EKOGRAFIAK. Hitz egidazu txineraz

Asier Sarasola.
2008ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Banaketaren atarian egon omen den Belgikaraino joan ziren En portada saiokoak (La2), bertakoaren berri ematera. Jakingo duzue, kultura bi batzen dituen herrialdea da Belgika; bizitza eta munduari buruzko ikuspegi ezberdina daukaten hizkuntza bi dituena, Frantzia eta Alemaniaren arteko tirabira historikoak baretze aldera eraikitako eremu geografikoa.

Antza, flandestarren artean independentzia nahiak gora egin du azkenaldian eta, gutxienez, autonomia handiagoa eskatzen dute. Erreportajeak, era gaiztoan, Flandesko susperraldi ekonomikoari egozten zion errua, eta waloniarrekiko ustezko solidaritaterik ezari. Baina, auzi ekonomikoa garrantzitsua bada ere, hizkuntza oinarri duen arazo politikoaren aurrean zen ikuslea.

Ikusten zenez, waloniarrek, oro har, ez dakite nederlanderaz hitz egiten; aldiz, flandestarrek (elebitasuna abstrakziotik egunerokotasunera daramatenak, apur bat euskaldunen antzera) errazago egiten dute frantsesez. Erreportajea egiten zebilen kazetariak flandestarrak elkarrizketatzen zituenean, haiek frantsesez egiten zuten arazorik gabe, baina kazetariaren ezjakintasunak hala behartuta.

Eta ezjakintasunaren ondorio ez, ongi nahita egina zen flandestarrak soilik nazionalista gisa definitzea. Esate baterako, Bruselan (Flandes), non frantsesez egiten dutenak gehiago diren, nederlandera baztertu eta frantsesez hitz egitera flandestarrak behartzen dituzten waloniarrak ez omen dira nazionalista kazetariarentzat. Egia, nazionalista barik zapalkuntzaren adierazgarri baitira. Baina, noski, ez zen hori esatera ausartzen kazetari espainiarra. Alta, koroa batasunaren sinboloa dela nabarmentzen zuen, garagardoa dela flandestar eta waloniarren arteko ia zubi bakarra. Izan ere, hizkuntzaren araberako zatiketa erabatekoa da Belgikan, eta ez dirudi eredu txarra gurean aplikatzeko.

Bestalde, irtenbideak argi daude; komunitateen arteko zatiketan sakondu edo denek ingelesez egitea (halaxe egiten baizuen kantari ezagun bihurtu nahi zuen gazteak). Alabaina, nahiz eta ingelesaren boterea, egun, zalantza ezinezkoa den, etorkizunak bestelako ahoskera eskatuko duela dirudi, eta gurean baditugu datorren mendetik datozkigun profetak Ni hao Txina esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.