Maria Angeles Ezker. Nafarroako Landa Turismoko Federazioko presidentea

«'Ekoturismoa' hitz berria da, baina beti egin duguna adierazten du»

Katalingarde landa etxeko arduraduna da Ezker; beraz, gertutik ezagutzen du landa turismoaren egoera. Federazioa zuzentzen du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroan aniztasuna dagoela esan ohi da, eta, geografia bezala, landa turismoa ere ezberdina da tokian-tokian. Pirinioetakoa ezagutzen du hobekien Maria Angeles Ezkerrek (Izaba, 1964), bertako landetxe baten jabea baita. Dena den, egoera orokorraren argazkia egiteko parada ere badu, Nafarroako Landa Turismoko Federazioko presidentea baita. Azaldu duenez, ez dira garairik onenak nekazaritzako turismoarentzat, baina etorkizunari baikorki begiratzen dio: «Etorkizuna badugu».

Zein da Nafarroako landa turismoaren egoera? Zer moduz joan da 2013. urtea?

Lehenbiziko zatia katastrofikoa izan zen ekainera arte, nire aburuz, eguraldiak eragin zuzena izan zuelako erreserbak egiteko tenorean. Bigarren zatian, errekuperatu egin zen. Uztail eta abuztuan uste dut lana ongi egin zela, abuztuan etxe handiek txikiek baino arazo handiagoak izan bazituzten ere. Eta udazkena eta negua gure inguruan [Pirinioetan] ez da txarra izan urtea hasi arte.

Urtea ongi hasi al da?

Urte hasiera txarra izaten ari da. Eguberrietan oso ongi hasi ginen, lan dezente izan baikenuen, baina, urtarrilaren 1etik aurrera, eguraldia aldatu egin zen; denboralez denborale ibili gara, eta horrek okupazioan eragin zuzena izan du berriz ere. Eguraldiaren menpe gaude erabat. Krisia ere nabaritzen da, baina eguraldiak baldintzatzen gaitu gehien.

Eguraldia eta krisia ez dituzue bidelagun onenak.

Landa turismoan, eskariak beherakada handia izan du. Pentsatzen dut eskualdearen arabera izanen dela, baina krisia antzematen da. Lehen, errazago lan egiten genuen, eta erreserbak denbora tarte handiarekin egiten ziren. Azkenaldian, jendeak azken momentuan egiten ditu erreserbak, eta horregatik gabiltza azken momentura arte zain. Etxeetan —eta ostalaritzan, oro har—, normalean, aitzinamendua eskatzen da. Lehen, errazago onartzen zen aitzinamendua; orain, jendeak ez badaki azken ordura arte zein eguraldi eginen duen, ez du erreserbarik egiten.

Zein da federazioaren betebeharra?

Federazioak elkarteetan banaturik lan egiten du. Eskualde bakoitzak lan egiteko modu ezberdina du: batzuek elurrarekin egiten dute, beste batzuek berdearekin, basamortuarekin...Federazioa saiatzen da baliabideak jartzen arazo komun horiek konpontzeko. Elkarteetan eta federazioan, arazo bat dugu: geroz eta jende gutxiago kidetzen da. Internet dagoenetik, jendea bere kasa ibiltzen da. Uste dute nork bere webgunea izanda gehiago lan eginen dutela. Nire aburuz, kidetzen bazara, eskualdeak gehiago dinamiza ditzakezu, eta horrek eragina du inguruan, sektore osoak bat eginda aurrera eramandako lana baita.

Zer eskaintzen da Nafarroan, landa turismoari dagokionez?

Etxeak kalitatezkoak dira, eta prezioa justua; ez dira garestiak, prezioa eta kalitatea alderatuz gero. Eskualde guztiek jarduerak dituzte, eta bakoitzak bere denboraldia du: Ekialdeko Pirinioetan, elurra oso garrantzitsua da; Bera, Baztan eta Malerrekako inguruan, beste turismo mota bat dago, berdeari atxikirik; eta Erriberan, berriz, Bardea oso erakargarria da turistentzat, batez ere frantsesentzat. Jendeak dio Nafarroa garestia dela, baina beste tokietan ez ditut aurkitu gauza merkeagoak.

Zer erakargarri du turismo horrek?

Inguruetako jendearekin harremana da landa turismoak duen erakargarririk handiena. Paisaia bezain garrantzitsuak dira bertako biztanleak. Inguruan jarduerak edo bertakoekin partekatutako bizipenak eskaintzen ditu.

Ekoturismoaz mintzatuko zarete landa turismoari buruzko jardunaldietan. Nafarroan bada halakorik?

Nafarroan ekoturismoa oso garrantzitsua da. Bizitza osoa daramagu hori egiten. Hitz berria da, baina beti egin duguna adierazteko erabiltzen da. Turismo iraunkorraren eta jendearen artean harreman ona dago; ez dugu kalterik egiten, kontrakoa baizik. Landa turismoan, harreman zuzenagoa duzu landa eremuarekin.

Zer-nolakoa da landa turismoa egiten duen jendea, oro har?

Natura maite duen jendea da, eta askotan mendizalea. Batez ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik datoz bezerorik onenak.

Europatik ere badatoz?

Udan, adibidez, herbeheretar geroz eta gehiago daude, eta ingelesak ere etortzen dira.

Egoera hori izanda, zer etorkizun du landa turismoak?

Nik ongi ikusten dut.Garai txarra da, baina azken urteetan etxe kopurua asko igo da. Etorkizuna badugu. Uste dut geroz eta jende gehiagok izanen duela turismo iraunkorraren kontzientzia. Europan, Pirinioak ez dira batere ezagunak, eta hor merkatu garrantzitsua izanen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.