Eztanda bat izan zen, XX. mende osoa harrapatu zuen astinaldi bat: lehen zinema proiekzioak egiten hasi zirenetik, 1896an, estilo eta ezaugarri askotariko aretoak loratu ziren Bilbon, eta bereziki ugaritu ziren 1950. urtetik 1965era bitartean. Bernardo Garcia de la Torre arkitektoak «urrezko aro» deritzo garai hari, berrogei areto eraiki baitzituzten hiribilduan hamabost urte eskasean. Hauspoa galdu zuen fenomenoak, eta iraganaren arrastoak ere urritu egin dira. Gaur egun, «arkitektura ondare hori ia guztiz desagertu da», Garcia de la Torreren berbetan. Zinemarako arkitekturak Bilbon liburuan (EHAEO, 2022) berreskuratu zituen, eta izen bereko erakusketa antolatu du orain Bilboko Ondare aretorako, ikerketa hartan oinarrituta. Martxoaren 2ra arte bisitatu ahalko da.
Garaian garaiko joera arkitektonikoak islatu ziren eraikin horietan. Hasieran, antzokietan ematen zituzten filmak —Trueba eta Buenos Aires antzokietan, kasurako—, eta ondoren zinemarako propio eraikitzen hasi ziren, baina artean antzokietako diseinuetan inspiratuta: tankera horretakoa zen, hain justu, aurrenekoa, Ricardo Bastidaren Olimpia aretoa —1905ean zabaldu zuten—, eta irizpidea berdintsu mantendu zen mendearen erdialdera arte. Ez zegoen eraikin horietan espezializatutako profesionalik, eta arkitektoek egokitu beharra izan zuten promotoreen nahietara eta eskakizun teknikoetara, Garcia de la Torre komisarioaren esanetan. «Batik bat tokiko arkitektoek eraiki zituzten aretoak. Beste proiektu batzuetan lan egiten zuten —etxebizitzak, ekipamenduak...—, eta ikasi behar izan zuten. Aretoak kritikaren eta erabiltzaileen oniritzia lortzen bazuen, prestigioa ematen zien».
«Consulado zinema aretoko arkitektoak, Secundino Suazo, xafla batzuk kokatu zituen sabaian, eta horien atzean ezkutatu zituen lanparak; aretoa argiztatzen zen, baina zeharka, ikusi gabe nondik zetorren argia. Horrek argiztapen oso leuna eta atsegina sortzen zuen».
BERNARDO GARCIA DE LA TORREErakusketaren komisarioa
Ugariak izan ziren tipologiak, baina komisarioak bi multzo handi bereizi ditu: hiriko zabalgunekoak, dotoreak eta luxuzkoak zirenak; eta auzoetan sortu zirenak, beranduago, 1950eko urteen bukaeran eta hurrengo hamarkadaren hasieran. «Izan ere, zinema Bilbo osora hedatu zen: hiri historikotik zabalgunera, zabalgunetik periferian sortu ziren auzoetara...». Ezberdinak ziren egiturari dagokionez: zabalgunekoek arkitektura klasikoago bat zuten, eta barrutik antzokien antzekoak ziren, apainduagoak baitzeuden, moldurak zeuzkaten…; auzoetakoetan, ostera, garai hartako joera abangoardistak islatzen ziren, eta «garbiagoak» ziren apaindurari dagokionez, komisarioak azpimarratu duenez. Salbuespenak badaude, halere: Capitol zinema aretoa, Jose Luis Sanz Magallonek egina 1958an. Estilo modernoagoa zuen, nahiz eta zabalgunean egon. «Zinema aretoaren barruan, arkitektoak eskailera oso hollywoodtar batekin lotu zituen besaulki patioa eta anfiteatroa».
Akustikaren garrantzia
Urteen poderioz, diseinuaz haragokoa izan zen arkitektoen interesa. Hainbat mugarri egon ziren ezaugarri teknikoei dagokienez. Aurki, ikusleen erosotasunean pentsatzen hasi ziren, butaketan. Eta, aretoetan jazotako hainbat suteren ondorioz, segurtasun irizpideak ere txertatu zituzten proiektuetan. «Azterketak egiten hasi ziren suteen aurkako babesaren ikuspegitik, ebakuazio sistemak antolatu zituzten, ibilbideak ezarri…». Erakusketan bildutako plano batzuetan agerikoak dira irizpideok, ihesbideak gorriz markatuta agertzen baitira.
Aldagai asko zeuden, ordea, proiektuak baldintzatu zitzaketenak. Esate baterako, argiztapena. «Consulado zinema aretoko arkitektoak, Secundino Suazo, xafla batzuk kokatu zituen sabaian, eta horien atzean ezkutatu zituen lanparak; aretoa argiztatzen zen, baina zeharka, ikusi gabe nondik zetorren argia. Horrek argiztapen oso leuna eta atsegina sortzen zuen».
Eta akustikak ere kezkatu zituen, aretoen goraldian batez ere. Hilario Imazek, Deustuko Canciller zinemaren arkitektoak, ezaugarri akustikoen azterketa bat egin zuen aurrenekoz, 1960ko urteetan, Frantziatik zetorren kalkulu sistema bat erabilita. Sistema horretan, bi parametro erabiltzen ziren, nagusiki: aretoaren forma, eta hura estaltzen zuten materialak; alegia, hormetako, zoruko eta sabaiko estaldurak, baita butaken tapizak ere. Ezaugarriok aldakorrak ziren, komisarioak nabarmendu duenez. Hasierako proiekzioetan, soinua iturri bakarretik ateratzen zen, pantailaren atzean ipinitako bozgorailu handi batetik; gero, aretoan sakabanatutako bozgorailu sorta batek girotu zituen lekuok. Kalkuluak egokituta, helburua bera zen: soinua hel zedila bazter guztietara, «arkitekturan islatzea deitzen den horren bitartez: hau da, soinuak errebota dezala ikusle ororengana ailegatzeko».
Izan ere, materialek baldintzatu egiten dute soinuaren ibilbidea. Zabalguneko luxuzko aretoetan, tapizatuak oso erabiliak ziren, Garcia de la Torreren esanetan. Adibidez, Consulado aretoko ia horma denak belus gorriz estalita zeuden, baina «material horrek soinua asko xurgatzen du, ez du asko islatzen». Oreka egon behar zen, hortaz: soinuak gehiago bidaiatzea ahalbidetzen zuten sabaiko materialek —sarri erabiltzen zuten pinturaz baino ez estalitako igeltsua—, eta uztarketari esker erdiesten zituzten ezaugarri akustiko egokienak. «Zoruetan, maketa edo egur motaren bat erabiltzen zen, normalean; material nobleagoak».
Material noble gutxi egoten ziren, berriz, auzoetako aretoetan. Aurrekontu murritzagoa edukitzen zuten, eta lehengai xumeagoetara jotzen zuten arkitektoek: pintura hutsa, egurrezko zokaloren bat…
2.500 butaka
Ezaugarri teknikoak gorabehera, aldagai batek egiten zituen bereziki gaitz proiektuak: edukierak. Promotoreek eserleku asko eskatzen zizkieten arkitektoei, beteko zirelako, eta sarrera gehiago salduko zirelako. Edukiera handitzeko, anfiteatroak erabili zituzten, %50-60 eserleku gehiago sartzeko. Baina anfiteatroak proiekzio kabinaren eta pantailaren arteko harremana konplikatzen zuen, komisarioak azaldu duenez. «Proiektorea gorago kokatu behar zuten, eta horrek arazo tekniko batzuk sortzen zituen». Hala ere, kasik derrigorrezkoa zen, baita urrezko aroaren aurretik ere. Ideal Cinema, esaterako, 2.500 ikuslerentzako tokiarekin inauguratu zuten 1926an, Euskalduna jauregiak orain duen edukiera gaindituta alegia, Garcia de la Torrek esan duenez. «Horrek erakusten du zer-nolako indarra zuten zinema proiekzioek Bilbon garai goiztiar batean, 1920ko hamarkadan».
Urrezko aroaren ostean, baina, hiribilduko zinemak bata bestearen atzetik ixten hasi ziren, batik bat auzoetakoak; horietako batzuek hogei urteko ibilbidea erdietsi zuten, baina egon ziren hamar urteren buruan zarratu zirenak ere. Berehala desagertu zen aparra, datuei erreparatuta: 1965ean, Bilbon, 65.000 eserleku zeuden aretoen sarean sakabanatuta; 1988an, 18.000 baino ez. Zinema jarduera baztertuta, eraikin horietako batzuk beste erabilera batzuetarako egokitu dituzte, hala nola denda handietarako edo gimnasioetarako; alabaina, halako eraikinak doitzea nekeza da, tamainagatik batik bat, komisarioaren irudiko; ondorioz, eraitsi egin dira aretoetako hainbat. Gaur-gaurkoz, salbuespena dira antzeko jardueretarako berreskuratutakoak: Gran Via zinema zena BBK aretoa da orain, Kale Nagusian; eta behialako San Vicente aretoan Kafe Antzokia ipini zuten.
bilboko zinema aretoen aroak
- 1896-1904. Aurreneko proiekzioak egin zituzten Bilbon, ikuskizun ibiltarietan.
- 1905-1925. Proiekzioak aretoetan sartu ziren. 1905ean egin zuten lehen zinema aretoa, artean antzokien diseinuaren arabera: Olimpia.
- 1926-1949. Zinemara egokitutako diseinua finkatu zen.
- 1950-1965. Urrezko aroa. Garai horretan, zinemaren etekin komertziala beste edozein jardueratakoa baino handiagoa izan zen.
- 1966-2011. Gainbehera. Erakusketa 2011n bukatzen da, Capitol eta Renoir zinemen itxierarekin.