KOMUNIKAZIOA. Publizitate publikoa

Eñaut Gantxegi.
2009ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Kubara joko dugu gaur, ondoko hitz mazedonia-anabasari hasiera emateko behintzat. Eta bide batez eguraldi epelagoa egiten duela imajinatzen, gure hotz eta hezetasunak uxatuko ditugu. Kuban izan zaretenontzat, baliteke jarraian kontatutakoak berrikuntza askorik ez ekartzea, eta egon gabe ere hango berri duzuenei ere berrikuntzarik ekarriko ez dizuedalakoan nago. Besteok suposatzen dut jakingo duzuela sistema berezi bat dagoela aspaldiko urteetan bertan, nazioarteko komunitatea satanizatzen saiatzen dena. Gauza on eta txarren artean, gurean hain arruntzat jotzen dugun publizitatea ez da faktore hain garrantzitsua. Dagoena, propaganda izango litzateke (zentzu onean, e!), errepide bazterreko iragarkitzar eta mural errebindikatiboen bitartez. Telebistan agertzen diren iragarkiak ere ildo beretik doaz, eta puntu honetan, auto-izendaturiko lehen munduko hainbat herrialdek jarrera berbera hartzen dute benetan iragarri nahi duten zer edo zer iragartzeko. Hemen gertu izandako bi kasu aipatzekoak lirateke. Bata, Hispanitatearen Egunaren ingurumarian, eta bestea, hispanozaleek bultzaturikoa.

Urriaren 12a zela eta, makina bat iragarki ikusi genuen armada espainiarra sustatzeko, tartean izar desberdinak (Ferran Adria, Vicente del Bosque, Concha Velasco...). Suposatzen dut gero bakezaleak izango direla, edo behintzat heriotza eta gudaz zein iritzi duten galdeginda, ekidingarri edo arbuiagarritzat joko dituztela. Baina bitartean herio-mutil lagunekin dantzan. Besteak urriaren 25.a izan zuen goratzargai, orain arte sukurtsalik lortu ez, eta behingoagatik euren plaza lortuta, nahikoa itsumustuan dabiltzanak. Horregatik orain teorian gure-gureak diren datak ospatu behar hori, ospakizunetan (ozpin-kizuna askorentzako) milioi erdi gastatu behar bada ere. Telebista eta oro har hedabideetakoaz aparteko propagandari ere erreparatu beharko genioke, urriaren 25ean bertan antolatu zuten ETB2ko saio bereziak hori baitzuen helburu nagusia, bost gonbidatuetatik lauk diskurtso berbera baitzuten. Eta bestelako kazetari eta eragile sozialak? Shhhhh.... Haizea dabil... Horregatik publizitate eta propaganda soilik herrialde batzuek darabilzkiten armak direla uste badugu ere, sotil eta inplizituki datu eta bestelako informazioak sartzen dizkigute (edo saiatzen dira). Hori bai, betiere inolako manipulaziorik gabe...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.