Film bat, Laboaren melodian

Bilboko Zazpikaleetan, 'Antzinako bihotz' Mikel Laboaren kantan oinarrituriko lan bat ari dira filmatzen

Antzinako bihotz film laburraren grabaketa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Gaur egungo film laburrak istorio oso tristeetan oinarritzen dira; amaiera ilunak dituzte», dio Ibai Ruizen film ekoizleak. Estetika ere tristea daukatela uste du. Film laburrei kolore apur bat emateko asmoarekin, Aukera Producciones eta Itaka Creaccion etxeek indarrak metatu dituzte. Antzinako bihotz izeneko lana grabatzen hasi dira Bilboko Zazpikaleetan, eta, ondo bidean, bihar amaituko dituzte filmaketa lan guztiak. «Gure istorioak ere hasiera tristea dauka, baina alaitasunerako leku bat uzten dugu amaieran», azaldu du filmaren ekoizle Ruizek. Gidoia idazteko garaian, film laburraren izen bera duen Mikel Laboaren abestian oinarritu dira. Artistaren hamabigarren diskoan topa daiteke kantua. Filmaren gidoiarekin hasi aurretik, «ideia bat geneukan buruan, eta kantua entzun genuenean, hori garatu ahal izateko abiapuntu egokia zela iruditu zitzaigun».

Eta zein da film laburraren ideia? Bakardadean oinarritutako istorio bat da, bi lagunengan irudikatua: bata, egunero bere denda zabaltzen duen neska da; bestea, dendaren alboan egunero gitarra jotzen aritzen den adineko gizona. «Aspalditik datorren musikari bat litzateke, eta, iraganean izandako esperientzia txar batzuen ondorioz, kalean kantatzen amaitu du». Azkenerako, bi istorioak elkartu egiten dira, eta, nahiz eta biak bakardadean egon, «denen laguntzarekin bizitza apur bat alaiagoa izan daitekeela azaldu nahi dugu filmaren amaieran».

Jarrera baikor hori, kantuak berak ere badauka, eta horregatik baliatu dute Laboaren abestia. Honela dio abestiak: «Bihotz, antzinako bihotz / Ez al zara zaharregi / eta ilun, eta itxu, barregarri / Ilun, ez da dena ilun / Begirazazu leihotik / Ikustazu baso hori, berdatzen».

Mezua ez dute kantuaren bidez bakarrik helaraziko, horretarako baliabide gehiago badaude eta. Estetika koloretsua izango da. «Amélie Frantziako filmean oinarritu gara irudikapen hori aukeratzeko garaian. Kolore askokoa izango da, beraz». Kolore horiek are deigarriago izateko, Trakabarraka diseinatzaileen arropa baliatuko dituzte filmaren ekoizleek.

Ekoizpen independentea

«Urte asko daramatzagu sektore honetan lanean, eta apenas garatu dugun proiektu propiorik. Gidoi asko irakurri eta garatu bai, baina lan propioak ekoitzi, apenas», dio Ruizek. Horregatik elkartu dira Aukera Produccioneseko kideak Itakakoekin, zerbait berria elkarrekin egiteko gogoz. «Dirua, langileak eta baliabideak elkartu genituen, eta horrela sortu da proiektua». Gainera, orain arte musikaren arloan lan egin dute ekoizpenean hasieratik parte hartzen ari direnetako batzuek. «Pauso erabat logikoa izan da, beraz». Zentzuzkoa izateaz gain, ordea, gustuz egindakoa ere bada, Mikel Laboa «guretzat jainkoa baita».

Film laburra erabat independentea izango da, Ruizen esanetan. Izan ere, ez daukate inongo diru laguntzarik, eta parte hartzaileak ere musu truk ari dira proiekturako lanean. «Behean ura egongo ote zen jakin gabe egin genuen salto proiektuarekin». Oraindik ez dakite salto egin eta gero zer edukiko duten azpian.

Beraz, borondatez sortu den proiektu bat da. Eta baliabideak ere, bide horretatik lortu dituzte. Filma grabatzeko erabili duten kamera, esaterako, «profesionala da, gaur egun Bizkaian topa daitekeen azpiegitura teknikorik onena». Beraz, kalitatea ona lortu dute ia dirurik gastatu gabe. Edozein modutan, ezer irabaziko balute, taldearen artean banatuko lukete.

Filmatze lanak behin amaituta, maiatza amaitzerako film laburra muntatuta eta ondorengo ekoizpena amaituta edukitzea espero dute. Modu horretan, Kimuak katalogoaren barruan txertatu nahi dute euren lana. «Bertan aurkeztu ahal izateko, baina, ekaina da azken epea. Horregatik, ordurako proiektua amaituta edukitzea espero dugu». Kimuak katalogoaz gain, nazioarteko hedapena ere eman nahi diote ekoizpenari. «Istorioa oso hemengoa bada ere, mezua edozeinek egin dezake bere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.