Orburu pintxoa urdaiazpiko, tomate eta piperrekin

ANDONI CANELLADA  / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

4 orburu.

Cherry motako 4 tomate.

Bi urdaiazpiko xerra.

4 pikillo piper.

Oliba olio birjina.

Perrexila.

Gatza.

Irina.

Lapiko bat urez bete, eta irin koilarakada pare bat eta gatz pittin bat bota. Sutan jarri, irakin arte.

Bitartean, orburuak prestatzen hasiko gara. Horretarako, orburuari lehen orriak kenduko dizkiogu; beldurrik gabe kendu, horretan dago-eta sekretua; bestela, kanpoko kapa horiek jatean gortasun puntua ematen diote. Zuztarrak, berriz, moztu gabe zuritu, findu arte. Berdin egin beste orburuekin, eta punta aldea ere ondo moztu orburu bakoitzari. Garrantzitsua da ordena errespetatzea; bestela, orburuak azkar belzten hasiko dira.

Ur irakinetara bota, eta 20 bat minutuz irakiten eduki. Sua itzali eta bertan utzi, epeldu arte. Gero, orburuak atera eta erditik moztu, puntatik buztanera.

Zartagin bat sutan ipini, olio txorrotada txiki batekin. Urdaiazpiko xerrak 4 zatitan moztu, eta bertara bota.

Orburuak zartagian gehitu; minutu batez frijitu. Itzali eta perrexil xehatua bota. Cherry tomateak eta pikillo piperrak erditik moztu.

Pintxoa hainbat modutan muntatu daiteke: brotxeta modura, ogi xaflaren gainean... Gaur, arbelezko platertxo batean zerbitzatuko dugu: orburuak ilaran, aldamenean cherry erdiak, eta urdaiazpiko eta pikillo pusketak orburuen beste aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.