Telesailak

Isiltasunen eta hitzen arteko borroka

‘Say Nothing’ (Ez esan ezer) Patrick Radden Keeferren izen bereko bestseller txalotuaren egokitzapena da. Lau hamarkadatan Ipar Irlandako IRAko zenbait kide nola bizi diren azalduko du; Price ahizpak dira istorioaren ardatza.

'Say Nothing' telesailaren fotograma bat. DISNEY+
'Say Nothing' telesailaren fotograma bat. DISNEY+
gaizka izagirre
2024ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

1972ko abenduan, ezezagun batzuek Jean McConville bahitu zuten, hamar seme-alaba zituen 38 urteko alargun bat. Patrick Radden Keefe kazetariak, kasu horren zirrikituak ikertzea erabaki zuenean, ez zuen susmatu ere egingo Ipar Irlandako gatazkari buruzko kronika oso bat idatziko zuenik azkenean. Telesailari izena ematen dion liburuan, dozenaka testigantza biltzeaz gain, milizia errepublikanoen profesionalizazioa, Britainia Handiko Estatuaren errepresioa, indarkeriaren gorakada, eta, batez ere, protagonistetako batzuen bilakaera ideologikoa erakusten ditu.

Liburua argitaratu eta sei urtera, istorio horretatik abiatu dira Say Nothing telesaila sortzeko. Irlandako gatazka armatuaren testuinguruan kokatzen den fikziozko thriller bat da, eta, izenburuak aditzera ematen duen bezala, isiltasunaren, sekretuen eta hitzen arteko borroka sakon bat irudikatzen du. Troubles izenez ezaguna den testuinguru historikoan girotuta dago, Ipar Irlandako gatazka politiko eta militarrean, IRA eta Erresuma Batuko indarrak aurrez aurre zeuden garaian. Gatazkaren urterik bortitzenetan barneratuko du ikus-entzulea, eta komunikabideetako lerroburuen atzeko giza istorioetan sakonduko du; leialtasunaren, traizioaren eta bizirauteko borrokaren artean harrapatuta dauden pertsonaien bizitzaren ingurukoa da lana.

Hasieratik, Belfasteko kaleetan murgilduko da telesaila; hiria bera narrazioaren beste protagonistetako bat izango da. 70eko eta 80ko hamarkadetako Belfasten birsorkuntza aparta da, eta girotze lana xehetasunez josia dago.

Pertsonaien garrantzia

Telesailaren indarra oso konplexuak diren pertsonaien konposaketan datza; bakoitzak bere erronka moral eta pertsonalak ditu, eta gatazkaren erdian bizitzeak sor ditzakeen ondorioak erakusten ditu. Bereziki Dolours Priceren istorioan zentratzen da, eta IRA erakundearen barruan izan zuen parte hartzea erakusten du. Doloursek eta haren ahizpa gazteak, Marian Pricek, biek ala biek militantzia iraultzailearekin bat egin zuten gaztetan. Priceren figura gatazka armatuaren ondorio moral eta etikoak islatzen dituen ikur konplexua da, eta telesailak bikainki irudikatzen du hori guztia.

Geruza narratibo ugari dituen telesail bat da, eta, istorioak aurrera egin ahala, intentsitate emozional handiagoa bereganatzen du; lantzean behin, flashback eran tartekatzen diren uneak arnasteko baliagarriak dira.

Zalantzarik ez dago urteko telesail nabarmenetakoa dela —alderdi artistikoa, antzezpen lanak eta gidoia itzelak dira—, baina, halako kontakizunetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten, zaila da ikusle gisa distantzia objektiboa mantentzea: gatazka guztietan gertatzen den moduan, norberaren ikuspuntu politikoa edo pertsonala jokoan sartzen da. Alde horretatik, telesailak zalantzak eragin ditzake; euskal gatazkari buruzko fikzio traketsenetan sarritan egin ohi den moduan, alde batekoak gaizkile, krudel, inozo edota gupidagabe moduan deskribatzen ditu; beste aldekoak, aldiz, ez.

Aitortu behar da ahizpa protagonistak dualtasun interesgarri baten baitan erakusten direla, eta enpatiaren kontzeptuarekin ere jolasten dela, baina gainerako pertsonaiekin zurira ala beltzera jotzeko joera dago, grisik existituko ez balitz bezala. Adibiderik argiena: Gerry Adams nola irudikatu duten. Say Nothing, tankerako beste ekoizpenekin alderatuta, sinesgarria eta txukuna da, baina osatugabea. Bi alderdiak erakusten diren arren, balantza apur bat desorekatua dago. Galde diezaiotela, bestela, Gerry Adamsi.

fitxa

  • Sortzailea. Joshua Zetumer. 
  • Aktoreak. Lola Petticrew, Hazel Doupe, Anthony Boyle, Josh Finan eta Maxine Peake.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Disney+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.