ATZEKOZ AURRERA. Carolina Luzon. 'Haurdunaldi game' liburuaren idazlea

«Ez dago ondo ikusita haurdunaldia gustatu ez zitzaizula esatea»

Haurdunaldian bizitako prozesua bideo joko gisa irudikatu du Luzonek liburuan. Prozesu gogorra dela azaldu du, eta oraindik «ez dela politikoki zuzena» esatea amatasunean dena ez dela polita.

CAROLINA LUZON.
ane insausti barandiaran
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Marrazkilaritza irakaslea eta ilustrazailea da Carolina Luzon (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1972). Haurdunaldi Game izeneko liburua ondu du, aurretik argitaratutako Argibide-liburua, nola funtzionatzen du 0-6 urteko haur batek?-en aurreko alea. Oraingoan, haurdunaldi prozesuaren barruan bizitako zailtasunak izan ditu hizpide.

Liburua, rol jokoa... zer da, zehazki, Haurdunaldi Game?

Liburua bideo joko zail baten moduan irudikatu dut, eta pantailaz pantaila pasatu behar da, zailtasunak gaindituz. Funtsean, haurdunaldiaren esperientziaz hitz egiteko modu dibertigarri bat da, idealizatu gabe; oso esperientzia indartsua delako, baina baita oso gogorra ere. Gorputzean aldaketa asko egoten dira, inbasio baten modukoa da. Umorearen eta ironiaren bidez ezkutuan dagoena ateratzeko saiakera bat izan da, beste ikuspegi bat ematekoa.

Zer egin behar da jokoan?

Protagonistak pantailaz pantaila pasatu behar du. Kasu batzuetan laguntzak izango ditu, eta beste batzuetan zailtasunei aurre egin beharko die: gosea, ildoak edo erditzeari beldurra, adibidez. Zailtasun horiek pertsonifikatu egin ditut, beti umorez, bideo joko horretako gaizkileak balira bezala. Nire esperientzian oinarritu naiz, baina baita nire lagunenean ere. Haurdunaldia den bizi-bideo jokoa islatu nahi izan dut.

Nori zuzenduta dago?

Hainbat ikuspegitatik da interesgarria. Hasieran, ama izango direnei zuzenduta dagoela esango nuke, baina gerora konturatu naiz, nire semeak irakurri duenean adibidez, gauza askoz jabetu dela. Haurrei ere haien ama pasatzen ari den prozesua ulertzen laguntzen die: zergatik ezin dien une batzuetan kasurik egin, zergatik hartzen duen lo, gosea daukala... oso erabilgarria izan daiteke. Berdin bikotekidearentzat ere, zer gertatzen ari den konturatzeko.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Argibide liburua-ren aurreko zatia izango zenez, oinarri estetikoa baneukan, baina ez zitzaidan bururatzen zer ikuspegi eman, nola bideratu gaia. Semea bideo joko batean jolasten ikusitakoan bururatu zitzaidan horrela irudikatzea. Mendekotasuna sortzen du, dinamikoa da... Ideia hori izan ondoren, oso erraz sortu nuen gainerakoa. Kolore deigarriak erabili ditut, eta irudiek kontatzen ari naizenari ekarpena egitea nahi nuen, ilustrazioek ere ironia puntu hori izatea. Ukitu moderno eta dinamikoa ematen dio liburuari.

Amatasunari lotutako zailtasunak tabua dira oraindik?

Bai, zalantzarik gabe. Adibidez, gustatu ez zitzaizula esatea. Ez da politikoki zuzena esatea amatasunean dena ez dela polita. Nik haurdunaldi perfektua izan nuen, arazorik gabea, baina, hala ere, inbadituta sentitu nintzen, nire gorputza eta bizitza, lehen ezagutzen nuen bezala behintzat, galtzen ari nintzela sentitu nuen. Gero baditu gauza onak, noski, baina desberdina da.

Ematen du amok beti zoragarriak izan behar dugula, eta gure haurragatik beste guztiari muzin egiteko prest egon behar dugula. Eta ados, gure ardura da, baina, ama izateaz gain, beste gauza asko ere izan zaitezke.

Liburu ilustratuak baliagarriak dira horrelako gaiak lantzeko?

Bai, askotan, haurrengana iristeko ate zuzena direlako. Liburuen edertasuna erabil dezakezu haurra erlaxatuta murgiltzeko istorioan eta liburuaren planteamenduan. Haurrei gauzak zuzenean galdetuz gero, ez dizute ezer esango. Baina, horren ordez, haiengana beste modu batean hurbiltzen bazara, identifikatuta sentiaraz ditzakezu.

Geroz eta jende gehiagok irakurtzen al ditu?

Bai, haur zein helduentzat baliagarriak direlako. Liburu batzuk, gainera, artelan hutsa dira! Uste dut haurrak gai direla Peppa txerria ez den ilustrazioak ulertzeko, eta, era berean, helduok gerturatu behar garela liburu horietara, haurrentzako izan arren, gustatuko zaizkigulako. Ni neu irakurle bihurtu naiz, eta nire lagun asko ere bai.

Marrazkilaritza irakaslea zara. Nola irakasten da marrazten?

Ingurura begiratzeko duzun modua aldatuta bakarrik, marrazten ikas dezakezu. Ez jakitetik jakiterako pausoa emateko errealitatea lerrotan begiratzen eta interpretatzen ikasi behar da, ez da eskuko gaitasuna bakarrik. Gakoa da nola eraman ideia bat begitik burmuinera eta burmuinetik eskura.

Aurrera begira, zer duzu eskuartean?

Irailean eta urrian liburu ilustratu bana argitaratuko ditut, eta Compostela lehiaketako sarituen izendapenen zain nago, aurten bi lan aurkeztu ditudalako. Beste lau proiektu ere baditut eskuartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.