ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Zaporeen bidaia Kursaalean

Donostia.

Nagore Rodriguez.
Donostia
2010eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Modu askotan ezagut daitezke herrialdeak, baita dastamenaren bidez ere. Zaporeen bidaia eskainiko du asteburuan Donostiako Sevatur azokak. Sagardo, patxaran, vodka, urdaiazpiko eta ardoaren bitartez, urrutiko nahiz gertuko lurraldeak bisitatu ahal izango dira Kursaalean, ostiralean hasi eta igandera bitartean.

Lehen aldiz, Kubako eta Dominikar Errepublikako mahaiak egongo dira Donostian. Eta, haiekin batera, jadanik ohikoak diren Kroazia, Lituania, Belgika, Txekia... eta beste hainbat. Herrialdeei buruzko informazioa lortzeaz gain, hango produktuak dastatzeko aukera emango dute, eta horretarako dastatzeak antolatu dituzte.

Bihar bertan, Gipuzkoako sagardoa probatzeko aukera egongo da, baita Irantzuko ardoa, eta Poloniako vodka ere. Larunbatean, horietaz gain, Teruelgo urdaiazpikoa eta Nafarroako ardi latxa gazta probatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Belgikako mahaian, berriz, 10 bonboi kutxa zozkatuko dituzte bisitarien artean.

Igandean aurrera egingo du zaporeen bidaiak. Eta berriro ere hainbat produktu izango dira aukeran; tartean, Getariako txakolina eta Lituaniako garagardoa.

Gainera, tailerrak eta haurrentzako animazioak ere egongo dira asteburuan. Esaterako, Donostiako Kutxaguneak haurrentzat hainbat ekitaldi prestatu ditu. Erakusketa batzuk ere prestatu dituzte: Madrili buruz, Haitiri buruz...

Euskal Herriko informazioa

Guztientzako eskaintzak izango dira Sevaturren, krisia dela-eta herrialde asko ahalegin handia egiten ari baitira bidaien prezioak jaisteko.

Oporrak prestatu nahi dituztenek eta urrutira joateko asmoa dutenenek Lituania, Norvegia, Txekia, Israel, Kroazia, Polonia, Belgika, eta Egipto eta lurralde polarren mahaiak bisitatu beharko dituzte.

Baina Euskal Herrian bertan oporrak igaro nahi dutenentzat ere izango da informaziorik. Euskal Herriko postuak ere topatuko baititu bisitariak: Bizkaiko kostaldea; Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundiak; Gipuzkoako Sagardo Elkartea; Donostiako Kutxagunea; Donostia Turismoa; Nafarroa; Larrungo Trena; Leitzaran; Uxueko gozoak...



SEVATUR

Zer. Turismoaren azoka.

Non. Donostiako Kursaalean.

Noiz. Ostiraletik igandera, 10:30etik 20:30etara.

Sarrera. Hiru euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.