KOMUNIKAZIOA. Bihotzak sutan

Eñaut Gantxegi.
2010eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Halaxe zioen Zarama (egun Zaharama) taldeak. Gaur bihotza sutzen eta sutu izan didaten hainbat gai aipatu nahiko nituzke.

Hasteko, bihotza sutan literalki jarri zuen David de Jorgek asteleheneko saioan, behi baten bihotza prestatu baitzuen. Hobekuntza batzuk izan ditu saioak, horien artean nabarmentzekoa litzatekeelarik plano finkoen gehiketa; baina, oro har, aldaketa sakonagoak beharko lituzke. Kokaleku itogarria kasuko.

Bihotzean sugartxoak eragiten dizkit CSI delakoak astelehenero, eta, aste honetan, sail horren 200. atala eskaini zuten. Borroka librea deritzona izan zen protagonista, maskarekin borrokatzen direnen ingurukoek osatuz atala. Bestelako borroka eta maskarak alde batetara utzi dituztenek ere izan dute oihartzunik bazter hauetan azkenaldian, ETA erakundeko kide ohien gutun famatuak sintonia mediatiko susmagarria -telebista, egunkari edota Rubalcaba ministroaren txalo zaparradarekin- lortu baitu. Horrek ere hainbat bihotz-sugarretan eragina izan du.

Futbolak bihotz gehiegitan eragiten duela dionik bada, taupada markagailuen ugaltzea baitakarkie kirol honek zale sutsuenei. Iragan asteburuan Joseba Etxeberria jokalariak Athletic taldeari agur esan ziola eta, dokumental berezia eskaini zuen ETBk. Gaurko egunez bete dira elgoibartarrak Anoetan bere lehen derbia jokatu zueneko 14. urtemuga, eta, garai haietatik gauzak pixka bat aldatu badira ere, hiriburu bizkaitarra eta herri-buru gipuzkoarraren arteko fobiek zutik diraute. Gaur egun, ia kirol bizitza osoa talde berean xahutu duten kirolari gutxienetakoa da Joseba, eta merkatuaren «sirena kanten» aurrean zurigorri jarraitzeak sakrifizio maila bat suposa dezake. Tira, futbolari batentzat, ze hainbeste milioi irabazita, gutako askok esfortzu hori egingo genuke, ezta? Dokumentalean Xavi Hernandezek eta Pep Guardiolak haren joko eta jokaerari arreta eskaini zioten, askotan zaleek baino gehiago arerioek azterketa zorrotzagoa egiten baitute.

Arerio, etsai edota besterik gabe arrotz, soldadu estatubatuarrak izan ohi dira hainbat herrialdetan, beren esku-hartzea tarteko. Eta hara non atzoko ETBko albistegietan Mikel Aiestaran kazetaria beraiekin azaldu zen Afganistanen, tanke baten barnean eta haietako bat balitz bezala mozorrotuta. Ziur nago bihotz ugari suminduko zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.