Tomas Urzainki. Historialaria

«Konkista amaitzeko, herritarrak ohartu behar du konkistatua izaten ari dela»

Urzainkiren arabera, Nafarroaren konkista etengabea izan da 1512tik, eta uste du Euskal Herriaren egungo errealitatea gertaera haren ondorioa dela: «Orduko eskubide berak urratzen dizkigute oraindik».

LANDER FDZ. ARROIABE /ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Tomas Urzainki historialariak (Iruñea, 1949) uda aurretik argitaratu zuen Nafarroaren konkistari buruzko bere azken liburua: La desconquista e independencia de Navarra. Haren ustez, Euskal Herriaren egungo egoera historiaren bilakaeraren ondorio da. Hori dela eta, «konkista amaitzeko» ezinbestekotzat jotzen du herritarrek beren historia ezagutzea. Algortako (Getxo, Bizkaia) Villamonte kultur etxean hitzaldi bat emango du gaur, 19:00etan.

Euskal Herriaren egungo errealitatea ulertzeko zergatik da ezinbestekoa historia ondo ezagutzea?

Nafarroaren konkista etengabea izaten ari delako azken mendeetan. Konkista ez zen izan 1512ko esku hartze bortitz eta armatua bakarrik. Ekintza hura antolatu egin zuten, eta gaur arte ez du etenik izan. Ideiak konkistatu zituzten, herritarren pentsamenduak,hezkuntzaren bidez edo erlijioaren bidez. Ondorioz, konkistak jarraitu egiten du oraindik.

Zein ondorio utzi zituen Nafarroaren konkistak? Egun, zeintzuk daude presente?

Ondorio txar asko utzi zituen konkistak; baina, ziur aski, askatasunaren aurka egindako erasoa izan zen larriena. Euskal gizarteari bere subjektu politikoa ukatu zitzaion, eta, harekin batera, eskubide zibil eta politikoak ere bai. Egun, indarrean daude oraindik eskubide urraketa horiek. Benetako subjektu politikoa Nafarroa da, eta hori ezkutatzen saiatu dira. 1512an, Nafarroa konkistatu zuten. Nafarrak ginen askeak eta independenteak ginenean.

Euskaran ere izan zuen eraginik.

Bai, euskarari ere kalte handia egin zion, konkistatzaileen hizkuntzaren mendean gelditu baitzen. Hala ere, antolaketa politikoaren aldaketa izan zen garrantzitsuena. Gizartearen zatiketa eragin zuen zuen horrek. Konkista etengabea izan denaren erakusle da oraindik lurraldeetan banatuta egotea. Zatiketa konkistatzaileen interesen alde egin zen, ez herritarrek nahi zutelako. Horregatik, ezin dugu sakratu egin zatiketa hori. Menderatzaileak sortutako egitura bat da.

Zuk leku askotan eman dituzu hitzaldiak gaiaren inguruan. Uste duzu herritarrek gero eta gehiago ezagutzen dutela historia?

Nik uste dut azken urteetan aldatu dela herritarren ezagutza. Nafarroaren historia gero eta jende gehiagok ezagutzen du. Batzuek beti errealitatearen aurka egingo dute, beren egoera ekonomiko eta sozialagatik. Baina, herritar gehienek gogoz ezagutzen dute errealitatea. Historia jakitea oztopatzen duenak bere jarrera zein den erakusten du. Ukapena eta ezkutatzea konkistatzaileen armak dira.

Batzuek ez dute onartzen konkistarik izan zenik. Posible ikusten duzu horien pentsaera aldatzea?

Haien jarrera noizbait aldatuko delakoan nago. Zentzu onak horretara bultzatuko ditu. Ez du zentzurik euskaldunen subjektu politiko gisa Nafarroa ez onartzeak. Logikoena eta aberasgarriena da historia eta errealitatea diren bezala onartzea. Izan ere, historia ezagutzeak segurtasun handiagoa ematen dio gizarteari. Gizarteak bere historiaren berri ez badaki, erdia baino gehiago falta du.

Zeintzuk izan behar dute konkista amaitzeko hurrengo urratsak?

Lehenik eta behin, herritarrak konturatu behar du konkistatua izaten ari dela eta ezin duela horrela jarraitu. Salatu egin behar dugu gure subjektu politikoa eta eskubideak ukatzen dizkigutela. Urrutiagora joateko, ezinbestekoa da urrats hori egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.