BANDA ZABALEAN. 'Spot.us', komunitateak finantzatutako albisteak

2008ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Zer egin dezakegu komunikabideek gure komunitatean interesgarriak edota salatu beharrekoak iruditzen zaizkigun gai edo jazoeren inguruko informaziorik ematen ez badute? Ameriketako Estatu Batuetako David Cohn izeneko kazetari gazteari, bere buruari galdera hau egin ondoren, ideia bat otu zitzaion; zergatik ez sortu webgune bat non gai jakin baten inguruko informazioa nahi dutenek, gastuak beren artean banatuz, albiste hori landuko duen kazetari bat kontratatuko du-ten?

Bere ideia Interneterako komunikabide proiektu berritzaileen garapena sustatzen duen Center for Media Changeerakundeari aurkeztu, eta, proiektua sarean modu esperimentalean jartzeko diru laguntza bat jaso ondoren, Spot.us (http://spot.us) izeneko webgunea sortudu Cohnek.

Bertan, norbanakoek zein taldeek albisteen kontrol editoriala dute; erabiltzaile komunitateak aukeratzen ditu albiste bihurtuko diren kontuak, eta, ondoren, informazioa landu eta berria idatziko duen kazetariaren lanaren kostua albistea bozkatzen dutenen artean banatzen da. Webguneak honela funtzionatzen du:

1) Norbanako edo kazetari batek garrantzizkoa edota interesgarria iruditzen zaion kontu bati buruzko zirriborro bat prestatu eta webgunera bidaltzen du. 2) Komunitateko erabiltzaileek, euren diruarekin, interesgarriena iruditzen zaien albistea bozkatzen dute. 3) Boz gehien edo berau lantzeko gastuak estaltzeko adinako diru kopurua jaso duen kontua kazetari bati pasatzen zaio, eta hark gaiaren inguruko materiala bildu, ikerketa egin eta albiste bat idatziko du. 4) Editore taldearen oniritzia jasotzen badu, Spot.us-ek albistea bere webguneko albisteen jarioan publikatzen du. Ondoren, albistea sortutako edo bozkatutako komunitateko komunikabideekin harremanetan jartzen da, hauei informazioa helarazi eta berri horri ahalik eta zabalkunde handiena emateko.

Ideia berritzaile eta interesgarria proposatzen du Cohnek; komunitateak finantzatutako albisteak. Nik, hala ere, eragozpen handi bat ikusten diot sistemari; gastuak ordaintzeko nahikoa diru lortzen duten istorioak bakarrik landuko direnez, lobby-ek edo iritzi publikoan eragin nahi duen edozein taldek gunea bere probetxuan erabiltzeko aukera dezente dituela iruditzen zait.

Gainera, zuek albiste bat idatz dezaten ordainduko zenukete?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.