Eskulangileen azokaz gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira, egunari jai giroa emanez, eta doan izango dira guztiak. Goizean, udalak bost kilometroko ibilaldia antolatu du espartinak jantzita egiteko; lehenengo aldia dute, eta 11:15ean izango da. Pilota partidak eta Zuberoako dantzak tartekatuko dituzte frontoian, 11:30etik aurrera. Eguerdian, Xiberoko Zohardia taldearen kantuek eta dantzek girotuko dute Maule, aperitifarekin batera.
Zuberoako espartinaren historiaz hitz egingo du Joel Larroquek 14:00etatik aurrera. Arratsaldean, Elgarrekin taldeak herri kirolen eta dantzen erakustaldia egingo du, 15:30etik aurrera. Xistera partida bat izango da gero, 17:00etan. Horrez gain, bertako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere izango da, eta musika egongo da etengabe, eguna alaitzeko. Jean Mixel Bedaxagar han izango da, bestalde: Zuberoako dantzari eta kantariei buruz egin duen Aitzina Pika liburua sinatzen egongo da, hain zuzen ere.
Beheraldi bat izan bazuen ere, espartinak modan jarri dira berriz; hein batean, kolore desberdinetakoak egiteari esker izan da. Gustu eta hanka guztientzako modukoak izango dira gaur Maulen erosgai.