EKOGRAFIAK. Quinteroren oskola

Asier Sarasola.
2007ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Azken hiruzpalau urteetan heriotzak astindu ditu Espainiako loriak eta ikurrak. Gure, barka, bere mugaz haraindi zabaldu dituzten izen handiak eraman ditu betirako herio madariak, barka, madarikatuak. Eskerrak badiren espainiar zintzoak haien memoria gorde, eta belaunaldi berrietan etorkizunerako txertatzen jarduten direnak. Ezin du munduak besterik gabe jarraitu haien desagerpenaren ostean. Omenaldi iraunkorra zor diegu, barka, diete. Rocio eta Carmina, ez da hau horrela geratuko. Isabel Pantojak, gainera, gordean denboralditxo batean badago, hobe; toreroa izan behar zuen folklorikaren senarrak lehen, espekulatzaile inmobiliarioa da orain. Irteera behar du egoera honek, jasangaitza da, hainbeste sasi-ospetsuez Espainiako ohorean pilatzen ari den lohiarekin. Zer edo zer egin beharra dago!

Bai, talante berria. Frankismoaren iloba irten liteke Mira quién baila-n. Bai, eguneratze jatorra da oso; Anne Igartiburu aurkezleak oporraldiko hiriaren iragarkiak egiten ditu halaber. Liburutegi Nazionaleko Jon Juaristiren baliokidea. Ongi. Baina horrekin ez da aski. Glamourrak beste zerbait behar du. Bordiu-ri etxeko, barka, El Pardon erabiltzen zituen zapatilak ikusten zaizkio etengabe, takoiak behar ditu glamour izango bada. Beraz?

La Obregon, Quintero-enean. Ingelesez badaki, eta takoiak erabiltzen Quinterok begirada okertzen adina ere bai. Umoretsua da zinez, la virgen de logroño, que me coma el coño batekin barre egiten du, baina orgasmo bezalako hitz zatarra ez esateko fintasun sendoa batez ere. Ederki ematen du pantailan mifrofonoari hizketan, artisauen eskuek moldatutako eskotean efektu erotikoa lortzeko kokaturik badago gailua, hainbeste, algara artean azpimarratu behar dela. Horrelakoa behar du Espainiako emakumearen estereotipoak. Barka, nazka.

Espainia ez da biziko erregina errepoker honekin soilik. Loriak eta ikurrak zehaztuko dituen ahotsa behar du. Elizaren aukera; Jimenez Losantos. Kanta gregoriarrekin eman zion Quinterok ongietorria. ETAko kideen ausardia goratu zuen haien ekintzabidean. Felipe Gonzalezek armatu zuela GAL, eta horri politika nazionala esan zion. TVEren aurrekontuak onartzeko Josu Jonen adostasunak, zer dio honetaz guztiaz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.