Euskaraldiaren eta Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Iparraldeko euskarazko bost hedabideak elkarlanean arituko dira heldu den larunbatean, abenduaren 3an, 11:00etatik 12:00etara, Euskara, hedabideetatik karriketara! programa berezia eskaintzeko. Zuzenean arituko dira Baionako merkatutik, eta hainbat solaskide izango dituzte: Zilia Heredia, Iparraldeko Euskaraldiaren koordinatzailea; Eneko Gorri, Erabil taldeko kidea; Sebastien Castet, Euskal Konfederazioaren koordinatzailea; eta Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria eta Hizkuntza politika eta kulturaren lehendakariordea Euskal Hirigune Elkargoan. Euskarari buruzko erreportaje batzuek emankizunaren parteak markatuko dituzte.
Saioa zuzenean ikusi ahalko da BERRIAren webgunean eta Iparraldekohitza.eus webgunean. Baita Herria-ren, Kazeta-ren eta Kanalduderen webguneetan ere. Gainera, irratiz entzun ahalko da Gure Irratian, Xiberoko Botzan, Irulegiko Irratian, Antxeta Irratian eta Amikuzeko irratian. Telebista bidez, Kanalduderen eskaintzak emango du modua ikusteko: Orangeren box-etik, 358. katea; eta Bouygues-en boxetik 338. katea. Iparraldeko euskarazko hedabide horien sare sozialetan ere emango dute luze eta zabal emankizunaren berri.