Inauteriak

Joareen soka luzea

Zubietako eta Aurtizko joaldunek egindako bisita itzuliko diete gaur iturendarrek. Bertako inauterietako egun handian mozorroak eta orgak ere atera dira plazara. Atzo Zubietara joan ziren.

Iker Tubia.
2015eko urtarrilaren 27a
18:06
Entzun

«Oinez ikasitakoan paratzen dizkizute joareak». Garikoitz Aioroa aurtiztarrak herenegun ez zituen joareak jantzi, baina gaur agian gerria astintzen ibiliko da. Hiru urterekin- edo jantzi zituen joareak lehenbizikoz. Iturenen eta Zubietan (Nafarroa) egun bereziak dira urtarrilaren hondarreko astelehen eta asteartea; joareen hotsak oilo ipurdia jartzen die. Halaxe aitortu dute Belen Azpiroz iturendarrak eta Imanol Baleztena Exkurra zubietarrak ere. Inauteriek eta txikitatik jasotako tradizioak batzen ditu hirurak. Usadio horri jarraiki, herenegun zubietar eta aurtiztarrek bisita egin zieten iturendarrei. Atzo alderantziz egin zuten, Iturengo joaldunak Aurtiztik pasatu eta Zubietan elkartu ziren denak. Txikiak eta gazteak ere, asko. Tradizioaren soka luzea da, eta etetea zaila izanen dela argi utzi dute berriro.

[berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2304/[/berriatb]

Ostegunean hasi ziren inauteriak Iturenen eta Zubietan, baina egun nagusiak astelehenean eta asteartean heldu dira. Astelehenean iturendarrentzat, asteartean zubietarrentzat. Aioroarentzat biak: «Guretzat, bi egunak, bi herrietakoak datozelako Aurtitzera». Batzuek asteazkenean bukatuko dituzte, baina larunbatera arte inauteriak izanen dira Malerrekako txoko horretan.

Urduritasun apur bat zuten zubietar, aurtiztar eta iturendarrek. Ez dira nolanahiko egunak haientzat. Azpirozek adibide bat jarri zuen, egunaren garrantzia azpimarratzeko: «Bestetan ez dut oporrik hartzen, baina inauterietan, beti. Oso bereziak dira, belaunaldi ezberdinetako jendea biltzen garelako». Izan ere, inauteriak bilgune dira herrian, eta urteko gainontzeko egunetan ikusi gabekoekin elkartzeko aitzakia ezin hobea. Baleztenak ere antzera sentitzen ditu: «Urte guzia inauterien esperoan ematen dugu. Emozio berezikoak dira egun hauek». Herri banatakoak izanda ere, ongi moldatzen dira iturendarrak eta zubietarrak. «Lehia sanoa dago, ea nork joaldun gehiago atera, edo zein diren mozorro politenak».

Joareak eramatea ere berezia da. Jone Altxu iturendarrak esan duenez, joalduna izatea gauza serioa da. «Protokolo bat du, eta garrantzi eszenikoa. Gainera, indarra behar da, eta ardura ematen du». Baleztena 14 urte zituenean hasi zen Zubietatik Iturenerako bidea joareak gerrian loturik egiten. «13:00ak aldera atera eta 16:30ak inguruan bueltatuko gara. Luzea da, baina, egia esan, denbora oharkabean pasatzen da», esan zuen.

Egun osoko errituala

Puska biltzearekin hasi zuten eguna. Zubietan bi gaztek joareak jantzi zituzten gerriaren bueltan, eta korrika ibili ziren etxez etxe arrautzak, xingarra, txistorra... zernahi lortzen. Edaria ere eman zien baten batek. Trikitilariak haien atzetik ibili ziren, eta saski handiak ere bazeramatzaten gazteek. «Janari asko izaten da, eta aurretik ere bagenuen zerbait bilduta», azaldu zuen Baleztenak. 10:20ak aldera atera ziren eskean aritzeko, eta 11:00etarako jarri ziren mahaiaren bueltan.

Ordurako gosaria bukatzen ari ziren Aurtitzen eta Iturenen. Han alderantziz egin zuten, lehenbizi jan, eta gero eskean atera. «Ostegunean eta astelehenean puska bildu genuen, eta horrekin aski dugu gosarirako», azaldu zuen Aioroak. Bapo jan ondoren jantzi ziren aurtiztarrak, eta herriari itzulia eman zioten zubietarrak ailegatu bitartean. Haiekin ere eman zuten itzulia, eta helmugara bidea hartu.

Iturenen eguerdian hasi ziren larruak eta joareak janzten, udaletxeko ganbaran. Azpirozek onartu zuen «txirrinta» sortzen zaiola joareak janzten ikusten dituenean. «Orain norbait behar dela esanez gero, azkar hartuko nituzke». Altxurekin batera joareak astindu zituen lehenbiziko emakumea izan zen. Haien lekukoa hartuko duen norbait behar dutela esan zuten kafea hartu bitartean. «Errege bezperan emakumeek ere janzten dituzte, baina gaurko [atzoko] eta biharko [gaurko] egunean traje osoa jantzi behar da, eta zaila da lortzea». Atzo hainbat emakume atera ziren joareak soinean hartuta —gehiago Zubietan, dena den—.

Azpiroz mozorro atera zen. Beste batzuek alderantziz, herenegun jantzi zuten mozorroa, egun handian joareak joko zituztela jakinda. «Aurpegia ez bada ikusten, ongi da», azaldu zuen iturendarrak. Horrela atera ziren gazte asko, aurpegia estalirik, eta soinean trapu zaharrak jantzirik. Beste batzuek barruko arroparekin aski zuten, kalean hotz bazen ere. Plazan elkartutako mozorro batzuek orgak atera zituzten: heriotzaren txirrista, Iturengo Master chef, suhiltzaileak, zorrotzaileak eta zuloetatik zapi zuriz estalitako burua eta barrabilak erakusten zituztenena.

14:35ean ailegatu ziren Zubieta eta Aurtizko joaldunak Iturenera. Latsaga auzoko zubian 62 ttuntturro elkartu ziren, eta elkarrekin abiatu ziren frontoira. Orduan hasi zen harrabotsa: joareak, suziriak, motozerrak eta lurretik arrastaka eramaten zituzten kateak. Bisitariak zirikatu zituzten, eta eskoletatik heldu ziren ikasle asko korrika aritu ziren mozorro motozerradunak atzean zituztela. Gaurkoa antzera izanen da, baina Zubietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.