Telesail bat estreinatu du Euskal Telebistak, Mugaldekoak izenekoa. Telefilm gisa planteatu dute extended version-ean TV Serial moduan aurkeztu diguna Alberto Serio... ui Surio zuzendari-buru-capo duen telebistak. Ia ahaztu zitzaidan nirea ere baden telebista dela, Política 2.0 delakoan gauza irekiak planteatzen ari baitira. Esan bezala, lehenik eta behin, filma egin eta hainbat herritan aurkeztu dute, banaketa eta propaganda aldetik eskas samar aritu badira ere -artikulu hau idazterako unean, ez dut produktu honi buruzko informazioa biltzen duen gunerik Interneten aurkitu, ezta promoziorako iragarkirik YouTube eta bestelako erakusleiho masiboetan ere-.
Baina mintza gaitezen lehen kapituluan ikusitakoaren eta gerora etor daitekeenaren inguruan. Niri gustatu zait, modu txukun batean egindako lan gisa izendatuko nukeelarik -eta apur bat motz geratuko nintzela esango nuke-, hobetu edota okertu zitekeelako baldintza hipotetikoaz lagunduta betiere. Antzezle taldeari dagokionez, aktore kontsakratu eta ez hain ezagunen arteko nahasketa egokiaren itxura hartu diot. Azken horietatik azpimarratuko nuke Alex Tello etorkizunduna, giri-aren rola betez, bere giharreria lerdenarekin uretan igaraba bat dela erakutsi baitigu. Johnny Weissmuller garairik onenetan dirudienik ezin uka. Fikzioa eta errealitatea nahasten diren istorioetan, bada pertsonaia historikorik, Iñaki Beraetxek irudikatzen duen Florentino Goikoetxearena adibidez.II. Mundu Gudan gizonezko horrek izandako pisuaz ez gara ohartzen, askotan bertan baino kanpoan begirune gehiago erakusten baitiete gutako hainbati. Bide batez, gai beraren inguruan -Comete sarea deritzona- dokumental dramatizatu bat ari dira egiten, eta horrek agian historiari fideltasun gehiago erakustiko badio ere, Mugaldekoak-ek garai hartako atmosfera eta pertsonaietara eremango gaitu. Aktoreekin jarraituz, Sara Cozar musak bere rola txukun defendatzen duela ikusi dugu, haren amorante moduan ageri den Alberto Berzalen rolari -dotore hori ere- inbidia diogunon kopurua dezentekoa dela ahaztu gabe. Pello Ramirezen musika egokia da, sentikor eta dinamiko ardatzetan mugitzen dena.
Eta propaganda egiten jarrita, egon adi datozen kapituluetan agertuko den Her comandant nazi txungo bati. Lastima amonak ez duela ikusi...
KOMUNIKAZIOA. Mugak gugan daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu