozializatuta egongo dira, enpresak egin nahiko dituen jendearen lana sostengatzeko. Bestelako enpresak izango dira, ordea, ez multinazionalak. Euskal Herrian antolakuntza historiko garrantzitsuak daude, kooperatibak eta.
Nola liteke jendeak dagoeneko iraultza kulturan txertatuta izatea, zuk diozun bezala, eta gero hauteskundeetan eskuinak aise irabaztea?
Iraultza prozesuak azkartzen direnean, beti ateratzen da lehen indartsu izan nahi duen gobernu bat, aldaketa zapaltzeko. Baina ezin izaten du ezer egin. Raxoik ezin du krisia gelditu. Etxegintzaren burbuila PPk bultzatu zuen, eta PSOEk erabili. Rubalcabak sozialdemokrazia berpiztu nahi du, inongo zentzu edo aukerarik ez duena.
Krisi semantikoa pairatzen dugu?
Lengoaiaren krisia da munduan gertatzen ari den larriena, hau da, balio eta ideia handien balio-galtzeak. Lehen bazenekien demokraziak zer esan nahi zuen. Orain, berriz, estatu aparatuak finantza botereen ondasunak baino ez dira, alderdi batek edo besteak aginduta ere.
Euskal Herria aipatu duzu. Nola ikusten duzu egoera berria?
Herriaren gogoa sumatu egiten da. Lehendik ere bazegoen jendea kalean, egitura paraleloak antolatzen. Euskal Herriak borroka horretan jarraituko du, eta gero eta sendoago; Katalunian baino askoz gehiago, esaterako.
Euskal Herrian, borroka azkartzen, eta Madrilen, eskuina boterean. Ekaitza iragartzen duzu negurako?
Ez al dira saiatuko Madrilen euskal prozesua apurtzen, berriro, alderdien legearekin jokatuta? Egiten dutena egiten dutela, Euskal Herria itzulerarik gabeko unera heldu da. Nire ustez, EAJn eta sozialisten artean asko dira nazionalistak eta subiranistak, aparatuak ez badira ere. Nik Euskal Herria maite dut, politikarekiko irrika sumatzen dudalako.
Antonio Alvarez Solis. Kazetaria
«Madrilen saioen gainetik, Euskal Herria itzulerarik gabeko unera heldu da»
Alfonso Sastre Kultur Elkarteak antolaturiko topaketak hasiko dira gaur Donostian, eta, ostegunera arte, lengoaia eta boterearen arteko loturaz gogoeta egingo dute hainbat kazetarik, idazlek eta abokatuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu