Nazioarteko Espazio Estazioko (ISS) zati estatubatuarra kudeatzeko lehiaketa zabaldu NASAk; irabazteko asmorik bako elkarte batek euren laborategiak baliatu ditzan ekimena da. Europarren eta japoniarren laborategien %51 NASArena da, gainera. Errusiak bere zati osoa dauka. Lehiaketa irabazten duen elkarteak —unibertsitateek, enpresek eta erakunde ofizialek elkarlanean osatutakoa izan daiteke— 10,9 milioi euro jasoko ditu ikerketarako. «ISSren eraikuntza bukatu da, eta orain gure laborategiak erabat ustiatzeko aroan sartu gara», azaldu du Mark Uhranek, ISSren zuzendariak. Modu berean kudeatzen dira gaur egun Jet Propulsion Laboratory eta Hubble teleskopio espazialaren institutua.
Erabakia, ekainean
ISSra joateko eta handik Lurrera etortzeko bidaiak NASAren ardura izango dira, dena den. Estazioaren gastu orokorrak ere NASAk ordainduko ditu eta, halaber, Esplorazio misioak erakundearen esku geratuko dira. ISSko sei astronautak ikerketan ariko den elkarteari laguntzeko lanak izango dituzte bere zereginen artean.
Aurtengo ekainean emango dute lehiaketaren irabazlearen berri. Elkarte horrek ez du, hala ere, erabateko kudeaketa egin ahal izango NASA eraikitzen ari den bi espaziontzi komertzialak erabiltzeko moduan egon arte; hau da, bi urte barru arte gutxi gora-behera. Orduan hegaldien kopurua asko haziko da ISS eta Lurraren artean.
Ezarian. Zientzia
ISS kudeatzeko lehiaketa zabaldu du NASAk, ikerketa bultzatzeko
Irabazteko asmorik bako elkarte batek kudeatuko du Nazioarteko Espazio Estazioaren laborategia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu