Ahozkotasuna ikertzen du Mintzola fundazioak, eta Kulturarteko Jardunaldiak antolatzen ditu urtero. Aurten, hainbat herrialdetako kantu inprobisatuen tradizioa aztertu dituzte, eta, horretarako, horietan adituak ekarri dituzte. Mexiko eta Kubako bertsolaritzaren inguruko lekukotasunak entzun dituzte orain arte, eta, gaur, azken saioan, Kataluniaren txanda da. Anais Falco etnomusikologoa eta Christian Simelio corrandista arituko dira.
Kataluniako kantu inprobisatua gaur egun izenburupean, katalanez egiten den bertso errimatu, kantatu eta inprobisatuari buruzko aurkezpen txiki bat egingo dute.
Falco etnomusikologia lizentziaduna da, biolin tradizionalaren irakaslea eta musika topaketa askoren antolatzailea. Kataluniako jaietako musika adierazpenak ikertu ditu.
Corrandistek katalanez inprobisatzen dituzte kantuak, eta Simeliok hamabost urte daramatza horretan. Inprobisatzeaz gain, horren inguruko jaialdi eta bestelako ekitaldiak antolatzen ditu, atsedenik gabe.
Igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera eramango ditu Mintzolak jardunaldietan parte hartu duten ikertzaileak, Euskal Herriko bertsolaritza zertan den bertatik bertara ikus dezaten.
HITZALDIA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Subijana etxea, Villabonan (Gipuzkoa). Sartzea libre eta doan da.
Kataluniako bertsolaritzaz
Anais Falco eta Christian Simelio Kataluniako kantu inprobisatuez arituko dira Villabonan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu