'Kotoiko emakumeak' proiektuaren sortzailea

Fanny Alonso: «Kotoiko emakumeek orain arte ez dute izan merezi duten omenaldia»

Villabona-Amasako Subijana kotoi lantegian lan egindako emakumeak aitortzeko, erakusketa bat antolatu du Fanny Alonsok. «Makinen artean izandako bizipenak» kontatzea da proiektuaren ardatza.

FANNY ALONSO
GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Villabona-Amasa
2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Garai batean, kotoi lantegi bat zegoen Andoainen (Gipuzkoa). Han lan egindako emakumeei galdezka hasi zitzaien Fanny Alonso (Andoain, 1969). Andre horien bizipenak «hain harrigarriak» iruditu zitzaizkionez, Kotoiko emakumeak proiektua sortu zuen. Emakume horien bizipenez jositako erakusketak egin dituzte Andoainen eta Bergaran (Gipuzkoa). Villabona-Amasan (Gipuzkoa) daude egun; erakusketa abenduaren 15era arte egongo da ikusgai.

Zeintzuk ziren Villabona-Amasako Subijana fabrikako langileak?

Telak eta estanpatuak egiten jardun zuten emakumeak dira; batzuk 60 urte ingurukoak, eta beste batzuk, helduagoak.

Zer kontatu dizuete?

Denetik! Denek esaten dute oso giro ona zutela haien artean.

Nolakoak ziren haien bizitzak?

Gizonek soldata hobea zuten emakumeek baino. Esaten dute nomina bera zutela gizonek eta andreek, baina gizonek beti zituztela hobari batzuk; eta soldata handiagoa zen horrela. Fabrikan lan egiten zuten, eta senarra, seme-alabak eta etxea zaintzen zituzten.

Zergatik nabarmentzen ziren emakumeak ehungintza sektoreko lantegietan?

Erizaintzan ere emakumeen ordezkaritza oso handia izan da. Ehungintzako lanak etxeko lanarekin lotuta zeuden, zaintza lanekin. Arropa egitea ere familia zaintzearekin lotuta zegoen, eta alor horietan errazagoa zen emakumeak nabarmentzea.

Emakume ikusezinak ziren, eta ikusgarritasuna eman diezue.

Uste dugu kotoiko emakumeek orain arte ez dutela izan merezi duten omenaldirik: gure asmoa da emakume horiei errekonozimendua eta ikusgarritasuna ematea. Haiek grebak egin zituzten, eta asko borrokatu zuten haien eskubideen alde. Haiek izan ziren lehenak, eta bizitza gogorra izan zuten. 

Nola gorpuzten dira haien bizipenak Villabona-Amasako erakusketan?

Omenaldi forma du. Haien ahalegina balioetsi nahi dugu, eta ez dugu historia soilik kontatu nahi, baita haien istorioak ere, haiek kontatuak. QR kode baten bidez entzun ahalko dira emakume horien ahotsak, beraien bizipenak kontatzen; makinen artean izandako bizipenak, hain zuzen ere.

Zer dute komunean Andoaingo, Bergarako eta Villabona-Amasako kotoiko emakumeek?

Batetik, enpresen eta fabriken jabeak berak ziren hiru herrietan. Bestetik, emakume askok hiru fabrika horietan egin zuten lan; orduan, badago haien arteko batasun bat. Eta hiruretan egiten ziren oihalak.

Aurreikusita duzue proiektua hedatzea eta beste herri batzuetan segitzea?

Emakume haiek egin zuten ibilbidea segitzea da asmoa. Fabrikak ixten joan ahala, haiek beste baliabide batzuk bilatzen joan ziren, eta ikertu dugu Gipuzkoan beste zein kotoi lantegi zeuden. Gustatuko litzaiguke hurrengo geldialdia Lasarte-Orian egitea, eta proiektua Errenterian amaitzea. Leku gehiago daude, baina amaiera bat ere izan behar du bideak. 

Hala ere, zu zure bidea egiten ari zara kotoiaren munduan.

Bai. Kotoiko emakumeak proiektuaren inguruan Kotoi marka sortu dut Maialen Porroyrekin. Bergarako San Antonio kotoi lantegiko nagusiekin hitz egin genuen; martxan dabil oraindik, eta Evlox du izena. Kontatu ziguten telak egiten jarraitzen dutela, eta soberakinak zituztela; esan ziguten ea zerbaitetarako erabili nahi genituen. Horrela sortu genuen marka: jasangarritasuna, eta kontsumo eta ekoizpen arduratsuak dira ardatzak. Ikusi genuen kotoiko emakume batek kontatu ziguna egiten ari ginela. Hark fabrikan sobratutako telak etxera eramaten zituen, haren arropa egiteko. Hori egin behar izaten zuten, ez zutelako baliabide ekonomiko nahikorik. Guk klima larrialdiari erreparatu diogu. Helburua ez da bera, baina metodoa eta emaitza bai.

lotsabako

Erreferente bat?
Proiektu honetan, gure erreferentea Pepita da; harekin hitz egin genuen lehenik.

Zer irakatsi dizute kotoiko emakumeek?
Daukagunari balioa ematen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.