Ezarian. Zientzia. Felix Goñi. EHUko Biofisika unitateko zuzendaria

«Gauza hauek hazkunde mantsoa behar dute»

JON HERNAEZ.
Amaia Portugal.
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«1976an, mintz biologikoak ikertzen zituen taldetxo bat sortu genuen Biokimika Sailean. Handituz joan zen, eta ikerketa zentro izatera igaro gintezkeela pentsatu genuen». Halaxe sortu zen EHUko Biofisika Unitatea, Felix Goñi zuzendariaren arabera. 1999an sortu zuten ofizialki, CSIC Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluarekin elkarlanean, baina orain bete ditu hamar urte Bizkaiko campusean dituzten instalazioetan. 2013an etxe berria izango dute, handiagoa, Leioan (Bizkaia) eraikitzen ari diren parke zientifikoan. Lantaldea handitzeko aukera emango die horrek. Izan ere, mundu osoko ikertzaileak ate-joka dituztela esan du Goñik.

Zer beharri erantzuteko sortu zenuten Biofisika Unitatea?

Euskadin zegoen basamortu zientifiko handiaren zati bat betetzea zen asmoa. Orain, basamortua badago, baina duela 15 urte ikaragarria zen. Ez zegoen biologiaren alorreko ikerketa zentrorik.

Zer ekarpen egin zion biofisikaren ikerketari?

Soilik biofisikan ziharduen Espainiako Estatuko zentro bakarra ginen, eta hala gara oraindik ere. Horrek aukera eman digu, era berean, tresneria jakin batzuk toki bakarrean biltzeko, eta munduan oso leku gutxitan aurki daitezke, bat eginik eta biofisikan ikerketak egiteko, ekipamendu horiek guztiak eta horiek maneiatzen dakiten pertsonak.

Tresneria horri dagokionez, zer da bereziki berritzailea?

X izpien bidezko kristalografia laborategi bat eraiki genuen, adibidez. Proteinen egitura zehaztasun handiz aztertzeko balio du. Bestalde, 1980ko hamarkadaren hasieran, ikerketak egiten hasi ginen espektroskopia infragorriarekin, eta horretan aitzindariak izan gara munduan. Azkenaldian, beste alor batzuetara zabaldu gara. Superbereizmena duen mikroskopia fluoreszentea eta indar atomikoko mikroskopia dira horren adibide.

Zer bilakaera izan du unitateak azken hamar urteotan?

Lantaldea bikoiztu egin da, eta argitalpenak eta diru laguntzak, hirukoiztu. Ez dirudite datu ikusgarriak, baina gauza hauek hazkunde mantsoa behar dute. Gure asmoa ez zen bat-batean jende mordoa ekartzea; poliki eta organikoki hazi nahi genuen.

Ikerketa lerroak dibertsifikatu al dira?

Ia gure lan guztia gai bakar batera bideratuta dago: mintz biologikoak. Uste dugu hori dela gure indar nagusietako bat. Hori zen gai ia bakarra duela hamar urte, eta oraindik ere gai nagusia da. Baina lerro berri batzuk zabaldu ditugu. Batetik, lehendik ere bazegoen proteinen tolesteari buruz ziharduen ikerketa lerro bat, eta indartu egin dugu. Bestalde, biologia konputazionalaren gaia zabaldu nahi dugu.

Zeintzuk dira Biofisika Unitatearen lan bereizgarrienak?

Hiesaren birusa zeluletara nola sartzen den jorratzen duen ikerketa lerro bat daukagu; AEBetako osasun institutu nazionalek finantzatu dute berriki. Alzheimerren gaitzaren oinarri molekularrak, hori da beste gai bat; alzheimerra hastera doanean, zelularen mintzean gertatzen diren lehen-lehen aldaketak ikertzen saiatzen gara. Biomedikuntza aplikazioekin zerikusia duen gauza dezente dugu. Gero, teknologiaren ikuspegitik, superbereizmena duen mikroskopiak zeresan handia emango duela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.