Bertso uhinak Tolosan

Txolarre irratiak antolatutako bertso saioa izango da gaur Tolosan, Leidor antzokian, 18:00etan

Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok hartuko dute parte, besteak beste, gaurko jaialdian. BERRIA.
Maite Alustiza.
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Amets Arzallus, Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio. Horiek guztiak igoko dira gaur Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokiko oholtzara. 18:00etan hasiko da Txolarre irratiak bere urteurrena ospatzeko antolatu duen bertso saioa. Irratiak bete dituen hamar urteak gogora ekartzeko egingo duten azken ekitaldia izango da. Iazko urtarrilean ere bertsoak ekarri zituen Txolarrek Tolosara.

Hamaika plaza, areto eta antzokitan ibilitakoak dira Tolosan bilduko diren bertsolariak. Maialen Lujanbio 2009ko txapelduna kantuan ariko da, baita Amets Arzallus txapeldun ordea ere. Haiekin batera, Jon Maia,Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze; txapelketa nagusian hirugarren, laugarren eta zazpigarren postua lortu zuten, hurrenez hurren.

Bizkaiko txapelduna ere taula gainean izango da, Arkaitz Estiballes. Gaiak jartzen Amaia Agirre bertsolaria ariko da.

Txolarre irratiak eta bertsoek lotura estua izan dute hamar urteko ibilbide horretan. Horren erakusleetako bi dira asteazkenero irratiak eskaintzen duen Zortziko Aldrebesa saioa eta Tolosaldeko Ahotsa magazinean bertsolaritzari eskainitako tartea.

BERTSO SAIOA

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Tolosan (Gipuzkoa), Leidor antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.