Ispilu bat, kantuz osatua

Nafarroa Garai eta Behereko 1.586 kanta zahar eta dantza doinu bildu ditu Txema Hidalgok 'Nafar aire zaharrak' bildumako bi liburu berrietan. Haietako batzuk orain arte argitaratu gabeak dira.

Iker Tubia.
Iruñea
2016ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Juan Amendux Tafallako (Nafarroa) kartzelan sartu zuten 1567. urtean. Iruñeko Gazteluko plazan sortu zen, eta, gurasoak hil ondotik, Juan Oses bere osaba eta tutoreak Valtierrara bidali zuen erromantzea ikas zezan, euskaldun elebakarra baitzen. Garai hartako egoera soziolinguistikoa egungoaren arras ezberdina dela erakusten du Jose Maria Jimeno Juriok jasotako istorio horrek. Amenduxek kartzelan idatzitako bertsoa Nafar aire zaharrak bildumako bi liburu berrietako batean jaso du Txema Hidalgok. Liburu berri horiek 2013. urtean hasitako laukotearen parte dira, eta Nafarroaren historiaren ispilutzat du egileak.

Hamaika artxibotan buru-belarri aritu ondoren, urte anitzetako lana burutu du Hidalgok. Hirugarren eta laugarren liburukietan 910 kantu zahar eta 675 dantzaren doinuak bildu ditu. Aurretik jasotakoekin batera, orotara, Nafarroako —Garai eta Behereko— 3.075 kantu bildu ditu, beraz. Bilduma berriak bi berezitasun nabarmen ditu: alde batetik, Resurreccion Maria Azkuek jaso bai baina argitaratu ez zituen hainbat kantu berreskuratu ditu; bestetik, kantuekin batera, dantzak ere sartu ditu laukotearen bigarren emanaldian. «Ezinezkoa da dantzatu gabe kantatzea, eta kantatu gabe dantzatzea. Txanpon beraren bi aldeak dira», azaldu du liburuaren egileak.

Bilaketa lan gehiena Euskaltzaindiaren artxiboetan egin du. Are, hainbestetan joaten zen Bilboko Plaza Barrira, azkenean Josune Olabarriak fotokopiak Iruñera bidaltzen baitzizkion. Azkueren funtsaren arduraduna da Olabarria. Hor daude han eta hemen kantuak bildu zitueneko eskuizkribuak, eta hortik atera dira orain arte argitaratu gabeko kantuak. «Funts horretatik 1.200 kantu baino gutxiago argitaratu zituen, baina 2.000 baino gehiago bilduak zituen». Hain zuzen ere, oraindik argitaratu gabeko 785 kantu aurkitu ditu iruindarrak. Euskaltzaindiko agirietan ez ezik, beste hamaika tokitan ere sartu du muturra Hidalgok: liburutegietan, kantutegietan, argitalpenen funtsetan, Parisko Biblioteka Nazionalean, Eresbilen...

Xalbador eta Teobaldo

Aurrekoan bezala, bildutako kantu zaharrak 36ko gerrara artekoak dira. Tira, bada salbuespen bat: Xalbador. «Aurrekoan argitaratu nituen kantuen artean Xalbadorrenak ez sartzeak aho zapore txarra utzi zidan», azaldu du egileak. «Ez zen bidezkoa garai modernoan izan den bertsolaririk onena kanpoan uztea kantuak 1936. urtearen aurrekoak zirelako». Santxo koblari edo Orbel bertsolariekin alderatu du. Bi horiek ahanzturan erori direla uste du Hidalgok. «Ezin dugu gauza gehiago galtzen utzi: hau guzia bildurik izan behar dugu».

Salbuespenen liburuak dira azkenengo biak. Izan ere, aurreko bietan kantu guziak euskaraz ziren, baina honetan beste hizkuntza batzuek badute toki txiki bat. Alde batetik, Teobaldo I.aren kantuak, oil hizkuntzan idatziak. «Nafarroako kantuen bilduman agertu beharra zuen Nafarroako errege trobadorearen obrak», argitu du liburuen egileak. Horrekin batera, gaztelerazko doinu gutxi batzuk ere badaude: Corellako gabon kantak eta aurorak.

Baina kantu bilduman euskara da nagusi. Are, Nafarroako euskalkiak. Kantuak ez daude euskara batuan transkribaturik, eta unean uneko euskara gordetzea da horren helburua. Gaiei dagokienez, denetariko kantuak agertzen dira liburuetan: sehaska kantak, gerlak kontatzen dituztenak, eta eguneroko kontuei buruz aritzen direnak. «Nafarroako bizitzaren isla da bilduma hau», nabarmendu du Hidalgok. Adibidez, Belaten atzemandako lapurren istorioa kontatzen du kantuetako batek. Iruñera eraman zituzten epaitzeko. Bada beste bitxikeriarik: «Duela 200 urteko kantu feministak ere badaude».

Kantuak, nafarren ahoetara

Lan mardula izan da, baina merezi izan duela uste du Hidalgok. Haren helburua nafarrei bertako kantu zaharrak ematea zen, eta lortu du. Izan ere, haren aburuz, hutsune bat zuten herrialde horretako kantuzaleek. Hala ere, sentipen gazi-gozoa duela aitortu du: «Atzera so eginez gero, galdu dugun guzia ikus dezakegu. Jendeak ez zekien altxor hau genuenik ere. Haien sudurren parean jarri behar da hau guzia, eta Nafarroa zer izan den erakutsi». Pena du Azkuek eta Aita Donostiak bilketa egin zutenetik hainbat kanta ere galduko zirelako.

Kantuekin batera, kantatzeko moldea ere galdu egin da. Galdu, edo moldatu. Hidalgo horrekin kezkaturik dago, eta kantu zaharrak berreskuratu ez ezik, kantatzeko molde tradizionala ere berriz piztu nahi du. Horretarako, tailerrak antolatu ditu, batik bat Iruñean. Donostiako jendea ere joaten da, nahiz eta iluntzeko bederatzietan bukatu.

XIX. mendeko grabazioak badaude, kantaera horren lekuko. Motelago kantatzen zela kontatu du, eta ahotsetan kantatzeko modua ere lantzen dute tailerretan. Baina, guziaren gainetik, kantatzea da helburu nagusia. «Kantu guziak kantatuak izateko jaiotzen dira; bestela, hil egiten dira». Baina, idazketa dagoenez geroztik, posible da hildakoa piztea.

Bi liburuki berrien aurkezpen ekitaldia asteartean izanen da, 19:30ean, Iruñeko Civican aretoan. Egilea bertan izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.