Erriberako merkatuko postuen elkarteko lehendakaria

Asier Beato: «Jendeari, erosketak egiteaz gain, merkatuak bisitatzea gustatzen zaio»

Nutrizio kontsulta bat ezarriko du Bilboko Erriberako merkatuak hurrengo astetik aurrera, astearte goizetan. Jendea «gutxiago» joaten da gaur egun merkatuetara, baina, hala ere, Beatok esan du «zerbitzu publiko bat» direla eta bezeroa «zaindu» behar dela.

Asier Beato
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
urko iridoy alzelai
Bilbo
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Fruituak, barazkiak, arraina, haragia, ogia... denetik aurki daiteke merkatuetan. Baina, hala ere, gaur egun herritar gehienek atzean utzi dituzte horrelako saltokiak, eta supermerkatu handietara joaten dira eguneroko erosketak egitera. Asier Beato (Bilbo, 1973) Bilboko Erriberako merkatuko postuen elkarteko lehendakaria da, eta oso ongi daki jendeak zer harreman duen merkatuarekin. Beatok argi dauka Erriberako merkatua «beheraka» doala.

Zenbat postu daude Bilboko Erriberako merkatuan?

Gaur egun, 51 postuz osaturiko merkatua da gurea.

Jende asko joaten da merkatura?

Hiriak jasan dituen aldaketak direla eta, Erriberara iristea geroz eta zailagoa da. Gaur egun, kontsumitzaileak ezin dira autoz jaitsi gurera: irisgarritasuna oso txarra da. Horrek asko eragin digu, dudarik gabe. Horrez gain, jendearen ohiturak aldatuz doaz. Orain oso normala da erosketa 20:00etan egin behar izatea, lanez lepo daudelako familia guztiak. Erosketa azkarra izaten da; beharrezkoa erosten dute gehienek. Gaur egun, ia-ia ez daukagu janaria prestatzeko denborarik ere.

Baina asteko egun guztiak ez dira berdinak, ezta?

Ez. Astelehenetik ostiralera auzoko merkatu bat bihurtu gara. Bilboko merkatua zena gaur egun Bilbo zaharreko auzoetako merkatua bilakatu da. Larunbatean, berriz, jende gehiago etortzen da erostera, Bilboko jendea eta ondoko herrietakoak.

Erosketak egitera joaten dira denak?

Ez. Gure berezitasunetako bat da jendea guregana denbora-pasa etortzen dela. Jendeari, erosketak egiteaz gain, merkatuak bisitatzea gustatzen zaio, eta ez dut ezagutu supermerkatura bisitari moduan joaten den inor. Askotan, beste herrialdeetara joatean, oso ohikoa izaten da merkatuak bisitatzea.

Zeintzuk dira merkatuen eta supermerkatuen arteko desberdintasunik handienak?

Desberdintasunik handiena, dudarik gabe, jendea da. Supermerkatuan zuk zure erosketa egiten duzu, inorekin hitz egin gabe eta aholkurik jaso gabe. Merkatuan, berriz, fruta denda batera edo arrandegira joaten bazara, dendariarekin hitz egingo duzu, bere produktuei buruz informazioa emango dizu. Erosketa bizipen bihurtzen da merkatuan.

Bezeroa zaintzen duzue, beraz.

Hala da. Guk kalitaterik oneneko produktua eman behar diogu gure bezeroari, eta ahalik eta prezio onenean. Baditugu duela urte askotik gure bezeroak direnak, eta haiek zaintzea gure lanaren parte oso garrantzitsua da.

Garestiak dira merkatuak?

Ez, merkeak dira. Asteartean, adibidez, alderaketa bat egin genuen. Supermerkatu batean urraburu xerraren kiloa ia 23 euroan zegoen, eta gure merkatuko arrandegi batean, ia 10 euroan. Supermerkatuan, produktuen prezioak mugiezinak dira, baina hemen postu bakoitzak bere prezioak ditu, aldaketak egon daitezke, eta bezeroak nahi duena aukeratzen du.

Beraz, lehiakortasuna badago postuen artean.

Noski, hori da gure ezaugarri handienetako bat. Ni harakina banaiz eta txahal xerrak ondoko harakinak baino merkeago baditut, niri erosiko didate segur aski. Prezioak berdintasun batera iristea eragiten du horrek, baina beti egoten dira aldeak.

Preziorik merkeena duenarengana joaten da jendea?

Ez beti. Jendea oso garrantzitsua da, eta, era berean, bezeroarekin dugun tratua ere bai. Nik, agian, prezio merkeena aukeratu beharrean, tratu onena ematen didan dendaria aukeratu dezaket.

Egitasmo berri bat jarri duzue martxan orain. Asteartero, 10:00etatik 13:00etara, nutrizionista baten kontsulta irekita egongo da merkatuko bezeroentzat.

Hori da. Gu zerbitzu publiko bat gara, eta bezeroei ahal dugun guztia eskaini nahi izaten diegu. Andrea Campa nutrizioan aditua izango dugu merkatuko bulego batean, asteartero hurbiltzen den orori aholkuak emateko prest.

Osasuntsu eta merke jan daiteke?

Noski. Osasuntsu jateko, nik uste dut garaian garaiko produktuak ezagutzea dela garrantzitsuena. Orain, neguan, adibidez, aza edo azalorea ditugu gure baratzeetan. Produktu horiek merkeak izaten dira, asko dugulako eta bidaia gutxi egin behar dutelako gureganaino iristeko.

Zer erronka ditu Erriberako merkatuak?

Gurean erabaki bat hartu behar dugula uste dut. Hausnarketa prozesu bat hasi beharko genuke, jakin behar dugu-eta zer merkatu mota eduki nahi dugun. Geroz eta hiri turistikoagoa da Bilbo, eta horrek merkatua ere turismoarentzat erakargarri bihurtzen du; horrek bertako eskaintza aldatzen du. Niri, adibidez, Baionako merkatuaren adibidea asko gustatzen zait. Bertako produktuz osatutako postuak aurki ditzakegu han. Nire ustez, Erriberako merkatuak euskal produktuaren erakusleihorik handiena izan beharko luke.

LOTSABAKO

Erribera ez den merkatu bat? Valentziakoa eta Alacantekoa. Produktu bat? Arraina. Erriberako merkatuko postu bat? Alicia Gonzalez fruitu denda. Pelikula bat?The Godfather.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.