Beira zuntzez edertutako festak

Txosnak are deigarriagoak egiteko, Bilboko konpartsa batzuek bolumena duten figurak enkargatzen dituzte. Beira zuntzez eta birziklatutako materialez fabrikatzen dituzte.

Hordago Abanteren elefante konpondu berria Bilboko San Frantzisko auzoko lonja batean, joan den asteko asteazkenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hordago Abanteren elefante konpondu berria Bilboko San Frantzisko auzoko lonja batean, joan den asteko asteazkenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Gertu dago jada Bilboko Aste Nagusia: Konpartsakide Eguna egin zuten zapatuan, egitaraua laster aurkeztuko dute, eta pare bat aste baino ez dira falta txosnen muntaketa abiatzeko, Areatzan. Gertu dago Aste Nagusia, eta konpartsetako kideek asteak daramatzate txosnetako panelak pintatzen, aurtengo dekorazioak taxutzen, eta xehetasunak orrazten. Izan ere, 27 txosnako gune batean, nola lortu norberarena ere deigarria izatea, ezkutatuta gera ez dadila aldamenekoen kolore bizi eta diseinu probokatzaileekin? Bilboko San Frantzisko auzoko lokal batean, adibidez, 70 kilo inguruko elefante bat konpondu berri du Gorka Sagarminagak: Hordago Abante konpartsaren ikurra.

Zergatik elefante bat, ordea? Ideia Iñaki Uriarterena izan zen, Euskaldunon Egunkaria-ko Bilboko delegazio buruarena, Sagarminagak esplikatu duenez: film batean ikusi zituen animaliok, eta gustatu egin zitzaizkion; gainera, erreklamo gisa ere eraginkorrak ziren. Zehazki, konpartsaren hirugarren elefantea da oraingoa, 2001ean fabrikatu zuten, eta aurrekoak baino txikiagoa da: hasierakoak tamaina naturalekoak ziren. «Iñaki Santaolalla eta bion artean egin genituen. Baina mugitzeko nekezak ziren. Kamioi batekin lekualdatu behar izaten ziren», esan du Sagarminagak. Jaiak bukatzen zirenean, Andoainera (Gipuzkoa) eramaten zituzten, eta han gorde, hurrengo urtera arte. Baina uholde batek eraman eta hondatu egin zituen.

Elefante txikiago bat sortu zuten hurrena. Pernan Goñik diseinatu zuen maskota berria, eta Bilbo futurista batekin biribildu zuten dekorazioa: hiribilduaren sortzaile Diego Lopez Harokoa Zander-ez jantzi zuten —garai hartako komiki batzuetan agertzen zen pertsonaia bat—, eta argiz josi zuten hiria: zati garden batzuk utzi zituzten, argia gehiago igarri zedin. Dorre batean kokatu zituzten elementuak. «Gutxienez, zortzi metro luze izango zen: hiria beheko partean gelditzen zen; eta elefantea, goikoan».

Birziklatutako materialak, kortxo zuria...

Sagarminagak berrogei bat urte daramatza gisa horretako dekorazioak ontzen, eta txosna andana batentzat egin du lan: Abantez gain, Paya, Hau Pittu Hau, Kaskagorri eta Txori Barrote ere izan ditu bezero, adibidez. «Behin, Kaskagorri konpartsarentzat, mamu antzeko bat egin genuen [Iñaki] Azkunaren aurpegiarekin, tirolina batean zihoana txosnatik ondoko dorreraino; eta, txosnaren gainean, goma aparrezko robot batzuk ipini genituen, mugitzen ziren beso batzuekin».

Aitortu duenez, sortzeko «askatasun handia» izan dute beti, eta batik bat bolumena landu izan dute, azalera lauetan egindako diseinuak baino gehiago. «Konplikatua da: lonja batean egiten duzuna jai gunean ipintzen duzu, eta agian zerbait oso txikia geratzen zaizu, nahiz eta lonja osoa okupatzen duen. Txosnak faraonikoak dira, aire zabalean daude, eta elementuek nolabaiteko nabarmentasuna eduki behar dute; ze, bestela, hormetan ipinitako txintxeta bat dirudite». Hortaz, kokapena kontuan izaten dute halako figurak diseinatzerakoan. 

«Txosnak faraonikoak dira, aire zabalean daude, eta elementuek nolabaiteko nabarmentasuna eduki behar dute; ze, bestela, hormetan ipinitako txintxeta bat dirudite»

GORKA SAGARMINAGADekorazio sortzailea

Emaitza handi eta deigarri bat lortzea, sekulako gastua egin gabe: hori izan da beti Sagarminagaren eta harekin lan egiten dutenen helburua, laburbilduta. Izan ere, asko jo izan dute birziklatutako materialetara —Abanteko Bilbo egiteko, zakarrontzitik hartutako kartoia erabili zuten, hozkailu batzuen kutxak—, edo material jakinak saldoka erosi dituzte, merkeago lortzeko. Adibidez, beira zuntza. Sagarminagaren arabera, oso erresistentea da, garraioak eta biltegiratzea aguantatzeko aproposa. «Lantzea nahiko erraza da. Segurtasun protokolo bat bete behar da, emanazio toxiko batzuk botatzen dituelako: leku egurastuetan egiten dugu lan, eta, bestela, atearen ondoan, edo kalean».

Gainera, bolumen handiak lor daitezke, eta pisua ez da izaten oso handia. Kasu baterako, Abanteko elefanteak ehun kilo baino gutxiago pisatzen du: duen tamainarako, ez da batere astuna, artistak azpimarratu duenez. «Kortxo zurian moldatu genuen, estaldura bat eman genion, eta beira zuntzarekin forratu genuen. Gero, kortxo zuriz hustu genuen, pisua gal zedin». Hogei urte pasatxo ditu dagoeneko, eta nahiko ondo dago, Sagarminagaren irudiko; hala ere, konponketa batzuk egin dizkiote —txosnara zintzilikatzeko mekanismoetan, batik bat; eta, belarrietako batean, BERRIA kokatu diote—.

Bukatu du lana Sagarminagak: Abanteko elefantea lonjako mahaian dago, edertuta, konpartsakideek eramateko zain. Saihetsezina da, ordea, konparatzea: lehen, Bilboko jaien aurreko pare bat hilabeteak txosnetarako lanei eskaintzen zizkieten, enkargu mordo bat baitzegoen. «Jaietan orain baino askoz gehiago fabrikatzen zen. Aste Nagusiaren hasierako urteetan, gauza ikaragarriak egiten ziren». Hainbeste, ezen tamaina naturaleko elefante batzuk ere mimetizatuta geratzen baitziren txosna guneko beste elementuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.