Fernando Pascual, 'Paski'. Soinu teknikaria

«Jendea ez da gai bost euro balio duen kontzertu batera joateko»

Barren-barrenetik ezagutu zuen Euskal Rock Erradikala, bai eta garai hartako lokal eta tabernak ere: La Jaula, Bolos, Gaueko... Hogeita hamar urteren ondoren, lanean ari da oraindik, nahiz eta «krisiaren ondorioak nabaritu».

Bilbo
2015eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Denek galdetzen didate gauza bera. Baina ez dut libururik idatziko». Pena da. Ehunka orri idazteko lain pasadizo izango lituzke Fernando Pascual Paski-k (Bilbo, 1958). «Amak Fernando deitzen didanean, jendeak aurpegi arraroak jartzen ditu». Euskal Herriko musikak idatzi dituen orririk gogoangarrienen testigu zuzena izan da, nahiz eta hainbat lagun eta lankide galdu dituen bidean. Horra Euskal Rock Erradikalak utzitako legatuaren bi aldeak. Makina bat talde entzutetsurekin aritu da soinu teknikari, eta gaur egun ere zabalik du lokala, Errekalde auzoan [Kric-Krac estudioak]. «Etorkizun txikia du, baina ez dut zarratzeko inolako asmorik».

30 urte baino gehiago lanean. Gauza guztiek dute hasiera bat.

Aceros Joseba Etxebarrian egiten nuen behar, baina, 3.000 langile kaleratu behar zituztela-eta, lanik barik gelditu nintzen. 1980. urtea zen, gutxi gorabehera. Orduan erabaki nuen Audison soinu enpresa sortzea. Zazpikaleetako euskaltegian ezagutu nuen lagun batekin sortu nuen. Familia EAJkoa zuen, eta hauteskunde kanpainetan hasi ginen lanean. PPko zenbait mitinetan ere ibili ginen beharrean. Gutxi iraun genuen, hala ere. Autobusetan egiten zizkieten pintaketak geuk egiten genituela ohartu ziren. Baina ordurako gauza asko eginak genituen. Hamabost urterekin, sekulako grina genuen gauza berriak egiteko. Behin, gazte batzuen kontzertua ikustera joan ginen Iturribidera, eta txundituta geratu ginen. Guk ere banda bat osatu genuen: Snoopy rock and roll.

Zer musika jotzen zenuten?

Batez ere, Errobi eta Itoiz taldeen abestien bertsioak egiten genituen. Baita The Beatlesenak ere. Nik baxua jotzen nuen. Orduko hartan, guk geuk egiten genituen anplifikagailuak, karking muntaketak eginda. Baina hiru kontatu orduko, beti zegoen zerbait huts egiten zuena. Mikrofonoa ez bazen, beste kableren bat izaten zen. Azkenean baxua utzi, eta taldekideek izaten zituzten matxurak konpontzen hasi nintzen. Gero Santa Ana auzotik Bilbora egin genuen jauzia. Entseguetarako lokal bat geneukan Eskutza kalean. Gerora, sekulako taldeak pasatu dira. 1982an sei talde geunden: Kike Turmix, Ruper, MCD, Las Vulpes... Medanos de Singapur talde berria sortu genuen.

Arrakasta izan al zuen Medanos de Singapurrek?

Carlos Tena etorri zitzaigun, single bat grabatu nahi zuelako. Alde bat Madrilgo Los Monaguillos-ekin, eta bestea gurekin. Zapatu batean etorri zen, eta sekulako ikuskizuna topatu zuen lokalean. Punkik okerrenen antzera zenbiltzan pasilloan Las Vulpesekoak. Harrituta gelditu zen. Haiekin hizketan hasi, eta kantu bat jo zuten lokalean. Me gusta ser una zorra. Tena txundituta gelditu zen. Baina hori bakarrik grabatu zuten. Ez zuten jakin aprobetxatzenmomentua.

Ezagunak zineten auzoan.

Ni 1982an etorri nintzen Errekaldera. Ordurako ezagutzen nituen Los Primitivos, bertokoak. Horko hori kidea da [ondoko mahaian eserita dagoen gizona erakutsi du hatzarekin]. Gainera, guretzako egokiak ziren lokalak genituen. La Jaula, San Ignazion. Punkaren hasierak han bizi izan ziren. Zaila zen lokala aurrera eramatea. Jendeak uste zuen Smith botak jarri eta dena txikitu zitekeela. Gero, Rafa Bilik hartu zuen lokala, eta rockeroagoa egin zen.

Gogoratzen al duzu La Jaulan ikusitako kontzertu gogoangarririk?

MCDk diskoa aurkeztu zuenekoa. Bosgarren abestian Rockan abeslariak ke bonba bat jaurti zuen, eta guztiok atera behar izan genuen handik.

Saltsa guztiaren erdian zineten.

Oraindik dena geneukan aurkitzeko. Egiteko, hobeto esanda. Orduan hasi ziren kontzertuak jotzen Zum-Zum aretoan, gero Yoko deitu zena, Zabalburukoa. Gogoratzen dut Doctor Deseok bere aurreneko kontzertu handia han jo zuela, oraindik bateriarik ez zuenean. Halere, kontzertu gehien Gauekon jotzen ziren, Erronda kalean. Kanpotik etortzen zirenek musikadun komuna deitzen zioten, horma guztiak baldosa zuri txikiz beteta zeudelako. Jende asko oraindik oroiminez dago. Sekulako booma izan zen. Zarratu, eta ez zuten gehiagorik zabaldu. Arratoiz beteta egongo da, ziurrenik.

Kontzertu asko izango ziren garai hartan.

Batez ere, ostegunetan. Ostegungiputxiak esaten genuen, Gipuzkoako ikasle asko ateratzen zirelako. Bi kontzertu jotzen zituzten. Gaueko zortzietan eta hamabietan. Bete egiten zen. Ez da handia, baina 200 bat lagun biltzen ginen bai arratsaldez eta bai gauez. Handik talde asko igaro dira. 1982an, Burning-ek deitu zigun, esanez iparraldeko bira egiteko hemen [Gauekon] aurkeztu nahi zuela azken lana. Sekulako taldea zen.

Mugimendu handia al zegoen?

Bai. Sondikan ere pub bat zabaldu zuten, aireportuaren azpian bertan. El Bolos. Han ere kontzertu alternatibo asko jotzen zituzten. Gogoratzen dut Zarama taldeak han jo zuela bere aurreneko kontzertua hemendik kanpo. Han ikusi nuen aurreneko aldiz punka dantzatzen, botekin saltoka, ostikoka eta elkarri sakaka. 'Baina zer da hau?', esaten genuen. Garai hartan, gu geuk ere ematen genituen kontzertu batzuk Zaramakoekin. Josu Eskorbutok eurekin jotzen zuen.

Eskorbuto taldekoak ondo ezagutu zenituen.

Kontzertu askotan egin nuen lan haiekin. Azkenean, euren neskame eta teknikari ere bihurtu nintzen ia-ia. Erremediorik ez zuten. Santurtzi eta Sestaoren artean han goian Pako bateriak okupatu zuen etxe batean jotzen zuten. Baserri antzekoa zen. Aurretik, eskola abandonatu bateko beheko geletan egiten zituzten entseguak. Pasillo ilun-ilun bat zen. Giltzarrapo batekin zarratua zuten (giltzarrapoak oso ohikoak ziren punken artean). Gizartearekiko oso ezberdinak ziren. Lekua bera ere bai. Oroitzen naiz bazeudela leku batzuk zeintzuetara zerbait hartzera joaten ginenean Juanmak [Suarez] esaten zidan: 'Itxaron hor kanpoan'. Barruan,denak zeuden txapa eta katez beteta. Ni, noski, mahonezko, edozein behargin bezala. 'Kanpoan dagoenak ez du itxurarik, baina gure lagun Paski da', esaten zien. Bestela, kontuz. Haiek maitatzen bukatu nuen. Bihotz izugarria zuten. Iosuk ikaragarrizko gaitasuna zuen gauzak kontatzeko. Kontatu eta kontatu. Sei disko grabatu baldin bazituzten, bazuten 600 grabatzeko adina letra.

Euren izaera bereziagatik, Anti-todo, ez zituzten lagunak bakarrik egin.

Euren lehengusuekin, La Polla Recordsekin, haserretu egin ziren. Gitarra bat lapurtu zieten. Gibson berezi bat, munduan oso gutxi zeuden. Gainera, gitarra bera ere ez zen La Pollarena, orkestra batek utzi baitzien kontzertu batean jotzeko. Gitarra hura abal jarrita, hiru disko kaleratu ahal izan zituzten. Nafarroan jotako kontzertu batetik bueltan, baina, ekipamendu osoa neurekin neraman kamioian. Guardia Zibilak gelditu, atzeko atea ireki, eta guardia zibil batek gitarra erakutsi zidan atzamarrarekin. Norbaitek salaketa jarri zuen.

Heroinak bete-betean jo zuen taldea. 1992ko maiatzean hil zen Iosu. Juanma, bost hilabete geroago. Gainbehera horretan ere taldearekin lotuta egon al zinen?

Iosurena kartzelan nengoela entzun nuen. Juanmak bihotzeko arazoak izan zituen. Ospitalean ingresatuta egon zenean, haren bila joaten ginen ezkutuan; handik ateratzea lortu eta kontzertua jo ostean buelta egiten genuen, berriz ospitalera eramateko.

Kartzelan egon zinela esan duzu?

Bai. Garai hartan jende asko pasatu ginen kartzeletatik. Ikusita nortzuekin ibiltzen ginen, ETArekin lotzen gintuzten.

Talde askok ezagutu zuten heriotza gertutik.

Karlos Mahoma bera ere [RIP taldeko abeslaria] Errekaldera bizitzera etorria zen, hemengo neska bat ezagutu ostean. Beti esaten nion: Karlos, aurrekoan esan nizuna esango dizut: «Arren, ez puskatu mikroaren hankak, ez bota mikrofonoa hor zehar...» Eta mikroa hartu, eta nire aurrean puskatzen zuen mikroaren hanka. «Hau da egin behar ez dudana?». Gogoratzen dut, halaber,Tijuana in Blue-ko Escrotok bere buruaz beste egin zuen egun berean, plaza honetan Las Vulpeseko bateriari Luperi omenaldia egiten ari ginela. Senarrarekin batera hil zuten Lupe, Eivissan zeudela. Ez dakit kontu garbiketaren bat izan zen.

Gogorra izan behar du hainbeste laguni agur esan beharra.

Bai. Musikari askori mikrofonoak jartzen nizkien, eta beste batzuei goma ere bai, orratza sartzeko.

Alde handia al zegoen egungo egoerarekin?

Dena zegoen egiteko. Ez zen orain bezala; agian, ostiral batean, hamalau taberna dituzu eta hirurogei kontzertu. Ez dakizu nora joan. Lehen jendeak kontzertuetara joateko egarri handiagoa zuen. Orain kontzertu askotan sarrerak debaldekoak dira, BBK Live-n salbu, hor jendeak dirutza ordaintzen duelako. Eta jendea ez da gai hiru edo bost euro balio duen kontzertu batera joateko, agertzen hasi berri diren taldeei esku bat botatzeko sikiera.

BBK Live aipatu duzu. Zer iruditzen zaizkizu halako jaialdiak?

Behin izan naiz, bizardunak ikusten (ZZ Top). Joan egin nintzen, baina ez nago BBK Live eta gisa horretako jaialdien alde. Loquillorekin biran, jaialdi horietako askotan egin genuen lan. Viñarock, aldiz, gustuko dut. Villarrobledoko [Gaztela-Mantxa, Espainia] herri osoak parte hartu eta laguntzen du. Diru hori herrian geratzen da. Guk, aldiz, geuk ordaindu behar diogu bankuari. Denok uste dugu dirua jartzen duela, baina publizitatea besterik ez du jartzen. Talde oso onak etortzen dira BBK Livera, ados, baina guztion diruarekin ordaintzen ditugu. Gainera, erdiak gonbidapen bidez sartzen dira. Sarrera kopuru bat ziurtatu nahi izaten dute. Biltzen duten dirua kopuru jakin batera iristen bada, bermatu egiten diete hurrengo urteko ekitaldia. Azkenean, 120.000 badoaz, erdiek ordaindu dute.

Kalitateari dagokionez, jendea kexu da Aste Nagusiko azken urteetako eskaintzarekin.

Zakutik hartuz joan da. Botika Zaharretik Kobetamendira eramateko asmoa zuten [kontzertu eremua]; BBK Live apur bat atzeratu eta jaiekin bateratu. Imajinatzen dut BBK edo Last Tour [jaialdiko musika eragilea] ez zeudela prest konpartitzeko.

Historiaren parte da Gas plaza.

Zerbait egitea Gas plazan izugarria zen. Garai hartan, nazioarteko taldek askok jotzen zuten. Izan dut aukera hiru aldiz lan egiteko.

Zein da Euskal Herriko musikaren egungo ikuspegia?

Ba al dago ikuspegirik? Lokaletako taldeak ez dira ateratzen, entzuleek asko egiten dute huts... Azken porrot entzutetsuenetakoa, publiko faltagatik, Akelarrerena izan zen. Orain urte asko. Sekulako banda, munduko bateria jotzailerik onenarekin: Paco Diaz. Muntaketa sekulakoa zen, Bruce Springsteenek joko balu bezala. Eta kale batzuk urrunago, DJ bat zegoen jendetzaren aurrean.

Zirkuitu zarratua al da? Hatortxu Rockeko kartelean S.A, Gatillazo edo Anestesia bezalako taldeak daude, esperientzia faltarik ez dutenak.

Baina mundu osoan ere gauza bera gertatzen da: Bruce Springsteen, Metallica... Hogei urtean atera beharko ziratekeen taldeak, noski. Egon, badaude. Baina taberna batera joan behar duzu ikustera. Guk lokala Gaztelondoko alondegian dugu. Entsegurako 36 lokal daude. Bada, uste dut horietatik sei bakarrik aterako direla kanpora jotzera. Badakit talderen batek edo bestek ordaindu egin duela taberna batean jotzearren. Ordaindu jotzearren? Arren!

Errekalde erdian gaude. Zer eman dio Kukutzak auzoari.

Kukutzak hemengo dinamika sozial eta kulturala hautsi zuen. Nik aurreneko Kukutza ere bizi izan nuen. Auzoari eta Bilbori asko eman dio. Nazioartean ere bai. Aste Nagusian talde asko etortzen ziren Erresuma Batutik eta Alemaniatik. Koltxoiak jartzen ziren, eta han egiten zuten lo.

Zer daukazue esku artean?

Kontzertu elegante batzuk ditugu prestatuak Zorrotzako gaztetxean. Tartean, Lendakaris Muertosen aurkezpena, urtarrilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.